www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIRUGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

LAUGARREN AGINTEARI DAGOKANA

 

Azaltzen da, emazteak senarrari zor dion, onginaia, eta au gordetzeko egin bear duana.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Itzegin dizuet ume, ta mirabeak gurasoai zor diezan onraren gañean, eta aditzera eman ditut gai ontan gertatu oi diran bekatuak. Era berean aditzera eman ditut guraso, eta etxeetako buruen eginbideak, eta oen kontra egin oi dituen utsegiteak. Orain zerbait esan bear degu, emazteak senarrari zor dion onginaiaren gañean, eta aditzera eman bear da, onginai au gordetzeko zer egin bear dan. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        Munduaren asieratik ipiñi zuan Jaunak ezkontza. Etzan orduan Sakramentu gure legekoak diran bezala, baña altxa zuan oen mallara Jesu-Kristok, eta au ukatzea da herejia. Ezkonduen bizimodua gurutze txit astun, eta samiña da berez, eta burnizkoak dira onen kateak, S. Agustiñek dionez: Ferrea vincula Matrimonii; baña urrezko biurtuko dirala, dio, ezkonduak elkar, dagoten bezala, amatzen badue. Se ament, et aurea erunt. Onginai, ta amorio au aitutzen bada, ezkonduak biziko dira, zakurra, ta katua, elkarrekin loturik, biziko lirakean bezala. Orregatik zuk, emakume ezkondua, egin bear dezu zere aldetik alegiña, gizonari zor diozun, onginai, eta amorioa ongi gordetzeko, eta au ez egitera bizi zera bekatuan.

        Jauna, zer ote da bada nik onetarako egin bear dedana? Ara zer. Lenengo lekuan ezagutu bear dezu, gizona dala zure burua, batez ere etxeko gobernu, eta umeen aziera onari dagozten gauzetan. Egin zuan Jaunak emakumea gizonaren galzarbeko saietsezur batetik, eta onetan aditzera eman zuan, San Franzisko Salesek dionez, emakumeak egon bear duala gizonaren mendean: eta Jaunak berak Ebari esan zion Paradisutik bota zuanean: Janerazi diozu zuk Adani sagar debekatua? Bizi bearra zera bada gizonaren mendean: Sub viri potestate eris (Genes. 3). S. Paulok dio, emakume ezkonduak gauza guzietan egon bear duela beren gizonen mendean, Jesu-Kristoren mendean Eliza dagoan eran (Ad Ephes. 5).

        Zuk, emakume ezkondua, bigarren lekuan egin bear dezuna da arretarekin egitea emakumeari dagozkan gauzak. Emakumea egiteko denboran, esan zuan Jaunak: ez da ongi gizona onela egotea: egin degiogun bere antzeko lagun bat. Faciamus ei adjutorium simile sibi (Genes. 2). Beraz zuk, emakumea, lagundu bear diozu gizonari, arretarekin egiten dituzula zuri dagozkitzun gauzak, onetarako alabaña egin zinduan Jaunak. Emendik umeai, baldin badituzu, dotrina, ta Zerurako bidea erakutsi bear diezu al dezun eran, eta bidaldu bear dituzu ikasteko lekura. Baña au egin bearrean, asko aur ibiltzen omen dira batetik bestera, dotrinara, eta eskolara etorri gabe. Gañera gizonak, eta etxekoak bear duen gosari, bazkari eta aparia prestatu bear dezu. Eta nola au egingo du emazteak, ikasi ezpadu, nola ongi maneatu bear dan elzea? Ez ote dira zenbait emakume, senargai billa abiatzen, elzeari gatza ematen, artoa, ta ogia egiten ikasi baño len? Ez ote dira gizon asko mundu onetatik irteten, gusto oneko elze bat progatu gabe? Au gertatu ez dedin berriz ez lizake ezkontzeko deirik egin bear, ezpadakar neskatxak agiria, nola trebe dan artoa, ta ogia egiten, eta elzea maneatzen. Atzenean emakumeak etxeari, eta umeai ongi begiratu bear die gizalanetara joan gabe. Etxeetan izan oi da emakumeen diña lan, gizonen nekeetara joan gabe ere. Alaere aditzen det, badirala emakumeak, etxean egotea baño naiago duenak gizartean atxurrean, eta laian aritzea, utzirik aurrak zai gabe, ta gosari, edo bazkaria zakurren, eta katuen kontura. Eta erri andietara igarotzen bagera, arkituko dira asko emakume, zerbait baño geiago dirala uste duenak, beranduraño jaikitzen ez diranak, ergelkeria, eta txorakeri uts biurtuak daudenak. Oek dira gizonari laguntzeko Jaunak egiñak? Enzun itzazu, emakumea, andre indartsuari Espiritu Santuak ematen diozkan alabanzak, eta jakizu, andre indartsuaren izena ematen diola, ez gizalanetan dabillen emakumeari, baizik etxea, eta etxekoak ongi gobernatzen dituanari. Nork arkituko du andre indartsua? dio Espiritu Santuak: Mulierem fortem quis inveniet? Urrutietan baizik topatzen ez diran gauzen eran, balio txit andikoa da onelako andrea: Procul, et de ultimis finibus praetium ejus. Andre indartsuaren gizonak, etxea ornitzeko, etzuan ezeren billa ibilli bearrik, zeren prest zeukan emazteak guzia. Billatu zuan lana, eta lioa, eta bere eskuz iruin zuan gogotik. Jaikitzen zan eguna baño len: prestatzen zien mirabe, eta langilleai bear zuan janaria, baita neskameai ere beren langaia. Au guzia egin ondoan, ekiten zion ardatzari: Digiti ejus aprehenderunt fusum. Etzan onenbesterekin kontentatzen: artzen zuan argia, begiratzen zien etxeko baster guziai, eta ekusten zuan, non zegoan bakoitza; askotan alabaña gertatu da, gaueko illuntasunaz gazteak baliatzea gaiztakerietarako, etxeko buruen beldurrik ezpadue: Consideravit semitas domus quae. Laudagarriak dira doai oek, baña guzien koroa da Espiritu Santuak azkenean dakarrena, au da Jaunaren beldur Santua, Jaunaren beldur Santuan bizi dan andrea izango da, dio, laudagarria: Mulier timens Deum ipsa laudabitur (Prov. 31). Orra, nolako alabanzak ematen diozkan Espiritu Santuak etxea ongi gobernatzen duan andreari.

        Emakume ezkonduak irugarren lekuan egin bear duana da janzitzea bere mallari dagokan bezala, baña modestiarekin. Iru gisatara utsegin diteke gai onetan. Utsegin diteke benikbeñ baldin apaintzen bada bat duan adiñari ez dagokan eran. Nork farra egingo ez du, atsoturik, eta zimurturik dagoan emakume bat apaintzen bada, emezortzi urteko neskatxa baten eran? Utsegin diteke gañera, baldin emakume ezkondua, kanpora dijoanean, geiegi apaintzen bada: aditzera ematen du alabaña, goiak utsak daudela, eta ez dala kontentatzen bati bakarrik agradatzearekin. S. Franzisko Salesek dio, apaindu ditekeala emakume ezkondua, senarrak nai duan bezala, berarekin danean; baña senarra gabe irteten bada aldare nagusiaren eran apaindua zer esango due dakustenak? esango due, S. Franzisko Salesek dionez: noren begiai atsegin eman nai ote die urlia onek onenbeste edergarrirekin? Utsegin diteke atzenean alde onetatik, baldin emakume ezkondua etxean, eta etxe-inguruan badabill zikiña, eta goragalea emateko eran. Zoazte zenbait etxetara, eta ekusiko dezue, kanpoan añ eder, eta arro agertzen dan urlia dabillela burutsean, kolkoa salgai, mukia dariola. Zer gustorekin biziko da onelako andrearen gizona? Eta noren kulpa izango da, bestegana joaten bada? Orregatik, zu emakume ezkondua, izan zaite janzian garbia, txukuna, ez arroa; modestia da alabaña emakume baten apaindurarik ederrena.

        Emakume ezkonduak egin bear duan laugarren gauza da setaren griña ilduratzea, edo ezitzeko neurri egokiak artzea; bestela laster itzaliko da, ezkonduak elkarri zor dioen onginai, ta amorioa: ez da pakerik zurekin izango eta nork, eta nola igaroko du bere bizitza guzia zu bezalako ziraua bere aldean daukala? Enzun ezazu andre setatsuaz Espiritu Santuak diona: emakume setatsuarekin etxape batean bizi baño obe da, dio, estalirik ez duan edozeñ tokitan ere bakarrik bizitzea: Melius est sedere in angulo domatis, quam cum muliere litigiosa, et in domo communi (Prov. 21, et 25). Onelako emakumeak bizi oi dira bekatu larrian, eta konfesio gaiztoak egiten dituela, zeren setaren griña txarra ezitzeko saiatzen ez diran. Gizon batek zuan emazte txit setatsua. Egun batean ekarri zuan gizonak egazti bat, eta bere ustean zozoa zan. Emaztea asi zan kontra egiten, esaten ziola, etzala zozoa. Sortu zuen iskanbilla andia, eta emaztea geroago, eta geiago leiatzen zan, etzala zozoa. Aserratu zitzaion gizonari, alako eran, non eman zion zurra on bat, eta onela bukatu zan orduko auzia. Andik urte betera esan zon emazteak: gaur da urte bete, zurra galanta eman zeñidala zozoaren kontuagatik. Eranzun zion gizonak: Emakumea, utzi gidazu pakean; baña esan zion emazteak: zuk nai dezuna esazu, baña etzan iñolaere zozoa. Altxa zan gizona maitik, eta eman zion bigarren zurra, esaten ziola: auzi oek onela bukatzen dira.

        Emakume ezkonduak egin bear duan bostgarren gauza da iraren griña atzeratzeko, eta eskuratzeko alegiña egitea, bestela ez du iraungo ezkonzako Sakramentuak eskatzen duan onginai, ta amorioak. Onginai, ta amorio egiazkoa eramankorra da, dio S. Pablok: Caritas patiens est: ez da asaldatzen: non irritatur: beraz zuk emakume ezkondua, artu zenduan Sakramentuari dagokan, onginai, ta amorioa gorde nai badezu, alegiña egin bear dezu iraren griña atzeratzeko. Enzun ezazu zer dion Espiritu Santuak gai onetan: Ezta dio, sugearen buru baño gaiztoagorik, eta ez da emakumearen ira baño samiñ, eta garratzagorik: Non est ira super iram mulieris. Lenago egingo da bat leoi, eta dragoi batekin bizitzera, ezen ez emakume irakor eta gaiztoarekin: Commorari leoni, et draconi placebit, quam habitare cum muliere neguam (Eccle. 25)

        Atzenean, ezkonzako Sakramentuak eskatzen duan, onginai, ta amorioa gorde nai badezu, etzaitezela izan zelotia, eta ez sinistu erraz senarrarentzat gai oni dagokan gaiztakeriarik. Emakume zelotiak aditzera ematen du, ez diola bizilagunari amorio andirik, amorio andia duanak alabaña ez dio sinisterik ematen onelako gauzari, ezin bestean baizik: aditzera ematen du gañera, bizilagunari dion amorioa ez dala txit garbia. Ala esaten digu S. Franzisko Salesek. Oraiñ aditu dezuna egin nai ezpadezu, nork esan, zeñ gurutze samin, ta gogaikarria izango zeran, ala zeretzat, nola bizilagunarentzat? Gurutze samiña bai zeretzat: asko izango da gizona norbaitekin itzegiten egotea, auzora, edo norabait joatea; zu erkiturik egoteko. Ez dezu lo onik egingo; batzuetan zelatan ibilliko zera, eta besteetan egingo dituzu galde farragarriak. Eta gurutze añ samiña izango bazera zeretzat nolakoa izango zera gizonarentzat? Orain jarriko zera kopeta illun, eta zimurtuarekin; gero mutuaren irudia egiten dezula: gaur zaputz egingo dezu, bigar edozeñ gauza itzegingo dezu gizonaren, eta arekin itzegiten duen guzien kontra. Iru gauzak ikaraz betetzen due nere biotza, dio Eskritura Santak: oek dira batek bere erria saltzea, erritarrak altxatzea, eta norbaiti gauz itxusiren bat bidegabe egotzitzea. Eriotza bera baño ere astunagoak dira iru gauz oek: Super mortem omnia gravia. Baña bada laugarren bat are gaiztoagoa, eta da emakume zelotia. Onelako emakumea da: biotzeko miña, eta illuntasuna: Dolor cordis, et luctus mulier zelotypa: berekin darabil misto bat iñori ere barkatzen ez diona: Flagellum linguae monibus communicans (Eccle. 26). Asko degu.

        Ekusten dezu, emakume ezkondua, zer egin bear dezun, ezkonduak elkarri zor dioen onginai, eta amorioa gordetzeko? Ongi begira ezazu, nola, eta zenbat bider gai onetan utsegin dezun, eta zenbat bekatu egin, eta eragin dituzun: eska zaiozu Jaunari oraindañokoen barkazioa, eta aurrera bizi zaite zere bizilagunarekin pakean, eta Jaunaren beldur santuan, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa