www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMAIKAGARREN ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Azaltzen dira, guraso, eta etxeetako buruak ume, ta mirabeai begiratzeko, dituen egin-bideak.

 

ALABATUA ETC.

 

Clama etc.

Otsegizu etc.

 

        Azkeneko itzaldian ukitu nituan, umeak, morroi, eta neskameak laugarren agintearen kontra egin oi dituen, bekatuak. Bekatu oetatik asko etorri oi dira guraso, eta etxeetako buruen zabarkeritik: eta beragatik gauz egokia izango dala deritzat itzegitea oraiñ, oek ume, eta mirabeai begiratzeko dituen, egin-bideen gañean. Asitzera noa, eta enzun, gurasoak, arretarekin.

 

* * *

 

        Gurasoa beartua arkitzen da asko gauzatara, umeai zor zaten ardurari eranzungo badio, eta lenengo lekuan beartua dago, aurraren bizitzari begiratzera sortzen danetik. Egia au ezagutzeko, ez da neke andiren bearrik: asko da onetarako basoko piztiak, eta edozeñ aberek egiten duenari begiratzea. Alaere asko gisatara utsegiten omen due zenbait gurasok egin-bide onen kontra, urrengo itzaldian ekusiko degun eran.

        Beartua arkitzen da gurasoa bigarren lekuan, bizitzeko bear diran gauzak zure umeari ematera, nola diran jana, edana, janzia, sendagaiak: eta au bera zor zate gutxi gora bera mirabeai ere. Begira zaiozu olla-kolka bati, nola bazkatzen dituan bere txitak. Goizean goiz irteten da bere oekin bazka billa, eta ozta zerbait arkitzen du, dala arra, dala txitxarea, edo beste gauzaren bat, deitzen die berez dakian izkuntzan, eta ematen die, eta gero gordetzen ditu egopean, otz egiten badu. Au onela izan, eta alaere arkituko dira gurasoen izena duenak, eta eren umeen janaz, edanaz, janziaz ardurarik gabe bizi diranak? Batzuek alperkeriari ederretsirik, ez due lanerako biotzik, eta bizi dira bekatuan. Beste batzuek nekatzen dira, baña irabazten duena ondatzen due edanean, jokoan, edo beste ongi ez diran gauzetan. Bebil emaztea arrastaka batetik bestera, umeenzat bear danaren billan: beude umeak negarrez goseak igaroak, gurasoa ez da estutzen, eta aste batean, edo urte onetan dana izango da bestean, eta ill arte guzian. Ai! ta zori gaiztokoak onelako gurasoak! Zori gaiztokoak berentzat, eta zori gaiztokoak umeentzat, eta errientzat!

        Eta zer esango det, eren gaiztakeria estali naiez aurra emen, edo an bota, eta aren kezkarik gabe, geratzen diran gurasoaz? Demagun, gertatzen danari saiets guzietatik begiraturik, bai dala biderik asko aurra ixilik ipintzeko borten etxean, edo bestela errien kontura; eta gurasoak baduela, zerekin gastuak irozo, edo beintzat arindu. Demagun gañera, onelako aurrak idukitzeko, eta gobernatzeko zeuden errent, eta ondasunak ez dirala asko adiña onetarako. Nola gurasoak utzi dezake aurra, berea ezpalu bezala, borten etxean; edo errien kotura, ezpada oetan zerekin irozo onelako aurren iñutzak, eta azierak eskatzen duana? Jakizue bada, dioenez, leku batzuetan ainbesteraño itsutu dirala aragiaren atsegin lizunetara, non borten karga ezin irozo duen erriak. Begira gurasoak: len ezezik berriz ere neke andiak gure gañera etorriko dira, umeen aziera onaz aztutzen bazerate: mutil zentzugabez, eta emakume txorazkaz bete da mundua, eta Jaunaren aserrea gure gañera dator, garai onean zentzatzen ezpagera.

        Beartua dago gurasoa irugarren lekuan, aurrari, adiñ egokiera datorrenean, bizitza ateratzeko modu egokia erakustera, aditzen da au bakoitzaren mallari ongi dagokan eran. Ez da lurrean, eta ez da airean piztiarik, egia au gurasoai erakusten ez dienik. Esan det bakoitzaren mallari dagokan eran. Goimallan arkitzen diranak, jakiundearen eskoletara bidaldu oi ditue semeak, eta gero batzuek dira gerrari, besteak Apaiz. Alabak, gogorik badue, izango ditue erak Erlijioan beren buruak goardatzeko; baña ezpadue biotzik onetarako, bizi ditezke beren etxeetan Jaunaren beldur Santuan, ezkontzen diranaz osteronzekoak. Beste malletan arkitzen diran gurasoak erakutsi bear dieza umeai dagoten modutxo bat bizitza ateratzeko, dala nekazaritza, dala arotzia, argintza, edo beste lankintza egokiren bat. Gauz oek guziak erri bakoitzean dira premiazkoak, eta onragarria da ongi egiten dituana. Bakar bakarrik dira desonragarriak, alperrak, lapurrak, besterenarekin eraz bizi nai duenak, eta bizitza gaiztokoak. Badira Españan lege ederrak erriak garbitzeko onelako izurritik baña zer egiten degu lege onak izatearekin, ezpadue errietako buruak egiten legean agintzen dana? Debekatua dago suertezko joko guzia: debekatuak daude trabesak: debekatua dago legeak diona baño geiago jokoan ipintzea. Debekatua dago geroko jokatzea. Debekatua dago dirua ez beste gauzarik jokatzea. Debekatua dago langilleak, eta alogeran bizi diranak astegunetan jokoan aritzea goizeko seietatik amabien, eta arratsaldeko ordu bietatik arratseko zorzien bitartean. Debekatua dago atzenean jokoan aritzea edaria saltzen dan lekuan, eta jokalariai etxeetan leku ematea ere bai. Alaere nola ote daude erriak gaurko egunean? Nik gutxi dakit, baña berriak dira txarrak, eta sarritan aditzen degu alperrez, eta gaiztagiñez beteak daudela toki guziak. Nondik dator au? Dator, zeren gurasoak etzuen beren aldetik egin alegiña umeai erakusteko, bizitza ateratzeko modu ona. Bi gauza emen gogoan arritzatzu, gurasoa. Lenengoa: eskolara aurrak bidaltzea, ikasi dezeen irakurten, eskribitzen, eta kontuak ateratzen. Au egin gabez, ez dira gero aurreratzen, artzen duen, lankintzan bear bezala. Bigarrena, artzen duen lankintza, dala argintza edo arotzia, dala arotzia, ikasi bear due ongi, bestela ez ditu iñork gogoz lanera deituko. Baña zer gertatzen da? Zerbait ikasten duenean, uste due nagusia aberasten dala aen nekearekin, eta beren lankintzan asko ikasi lezakeen denboran iges egiten due nagusiagandik, eta geratzen dira langille moldakabeak, eta erakuslea aldean bear duenak. Orra zer datorren lankintza ongi ez ikastetik.

        Beartua dago gurasoa laugarren lekuan, umeai, al duan eran, laguntzera estadua artu nai duenean, eta onetarako begiratu bear dio arretaz etxeari, eta era badu aurreratu bear ditu, kutiziaren ezkabidetik aldegiten duala, bere ondasunak; au ez egitera, ez du izango zerekn lagundu umeai, estadua artu nai duenean. Asko ote dira gurasoen artean egin-bide onez oroitzen diranak? Izan litezke, baña ez dira izango gutxi duena, eta ez duena txoraketan, alfekerian, eta emendik datozen ondorenetan ondatzen duenak.

        Oraindañoko egin-bide oek umeen bizitzari gorputzaren aldetik begiratzen dioe. Oraiñ ukitu bear ditugu animari dagozkanak. Beartua dago gurasoa bostgarren lekuan, aurrari garai onean bataioa emateko, arreta egitera. Ez oi da izan gai onetan zabarkeri andirik; alaere gogoan arritzatzu, Kristaua, bi gauz oek. Lenengoa, aurgite gaiztoa danean, aurrari bataio emateko, deitu ezazue, nola au egin ongi dakiana. Gertatu da bein baño geiagotan aurra bataio gabe iltzea, zeren bataioa ongi ematen ziakianik deitu etzan. Bigarrena, au bera aditu bear da, gauzak ixilik egin bear diranean ere.

        Beartua dago gurasoa seigarren lekuan, ume, eta mirabeai ere dotrina, eta Zerurako bidea erakustera, eta onetarako biderik errazena da eskolara bidaltzea aurrak. Jauna, Elizatik urruti arkitzen da gure etxea: ongi; eta urruti bizi dana Zerura joan diteke, arako bidea ikasi gabe? Ez Jauna esango didazu. Beraz gauza bearra, eta premiazkoa da zuk umeai erakustea dotrina, eta Zerurako bidea, dala eskolara bidalduaz, dala bestela. Negar egin liteke, ekusirik, zenbat aur diran errian eskolara etorri bear lukeenak, eta zeñ gutxi diran datozenak. Gurasoak, gurasoak, zer da au? fedegabeak baño gaiztoagoak zeratela, dio S. Paulok: est infideli deterior: eta ez dago Zerurako biderik, oraindañoko zabarkeriaren damuarekin aurrera ume, ta mirabeai Zerurako bidea erakusteko ardura obea ezpadezue.

        Beartua dago gurasoa zazpigarren lekuan ume, eta mirabeai Zerurako bidea erakustera, ez itzez bakarrik, bai ta obraz ere, edo bere bizitza onarekin; bestela gerta liteke txangurruari bere umeakin gertatua. Txangurrua da arrai txiki itsusi bat, zearka baizik ez dabillena. Asi zan beñ umeai erakusten, nola ibilli bear zuen, eta esaten zien: nere umetxoak, zabiltzate, ez zearka, baizik zuzen. Erantzun zioen umeak: zoaz bada, ama, aurretik, eta jarraituko dizugu. Au bera eranzungo dioe umeak gurasoari, erakusten ezpadie obraz Zerurako bidea. Baldin gurasoa biraugillea bada: Jaunaren itzagandik igesi badabill, eta urtean beñ gogoaren kontra konfesatzen bada: baldin ordu onean etxeratzen ezpada, eta bere itzetan, eta moduetan nazkagarria bada, nola erakutsiko die onek umeai Zerurako bidea? Zer eranzungo dioe umeak, itzez zerbait erakusten asitzen bada?

        Beartua dago gurasoa zortzigarren lekuan, ume, eta mirabeai eragoztera bekaturako bide, eta perilletan ibiltzea, nola dan arratsetan berandu etxeratzea, batez ere emakumeak; lagun gaiztoakin biltzea, neskatx ta mutillen batzarreak diran etxeetara joatea, ezkontzeko itzak emanik daudenak elkarrekin bakarrik egotea. Baldin gurasoak eragozten ezpadie gazteai onelako perilletan ibiltzea, eta jartzea, bere gañean ditu, ume, eta mirabeak zabarkeri onegatik egingo dituen, bekatuak.

        Beartua dago atzenean gurasoa, ume, eta mirabeai, gauza gaiztoren bat egiten duenean, bear dan ateleka, edo kastigua ematera. Ez da asko gurasoa bera gaiztoa ez izatea, Zerurako; baizik kastigatu bear ditu ume, ta mirabeen bekatuak. Heli Lege zarreko Aita Santua, bere doai, eta bizitzari bakarrik begiratuta, zan gizon on bat, baña zergatik etzuan biotzik izan, kastigatzeko bere bi seme arro, kendu zion Jaunak bizia. Baña begira, gurasoa: umeak, gaztetxoak diranean, obeto eskuratzen dira beldurrarekin : zigorrak, eta atelekak zentzatzen ditu, dio Espiritu Santuak: Virga, atque correptio tribuit sapientiam (Prov. 29). Baña aziak diranean, atelekatu bear dira modu onarekin, eta denbora egokian; bestela gerta liteke S. Paulok diona, edo umeak gogaiturik geratzea (Ad Ephes. 6, et ad colos. 3).

        Orra gurasoa, nolakoak diran ume, ta mirabeai begiratzeko zere gañean dauzkatzun egin-bideak. Andiak dira guziak, eta asko. Esna zaite orain bederik, eta Jaunaren laguntzarekin egizu alegiña egin-bide oei ongi eranzuteko, eta Jaun berak emago dizu zure nekearen saria, edo betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa