www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

OGEI, TA BATGARREN ERAKUSALDIA

 

Konfesio onak eskatzen duan, bostgarren gauzaren gañean.

 

        Konfesio ona egiteko bear diran, lenengo lau gauzen gañean luzaro itz egindet. Goazen orain bostgarrenaren gañean zerbait esatera, au da satisfakzioa, edo konfesoreak emandako penitenzia leyalki egitea. Gaur aditzera emango det, lenengo lekuan, zeñ gauza bearra dan Zerurako gure bekatuai dagoten penitenzia egitea. Urrena nola au egia dezakegun erraz. Enzun arretarekin, Kristaua.

 

 

§ I.

 

        Guk bekatuari biotzean leku eman diogun bakoitzean, utzi degu gure Jauna, eta biurtu gera emengo iduripen, eta zorakerietara: eta bidegabe guziz itsusia da Jaunari era onetan egiten dioguna. Jakizu, eta ekusi ezazu, gauza gaizto, eta samiña dala zuk zure Jaun, eta Jaungoikoa utzi izan dezun eran utzitzea, esaten digu Jeremiasek. Scito, et vide: quia malum et amarum est reliquisse te Dominum Deum tuum (cap. 2). Jaunari bekatuarekin egiten diogun bidegabe oni deritza obena, edo kulpa, eta barkatzen du onezko damu, edo kontrizio osoarekin.

        Ozta bekatariak bekatu larri, edo mortalari leku ematen dio bere biotzean, galtzen du Jaunaren grazia, eta adiskidetasuna, eta geratzen da Zerutik erbestetua betiko. Ez da zori onekoen erri doatsu artan sartuko bekatuz loitua dagoanik, dio S. Juanek (Apoc. 21). Pena au barkatzen dio Jaunak bekatariari konfesio ona egiten duan unean bertan, artzen du bere seme, eta adiskidetzat, eta berriro egiten du Zeruaren jabegai.

        Bekatu larri, edo mortala egiten duanak, Zerutik erbestetua geratzeaz gañera, irabazten ditu betiko su, eta garrak, eta an egon bearra da betikotasun guzian. Au da egia bat gure fede Santak erakusten, eta Katoliko guziok sinisten deguna. Biur bedi bekataria bere Jaunagana konfesio onarekin, eta añ da ona gure Jauna, non barkatuko diozkan betiko neke guziak. Gerta diteke biurtzea bekataria Jaunagana biotz añ prestu, eta damu añ andiarekin, non iritsi lezakean bekatuari, dagokan pena guziaren barkazioa. Ala uste degu iritsi zuala S. Pedrok, eta Santa Maria Magdalenak. Baña bekatari gutxi izango dira damu añ andiarekin Jaunagana biurtzen diranak. Orregatik barkatzen dio Jaunak ongi konfesatzen dan bekatariari betiko pena, eta aldatzen dio edo emen, edo purgatorioan igaro bearko dituan neke, eta penetan; baña neke, eta pena oek ez dira betikoak, baizik denboraz bukatuko diranak. Ala sinisten due Katoliko guziak. Egiten du onetan Jaunak, Munduko Erregeak eriotzaren pena irabazi duenen batzuekin iñoiz egin oi duena, au da barkatzea eriotzaren pena, eta urte batzuetarako bidaltzea gazteluren batera. Neke eta pena oek neurtzen ditu Jaunak bekatuen itsustasunari, eta bekatariaren damu, eta negarrai ongi begiraturik. Adanek autsi zuan Jaunaren Agintea, sagar debekatua jaten zuala. Biurtu zan Jaunagana, eta barkatu zion egin zion bidegabea, baita betiko su, eta garren artean egon bearra ere; baña igaro bear izan zituan bederatzi eun, eta ogei, ta amar urteko neke, eta naigabe andi, eta luzeak. Dabidi ere barkatu zion Jaunak bere bekatu itsusia, baña ondoren ekusi zituan neke, eta pena txit samiñak. Dionisio Kartujarrak, eta Beda Beneragarriak dioe, zenbait bekatari bidaldu dituala Jaunak Purgatoriora azken-kontuetako egun andiraño. Eta eskribitzen da, pena au bera eman ziola Aita Santu Inozenzio irugarrenari, Elizaren onagatik neke andiak igaro zituan Aita Santua izan bazan ere. Zer geyago? S. Bizente Ferrerrek, esaten du, anima bati Jaunak eman ziola urte beteko Purgatorioa bekatu benial bategatik. Emendik erraz igerri dezakegu, nolako bekatuen zorrarekin egongo geran Jaunaren aurrean, bekatu larri, edo mortalen barkazioa konfesio onarekin iritsi arren. Alde batetik, zeren gutxi diran, bekatu barkatuai dagozten, emengo nekeak barkatzeko diña damutzen diranak, eta beste aldetik zeren bekatu benialen damu egiazkoa sortzeko arretarik ez duen ipintzen Kristaurik geyenak, eta nola egunetik egunera aziaz dijoan oen pilla, nork esan, norañokoa izango dan oei dagoten pena? Beldur naiz, Kristau asko egon bearrak dirala Purgatorioan azkeneko kontuen egun andiraño. Bekatuen kutsu, erdoi, edo zor oek ateragabe ez dago Zeruan sartzerik, gure fede Santak erakusten digun bezala. Orregatik gauza guziz bearra da Zerurako, gure bekatuai dagoten penitenzia egitea.

        Egia au bera beste alde batetik ere ezagutu dezakegu. Bekataria, Adanen umea bezala, gaitzerako makurtua dago; eta gaitzari jarraituaz geratzen da onerako nagia, narra; eta gaitzerako zaletua, eta gose andi batekin. Konfesio onarekin barkatzen zaizka bekatuak: baña etzayo kentzen osotoro gaitzerako gose, eta amorrua. Gañera bekatuaren bideetan dabillenak, dabillen lekuetan prestatzen ditu gaiztakerietarako sareak, egiten ditu adiskide, ta lagun bere anzekoak: eta Zerura nai badu, ukatu bear ditu bere griña, eta gura txarrak, eta aldegin bear du lagun, eta adiskide gaiztoetatik, eta onetarako artu bear ditu sendagai egokiak, aurrera erori ez dedin bekatuan. Orregatik bi penitenzi mota eman oi ditu Elizak. Bata da, egindako bekatuen zorrai erantzuteko ipintzen dana, eta oni deitzen zayo kittagarria, zeren dan bekataria Jaunarekin kitto gera dedin. Onelako penitenziak izan oi dira Aldareak bisitatzea, Errosario batzuek esatea, induljenziak irabaztea. Beste penitenzia da, bekatuaren zauriak sendatzeko, oitura gaiztoak desegiteko, eta aurrera bekaturik ez egiteko ipintzen dana, eta deitzen zayo sendagarria. Onelako penitenziak dira: goiz arratsetako jayera onenbeste denboran egitea, egun oro S. Ignazioren liburutik zerbait irakurtzea, illean beñ onenbeste denboran konfesatzea, eta beste oen anzeko asko. Sendagarri egokiak artzen ezpadira alabaña amilka joango da bekataria bere gura, eta oitura gaiztoak nai duen bidetik. Orregatik penitenzia mota oek, edo sendagarriak, beti ipintzen dira, bekatariak induljenzia, eta jubileoren bat irabazteko era, eta asmoa balu ere, zeren induljenzia, edo barkazioak kentzen due leneko bekatuen zorra, edo guzia, edo zerbait, baña ez oitura gaiztoak, eta bekaturako perillak. Emendik atera dezakegu, Konfesorea beartua dagoala ematera bekatariari penitenziak, ala leneko bekatuen zorrai eranzuteko, nola oitura gaiztoak, eta bekaturako perillak utzierazteko. Ezpalu bekatariak onelako premiarik, ez luke Konfesoreak penitenziak ipiñi bearrik. Ines Enperadorearen emaztea joan zan Erromara jubileoa irabaztera: S. Pedro Damianorekin egin zuan bere bizitza guziko konfesioa, eta Santuak, begiraturik bekatari aren jayera, eta debozioari, eta bizitza onari, eman zion absoluzioa penitenziarik batere emangabe. Ala esaten digu Aita Santu Benedikto amalaugarrenak. Baña gutxitan gerta diteke Konfesoreak ezagutzea, bekatariak ez duala penitenziaren bearrik, eta eman bear dio, artu al badezake. Diot au, zeren beñ baño geyagotan gertatzen da, bekataria arkitzea azkeneko asnasetan, eta penitenziarik ezin artu, eta egin dezakean eran, eta orduan etzayo ematen. Goazen oraiñ ekustera, nola egin dezakegun erraz gure bekatuen penitenzia.

 

 

§ II.

 

        Gure bekatuen penitenzia guk ongi egiteko, lenengo gauza da, konfesoreak ipintzen dizkigun penitenziak leyalki egitea. Baldin konfesatzera bazatoz, ematen dizkitzuen penitenziak egiteko asmo gabe, etzera ongi konfesatuko; baldin ematen dizuen penitenzia egiteko asmoa badezu, gero piskaren bat uztea izango da bekatu beniala. Aztu bazatzu, galde konfesoreari, zer egingo dezun, baña galdetzeko erarik ezpadezu, ekartzu gogora, zer penitenziak ematen dizkitzuen, konfesaldi artan zinduan bezelako bekatuakgatik, eta egizu beste ainbeste. Ala erakusten due gizon jakintsu batzuek.

        Konfesoreak ipintzen dizkiguen penitenziak izan oi dira gure bekatuai dagoztenak baño, askoz ariñagoak. Orregatik guk bigarren lekuan egin bear degun gauza da ontzat, edo Jaunaren izenean artzea emengo gurutze, eta samintasunak. Jayotzen danetik inguratzen due gizona gurutze, eta samintasunak, eta berekin ditu ill arte guzian, batzuetan lagun urkoetatik, besteetan gure griña txarren aldetik. Orregatik zion Job Santuak: gerra utsa da gizonaren lurreko bizitza: Militia est vita hominis super terram (Job. c. 7). Gurutze oek, bear bezela igarotzen baditugu, dira Zerurako irabaziak, eta gutxitzen due bekatuen zorra. Ala erakusten digu Trentoko Konzilioak, eta eskomiku nagusiarekin debekatzen du besterik esatea: Anathema sit.

        Gure bekatuen zor, eta arrastoak kentzeko, guk egin bear degun irugarren gauza da gure estadu, eta bizimoduan ditugun lan, eta neke guziak eskeintzea, eta egitea Jaunaren izen, eta onran, eta gure bekatuen zorrak ateratzeko. Gisa onetan egiten dan lan bakoitzarekin gutxitzen da bekatuen zorra, eta aurreratzen da anima Zerurako bidean. Atzenean arreta ipintzen bada Buldaren induljenzia, edo barkazioak irabazteko, asko arinduko dira gure bekatuakgatik egin bear gindukean penitenziak, eta nekeak.

        Nere Kristaua, ez gaitezen izan zabarrak gure egiteko andi onetan. Jaunak prestatu ditu gauzak añ ederki gure onerako, non erraz atera ditzakegun gure bekatuen zorrak, ardura onarekin bizi nai badegu. Saya gaitezen bada au egitera, onela iristeko gure bekatuen zorrak ateratzea, eta gero betiko bizitza. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa