www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Jaunaren legeko irugarren agintearen gañean.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko aldian aditzera eman nituan bigarren agintearen kontra gertatu oi diran bekatuak, oraiñ itzegin bear det irugarren agintearen gañean. Aginte au da gure Jaun eta Jaungoikoari zor diogun onra emateko ipiñia, ez barrendik bakarrik, baita kanpotik ere. Baña nola au egiten ote zuan gizonak munduaren asieratik, Lege zarra Jaunak Israeldarrai eman artean? Au da lenengo lekuan ekusi bear deguna. Nola au bera egin bear ote zuan Lege zarraren denboran? au da bigarren lekuan ekusi bear deguna. Bi gauz oek ekusi ezkero, errazago adituko dezue aginte au, Apostolu Santuak, eta Eliz Ama Santak erakutsi diguen bezala. Enzun arretaz.

        Gure Jauna gauza guzien asiera, eta iturburua da, eta gu egin ginduan, bera ezagutzeko, amatzeko, eta berarekin batean Zeruan bizitzeko. Orregatik beragan sinistu, eta gure uste guzia ipiñi bear degu: eta amatu bear degu biotz guzitik, baña ez da asko biotzez au guzia egitea; gauza bearra da gañera kanpotik ere gure Jaun, gure Ongille, eta Aita maitagarria onratzea.

        Munduaren asieratik lenengo bi milla, eta bost eun urtean etzan izan letraz ezarritako lege eta Aginterik gai onetan; baña bazuan Adanek, eta beraren umeak ere bai fedearen argia, eta argi onekin ezagutzen zuen, onratu bear zuela beren Egille, eta Jaun ona. Batzuek uste izan due, munduaren asieratik markatu zuala Jaunak larunbata, edo zazpigarren eguna, beraren onran igarotzeko; egun onetan alabaña utzi zion Jaunak, Zeru-lurren, eta oetan arkitzen diran gauzen egiteari, eta eman zion egun oni bendizioa (Genes. 2); baña geienak erakusten due ez larunbata, ez beste egun jakiñik izan zala jaitzat autua, Jaunak bere amar aginteen Legea Israeltarrai eman zien artean. Orregatik Lege naturalean, esan nai det, letraz ezarritako legea Jaunak eman zuan artean, onak onratzen, eta adoratzen zuen Jauna beren jaieraren neurrian, eta jaiera onek adirazten, eta eskatzen zien eran, eta denboran.

        Zer gauza egiten ote zituen orduan anima onak, Jauna onratzeko? Asko gauza, eta oen artean erregu, edo otoiz umillak. Enos Adanen illoba, asi zan deitzen Jaunari, dio Eskritura Santak (Genes. 4), esan nai du, asi zala erakusten Jauna onratzeko modua. Henok ibilli zan Jaunarekin, au da bizitu zan Jaunaren borondatearen bideari jarraitzen ziola, eta añ jaiera andiarekin, non ezkutatu zuan Jaunak gizonen artetik, eta agertuko da Eliasekin batean Ante-Kristoaren kontra, eta erakutsiko die gizonai Zerurako bidea: geienak sinisten due, bizirik gordea daukala Jaunak. Jauna onratzeko anima onak egin oi zuen bigarren gauza zan beren ondasunetatik eskeintzea Jaun berari, biotz eskerdun batekin, eren doai, edo ofrendak, ez zeren oen bear zan, baizik zeren bera dan on guziaren emaillea, eta nai duan, artzalleak ontartea ezagutzea, eta aitortzea. Kain, eta Abel Adanen lenengo semeak ziran, Kain nekazaria, eta Abel arzaia. Kainek eskeñi ziozkan Jaunari bere doaiak, garia, frutak, eztia, matsak, baña dirudianez biotz zimurrarekin, txarrena, eta jaiera gutxirekin, eta etzitzaizkan agradatu Jaunari. Abelek eskeñi ziozkan Jaunari ganaduen lenbiziko ume gizenenak, eta aditzera eman zuan Jaunak agradatu zitzaizkala. Au guzia gertatu zan Kainek ere igerri zuan eran. Emendik etorri zan onen gorrotoa Abelen kontra, eta kendu zion bizitza. Job Santuagan ekusten degu sarritan eskeintzen ziozkala Jaunari doaiak, bere seme alabak bekaturen batean erori etzitezen. Anima onak Jauna onratzeko egin oi zuen irugarren gauza zan fede bizi batekin sinistea, leku guzietan arkitzen dala jauna, eta siniste onekin azkartzea obra onak egiteko, eta bekatutik aldegiteko. Zabiltza nere aurrean, ta zu izango zera ona, eta birtutetsua, esan zion Jaunak Abrahani, eta ala izan zan. Jose Patriarka Jakoben Semea, bere senideak ezin begi onez ekusi zuen, zeren Aitak besteai baño onginai geiago agertzen zion, eta saldu zuen Ejiptora, Aitak etziakiala. Añ zan eder, eta galaia, non ura ekusteagatik, leio, eta balkoietara irteten ziran damak. Joseren etxeko andreari gogoak eman zion, bear etzukean gauza bat egitea: egin zuan alegiña engañatzeko Jose, baña onek aienatu zuan beregandik, esaten ziola: Nola nik au egin dezaket nere Jaungoikoaren kontra? Atzenean iges egin zuan etxetik, utzirik kapa etxeko andrearen atzaparretan. Ekusten dezu, Kristaua, nola munduaren asieratik, letraz ezarritako lege gabe bizitu baziran ere, zeñ ederki onratu zuen anima onak Jauna? Oen artean izen andikoak izan ziran Abel, Henok, Noe, Job, Abrahan, Isaak, Jakob, Jph. Etzan orduan Elizarik; etzan jai egunik, etzan Mezarik, eta Sakramenturik. Alaere fede bizi batekin oroitzen ziran, nola begira zegoten Jauna leku guzietan, eta onratzen zuen esan dedan eran.

        Baña zer gertatu zan? Zabartuaz joan ziran gurasoak, Zerurako bidea umeai erakustean: eta Adanen umeak, elkarren leian bezala, asi ziran atsegin lotsagarrien ondoren; eta ainbesteraño itsutu ziran bekatuaren bideetan, non damutu zitzaion Jaunari gizona egin izateaz. Zikinkeri oetatik garbitzeko lurra, bidaldu zituan Jaunak mundu guzia estali zuen ujolak, eta Noe, ta bere etxekoak ez, beste guziak ito ziran, ala zarrak, nola gazteak, ala gizonak, nola emakumeak. Eun, eta ogei urtez lenago aditzera eman zuan Jaunak gertatuko zana, ezpaziran zentzatzen gizonak; baña zentzatu bearrean, iseka egiten zuen Noeren esanaz, eta beraren onzi, edo arka egiteaz. Noeren umeak ziran Jafet, Sem, eta Kam: eta oen ondorengo geienak aztu ziran Jainko egiazkoaz: erori ziran idolatrian, eta Jainkotzat onratu zituen eguzkia, izarrak, eta gogoak ematen zien edozeñ gauza; baña Sem zeritzan, Noeren semearen ondorengoen artean gorde zan Jainko egiazkoaren ezaguera. Abrahan, Isak, Jakob jatorri onetakoak ziran, eta txit birtutesuak, eta Jaunak agindu zuan, aen odoletik etorriko zala Munduaren Salbatzallea. Jakoben umeak denbora luzean bizitu ziran Ejipton katiberio gogorrean, eta Jainko egiazkoa ezagutzen etzuen jendeen artean: andik atera zituan Jaunak, mirari asko egiten zituala: eta len esan nuan bezala, Sinaiko menditik eman zien bere Legea, bi arrizko oletan letraz ezarria. Dakuskun orain, zer egin bear zan Lege zarraren denboran, Jauna onratzeko.

 

 

§ II.

 

        Lege au Jaunak eman zion artean, onratu bear zuan gizonak bere Jauna, eta onratu zuen anima onak esan degun eran; baña etzan onetarako ez egun ez modu siñalatu, edo markaturik; orregatik Jaunak Israeldarrai irugarren Agintean esan zien: oroi zaitezte larunbat eguna santifikatzeaz. Mementu, ut diem Sabbati sanctifices. «Sei egunetan bear egingo dezu, eta bukatuko dituzu zure lan guziak; baña zazpigarren egunean zure Jaun Jaungoikoaren larunbata da. Egun onetan ez dezu lanik batere egingo: ez zuk, ez zure seme, eta alabak: ez zure morroi, eta neskameak, ez zure astoak, ez eta, zure etxapean dagoan, arrotz, edo kanpokoak ere. Sei egunetan egin zituan alabaña Jaunak Zeru-lurrak, itsasoa, eta oetan arkitzen diran gauza guziak: eta zazpigarren egunean atseden zuan, au da, utzi zion lan egiteari: orregatik eman zion larunbat egunari bere bendizioa, eta santifikatu zuan».

        Zer egin bear ote zuan gizonak, Aginte au ongi gorde, eta Jauna onratzeko? Bi gauza: bata zan Jaunaren egun au santifikatzea, edo obra onetan igarotzea. Orregatik Juduak larunbatean biltzen ziran Sinagoan, edo eren batzarreetako etxean: egiten zituen beren erreguak, eta irakurtzen zan Eskritura Santa. Bigarren gauza zan lanean ez aritzea: eta au gordetzen zan ardura andiarekin: etzan larunbatean janik maneatzen, ez eta surik erazekitzen ere: etzan bidez ibilli bear, ezpazan txit laburra. Etzan gerra egin bear egun onetan: egia da etzala oitura au beti era batera gorde. Arkitu zuen gizon bat basoan egurra egiten: eraman zioen Moisesi, eman zegion zegokan kastigua. Moises etzan trebe izan berez gauza erabakitzeko: galdetu zion Jaunari, zer egingo zan gizon arekin, eta Jaunaren agintez bizia kendu zizaion arrika (Num. 15). Larunbataz gañera bazituen Israeldarrak beste festak ere, batzuek Jainkoak ipiñiak, nola ziran Pazkoa, Pentekostes, eta beste zenbait: beste batzuek zituen berak autu, eta ipiñiak, baña larunbata zan guzien artean estuena. Egun onetan ezin lanik egingo zuen ez umeak, ez morroi, ta neskameak, ez eta abereak ere. Au guzia agindu zien Jaunak Israeldarrai, beren gogo, eta biotza ipiñi zezeen, ez emengo arazoetan, baizik Jaunagan. Etzuan Jaunak nai, alperkerian egotea gizona, orregatik dio: sei egunetan bear egingo dezu, eta bukatuko dituzu zure lan guziak: baña nai zuan, eta nai du, zenbait denbora artzea Jauna onratzeko, utzirik emengo kezka, lan, eta arazoak.

        Orra, Kristaua, gure Salbatzalle Jesus ona etorri zan bitartean, nola anima onak onratu izan zuen Jauna. Lege naturalean, esan nai det, letraz ezarritako legerik bage mundua bizitu zan bitartean, etzan egun, eta denbora markaturik Jauna onratzeko, eta bakoitzak bere jaieraren neurrian egiten ziozkan bere erregu umillak, ematen ziozkan eskerrak, eta eskeintzen ziozkan bere doaiak. Okertu ziran Adanen umeak: aztu ziren Jainko egiazkoaz, eta bakoitzak bere gisara egin nai zuan Jainko berri bat. Jakoben umeak ziran Jainkoak autuak Munduari Salbatzallea emateko, eta oek arkitzen ziran, len askotan esan dizuedan bezala, Ejipton: atera zituan andik, eta erakutsi zien letraz ezarritako legearekin zer, eta zer egunetan egin bear zuen Jauna onratzeko. Arrigarria da Jaunak agertu duan guganako onginai ta amorioa: ez gaitezen izan oraindaño bezala eskergabeak: onratu dezagun biotz osoz gure Egille, gure Aita, ta Ongille maitagarria, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa