www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMALAUGARREN ERAKUSALDIA

 

Begiratzen da arretarekin, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, eta eragillearekin konfesatzen ote geran.

 

        Konfesio on bat egiteko bear dan irugarren gauza da, bizitza ontzeko, edo aurrera bekaturik ez egiteko asmoa. Iru doai eskatzen ditu asmo onek. Lenengoa da osoa, edo biotz guzitik jayoa izatea. Asmo au duanak beregan erabakitzen du benaz aurrera bekaturik ez egitea ezergatik, ez eriotzagatik, ez bizitzagatik. Bigarren doaia da bekatu guzietara, larri, edo mortaletara beintzat zabaltzen dana izatea. Irugarrena eragillea izatea. Asmo eragillearen izenez aditzen da asmo bat, bekataria esnatzen, eta azkartzen duana bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko neurri egokiak artzera. Neurri oek ukitu nituan azkeneko Erakusaldian. Neurri oek dira agiria bezala, igerritzeko, bekataria asmo oso, eta eragillearekin konfesatu dan, edo ez. Orregatik neurri oei begiratuaz, ekusi bear degu gaur, nere Kristaua, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko, asmo oso, eta eragillearekin konfesatzen ote geran. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Zuk, Kristaua, esaten diozu Konfesariari, baita Jaungoikoari berari ere, arkitzen zerala bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoarekin. Ongi: baña asmo au ez da begiz ekusten, eta izan diteke benazkoa, eta izan diteke iduripen utsa. Nai dezu jakiñ, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko zure asmoa osoa eta eragillea izan dan, edo ez? Asko dezu onetarako ongi begiratzea, asmo onek eskatzen dituan neurriai. Atoz bada oei begiraldi bat ematera.

        Neurri oen artean lenengoa da bekaturako bide, eta perill urkoak beti-betiko utzitzea. Eztago bizitza ontzeko asmo osorik, neurri au artu ditekeala, artzen ezpada. Orregatik Teologoak erakusten due S. Karlos Borromeorekin bekaturako bide, eta perill urkoak utzi bear dirala absoluzioa baño len, gutxitan gertatzen dan estutasunen bat gertatzen ezpada: eta Espiritu Santuak esaten digu: perilla nai duana perillean bukatuko da (Ecclesiastici 3). Zuretzat, nere Kristaua, bekaturako bide; eta perill urkoa izan da etxean, edo auzoan dezun urlia ori: era berean arako etxe artara joatea, edo zauden tokian bizitzea, eta orrako lagun zentzugabe oriekin ibiltzea. Zuretzat bekaturako bide, eta perill urkoa izan da, ezkontzaren uste, edo usayari zarraizkala, ergelkerian ibiltzea. Atozea, eta utzi dituzu perill oek? Jauna, ez det izan biotzik osotoro uzteko: beraz zure negarrak, zure asmo, eta itzak iduripen uts biurtu dira.

        Bigarren neurria da lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen izketa, eta modu gaizto guziak betiko utzitzea. Onelako. bekataria da animen erallea, eta Jesusek bere bizitzaren kostuz erosi zituan animak ipintzen ditu Satanasen atzaparretan. Orregatik dio Jesusek: zori gaiztokoa dala onelako bekataria: Vae homini illi per quem scandalum venit (Math. 18). Onelako bekataria beartua dago bi gauzatara. Lenengoa da, bekaturako bidea ematen duen izketa, eta modu itsusiak utzitzea: eta emanik len beñ, eta berriz itza, uzteko modu oek, utzi ezpaditu, absoluzioa artu baño len egiñ beardu agindu zuana. Bigarrena da, alegiñean desegitea animetan egiñ dituan kalteak. Kalte oek deadar egiten due Jaunaren aurrean; eta alegiñean desegiñ bear ditu bekatariak, eta ez da erraz; zeren eztaki noraño iritsi, eta iritsiko diran kalteak. Demagun, eman diela bekaturako bidea amar, edo ogei laguni. Ogi oek euni, eunak millari, eta millak eun millari: eta oek ere zabalduaz dijoaz bekatuaren sua: orregatik bekaturako bidea ematen duanak, eztaki norañoko kalteak egiñ, ta egingo dituan animetan. Gañera, bearbada anima oetatik asko il ziran, eta arkitzen dira infernuan. Nola bada desegingo ditu kalte oek? Ez du onetarako beste biderik, ezpada bizitz on batekin Zerurako irabaztea al duan adiña anima. Au da Dabidek artu zuan bidea. Bere bekatuarekin ipiñi zituan esanmesa andiak: biurtu zan Jaunagana, eta egindako kalteak desegiteko, Jauna esaten zion Jaungoikoari: erakutsiko diet gaiztoai zure Lege Santa, eta biurtuko dira zugana: Docebo iniquos vias tuas, et impij ad te convertentur. Zuk bekataria, asko bider eman diezu lagun urkoai bekaturako bidea, batzuetan itz loi desonestoakin, besteetan keñada lotsagarriakin; batzuetan aen gogoko berri jakin nayez, besteetan, gazte jakinezai erakusten diezula bekaturako modua. Nork esan, noraño igaroko ziran animetako kalteak? eta nork ezagutu, noraño zabalduko diran kalte oek? Bearbada asko zure erakuste gaiztoakin amildu dira betiko su, eta garren artera, eta deadarka daude zure kontra. Beartua zeunden, eta zaude utzitzera betiko, lagun urkoari bekaturako bidea ematen dioen izketa, eta modu gaiztoak: beartua zaude, egiñ dituzun kalteak desegitera, bizitz on batekin bederik. Baña egiñ dezu au? Ez noazki. Beraz, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko zure asmoak ez dira izan iduri utsa besterik.

        Irugarren neurria da, lagun urkoari bere onran, izen onean, edo beste ondasunetan egindako kalteak desegitea, eta gauza bere jabeari biurtzea lenbaitlen. Añ gauza bearra da au, non S. Karlos Borromeok dionez, etzayo bekatariari absoluziorik eman bear, kalte oek desegin, eta gauza bere jabeari biurtu artean, baldin len agindu bazitzayon au, eta egiñ ezpadu zabarkeriaz. Zuk, Kristaua, lagun urkoari kalte egiñ diozu bere onran, aurpegira ematen diozkatzula utsegiteren batzuek, edo bereak, edo aurrekoenak: kalte egiñ diozu gañera bere izen onean, edo faman, ez dituan tatxak egotziaz, dituanak aziaz, eta barreatugabe zeudenak agertuaz. Zu izan zera lagun urkoarentzat añ prestuez, eta madarikatua, non eragiñ zeñion bekatua, gauz anditzat zere lagunai esan izan diezun: gutxi zan anima galeraztea; kendu diozu era onetan bere izen ona, edo fama: Zuk egiñ diozkatzu kalteak lagun urkoari neurrian, pisuan, prezioan, eta eman bear zenduan edariaren lekuan saldu dezu erdia uura, edo sagardoa: zuk kezka andigabe egiñ dituzu zorrak leku askotan: ala nai izatera, ken zintzakean zor oek, edo guziak, edo geyenak; baño ez dezu arretarik ipiñi nai izan. Beartua zaude kalteak, eta tranpak desegitera, eta zorrai erantzutera, ez nolanai, baizik absoluzioa artu baño len gauzak zuzentzen dituzula al dezun eran. Diot au, zeren geroko uzten badira, etzera azkartuko bear dana egiteko. Baña oraindañoko zure asmoak nolakoak izango ziran? Ez asmo oso, eta eragilleak, zeren esnatu etzeran kalte, eta tranpak desegiteko, zorrai alegiñean erantzuteko, zere artu-emanak garbitzeko, eta lagun urkoarekin naspillarik ez izateko.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko laugarren neurria da, bekaturen batean erortzeko oitura izan bada, au eskuratzeko, eta garaitzeko benaz sayatzea. Miñanze au perill andikoa da, eta ezpadio bekatariak benaz ekiten oitura gaiztoa uzteko moduari, ez da sendatuko. Ala gertatzen da birauak egiteko, alperkeriarako, edanerako, itz loi desonestoak esateko, keñada lotsagarriak egiteko oitura zarra duenakin. Orregatik esan zuan Jeremiasek: Etiopiako beltzak bere larrua aldatzen, eta katamotzak bere mantxak, edo nabardurak uzten dituanean, onduko zerate zuek ere, gaiztakeriara oitutzen bazerate (cap. 13). Aditzera eman nai digu txit nekez uzten dirala oitura gaiztoak. Alaere garaitu ditzake bekatariak, sayatzen bada benaz, eta leyalki egiten baditu Konfesoreak agintzen diozkan gauzak. Atozea, bekataria: era onetan sayatu zera? Artu dituzu arretarekin Konfesoreak agindu dizkitzun sendagayak? Ez, Jauna: beraz zure asmoak ez dira izan oso, eta eragilleak, baizik iduripen utsak. Gazteak, begira oitura gaiztoetan ez erortzearekin, batezere edanerako, alperkeria, eta itz desonestoak esateko oituran. Erraz artzen dira oitura gaiztoak, baña nekez uzten dira, edo beñere ez: gazteak, gazte denboran artzen duan bidea ezoi du utzi zartzen danean ere, dio Espiritu Santuak: Adolescens juxta viam suam; etiam cum senuerit, non recedet ab ea (Prov. 22). Irristadaren bat gertatzen bazatzue, altxa zaitezte lenbait len Konfesioko Sakramentuarekin; onela ez da sortuko bekaturako oitura.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko bostgarren neurria da bakoitzak bere estadu, bizimodu, eta karguari dagozkan, egin-bideai ongi begiratzea, eta erantzuteko ardura ona artzea. Au egiten ezpada, ez du bekatariak bizitza ontzeko asmo oso, eta eragillerik, gañerako mandamentuetan utsegiterik ezpalu ere. Eta omen, emen dago guraso, eta errietako kargudun askoren betiko galera.

        Bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko seigarren neurria da ez gerengan, bazik Jaunaren lagunz, eta grazian ipintzea gure uste, edo esperanza, eta grazia au billatzea Jaunari umilki eskatuaz, sarritan Sakramentuak artuaz, Birjiña txit Santa bitarteko ipiñiaz. Begira, gazteak, ez utzi goiz-arratsetako jayera, eta Sakramentuak prestaera onarekin eta sarritan artzea: bestela zuen adiña txit erraz kolokatzen da gaitzeronz, eta amilka dijoa bekatuaren bideetan.

        Orra, Kristaua, bizitza ontzeko, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo oso, eta eragilleak eskatzen dituan neurriak, eta emendik erraz ezagutu dezakegu, nolako asmoarekin konfesatu izan geran. Ezaguera onekiñ zuzen ditzakun oraindañoko utsegiteak, eta aurrera bizi gaitezen Jaunaren beldur Santuan, onela iristeko betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa