www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI TA BATGARREN ITZALDI EDO PLATIKA

 

JAUNAREN LEGEKO ZAZPIGARREN,
ETA AMARGARREN AGINTEEN GAÑEAN

 

Ukitzen dira gertatu oi diran, lapurreta batzuek.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko itzaldi edo Platikan aditzera eman nuan, zer debekatzen, eta zer agintzen zakun Jaunaren legeko zazpigarren, eta amargarren Aginteetan. Gaur ukituko ditut Aginte oen kontra gertatu oi diran zenbait lapurreta. Asi gaitezen bertatik.

 

* * *

 

        1. Begira lagun urkoaren gauzetatik ezer ostu dezun? Gai andira igaro zeran, edo artarako asmoa zenduan. Au bekatu larria da, eta biurtu bear da ostu dana. Batzuek urteetan bizi dira lapurretan, beartusak dirala aitzakiatzat arturik, emendik artuko ditue artoburuak, andik balak; emendik azak, andik beste gauzaren batzuek. Onelakoak gaizki konfesatzen dira: oek ekin bear dioe lanari gogotik, eta au asko ezpada, irten bitez Jaunaren izenean eskatzera. Ez da au desonra, baña bai lapurreta, eta alperkeria.

        2. Begira, ostu ote diezun gurasoai, artoa, garia, edo dirua? zenbat, eta zertako?

        3. Begira, batean, eta bestean zorrak dauzkatzula, eta atera zintzakeala, bizitu zeran arretarik gabe? Au lapurretan bizitzea bezala da.

        4. Begira ordañaren aitzakian geratu ote dituzun, edo artu besteren ardia, bildotsa, olloa, edo arraultzak, zeregan esaten dezula, beste orrenbeste, eta geiago galdu zaku guri? eta nork orrek baizik eramango zuan? Atozea, eta orrenbesterekin besteren gauza artzen dezu? Biur zaiozu jabeari bere gauza.

        5. Begira, erriaren sisetan zer ekusirik daukazun? egin dezagun kontu urliari, edo sandiari zor zitzaiona besteri ematen zaiola? Au egin badezu, eman bear diozu zeretik artzeko dunari.

        6. Begira askori zegokan karga, zuzuen bakoitzari bota diozun? edo au egin bearrean, batari arindu, eta besteari egotzi diozun? Beartua zaude egindako kalteak desegitera.

        7. Begira, erriaren gauzetan izan dituzun nekeak kargatu diozkatzun, zere aua neurri dezula, eta begiratu gabe nork jaso bear zituan?

        8. Begira erriaren onari dagozkan gauzetan, mutuaren eran egon zeran, itzegiñ bear dana itzegiñ gabe, eta kalterik emendik etorri dan? Beiñ baño geiagotan gertatzen da au, naiz errietako, naiz Apaizen batzarretan ere; batzuetan kontra egiteko aurpegirik izan gabez, besteetan, zerren gauza oker joatean protxu izan lezakean batek. Gertatzen da onetan lepoan atzgura diran bi mandorekin ekusten dana. Saiatzen dira atzgura kentzera, baña eziñ iritsi dira lepora muturrarekin. Alderatzen zaizka elkarri: atzegiten dio batak besteari nai duan eran, eta arindurik beren nekea, asitzen dira pozez saltoka. Anziñako esaera da: mandoak atzegiten dio mandoari: Mulus mulum fricat.

        9. Begira, ume, eta mirabeai eragiñ dieztetzun lapurretaren batzuek, edo zuk agindu gabe egin dituenean, ontzat eman dituzun?

        10. Begira, ostutako gauzak gorde diozkatzun norbaiti? edo erosi, edo saldu dituzun?

        11. Begira, nagusi, edo etxekoandreari zerbait ostu diozun, eta gutxika gai andira igaro zeran?

        12. Begira zerbait saltzera bidaldu zaituenean, sisatu dezun saldu dezuna? Jauna, ez det bada sisatuko, jateko ezpadit ezer ematen etxeko andreak?

        13. Begira, ostu diozun nagusi, edo etxekoandreari zerbait, esaten dezula: Nere nekeak soldataz gañera balio du au baño askoz geiago. Gaizki egin dezu, eta onela gaizki eramana biurtu bear dezu. Jauna, etxe artara joan nintzanean, ez genduan siñalatu soldata. Atozea, eta ez dizu eman zure mallako mirabeai eman oi zatena? Bai Jauna, beenekoa bederik. Beraz ez dezu biderik ezer ostutzeko aitzaki oekin. Jauna, beste nere mallakoak baño nik lan geiago, eta obeto egiten det. Ez da ori-ere asko, nagusiari ezer ostutzeko; bearbada nagusiak usteko du soldata andiegia eman dizula, eta izan zitzakeala zu ez bezelakoak gutxiagoan. Jauna (ara irugurren apukoa) Jauna, siñalatu genduan soldata; baña txikia. Atozea, eta etziñan soldata orretan geratu? Zer zabiltza bada exezio oriekin? Galde bekio zure nagusiari, eta esango digu, urrikaltasunez artu zinduala: etzuala zure bearrik, eta nolanai etzizula bortxarik egin, zere naiez geratu ziñala. Ez bai oek kentzeko billa ezazu beste etxe bat, edo garbiro erabaki bedi bear dezun soldata. Ebanjelioko gurasoak eraman zituan goizetik langille batzuek, agintzen ziela saria, zenbatezkoarekin. Geroago eraman zituan beste batzuek. Bukatu zan lana; eman zien lenengoai beren saria, eta beste ainbeste eman zien azkenekoai ere. Lenengoetako bat, besteak baño lotsagabeagoa, asi zan erausian, zerren egun guzian lanean ariturik, berandu joan ziranai baño geiago eman etzitzaion. Nagusiak esan zion: adiskidea, ez dizut bidegaberik batere egiten, agindua emanda: arrezazu zurea, eta zoaz. Tolle quod tuum est, et vade. Begira zuk mirabe edo langillea, arretarekin egiten dituzun dagozkitzun lanak?

        14. Begira zuk, mirabea, etxean egin diran kalteren batzuek, eragotzi zintzakeala, eragozteko alegiñarik egin gabe, utzi dituzun? Batzuetan mirabea zabarkeri onegatik geratzen da beartua, kalte oek beretik zuzentzera. Asko degu gaurko.

        Egin beza bakoitzak alegiña, bere utsegiteak desegiteko, eta Jaunarekin ongi jartzeko. Bizi gaitezen Jaun beraren beldur Santuan, eta onela iritsiko degu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa