www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaungoikoaren legeko amar aginteen gaņean erakusaldiak
Juan Bautista Agirre
1814, 1850

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Eracusaldiac, Juan Bautista Agirre (faksimilea). Hordago, 1978

 

 

aurrekoa hurrengoa

BEDERATZIURREN ONEN
BIGARREN EGUNERAKO
ITZALDI, EDO PLATIKA

 

Scrutemur vias nostras &.

 

Birjiña txit Santa &. Lendabiziko Platika bezala.

 

        Bederatziurren au asi degu, nere Kristaua, Konfesio onaren prestaera ongi egiteko. Bi gauza eskatzen ditu prestaera onek; bata da gure bekatuen examina, edo gogora ekartzea, eta au egin diteke, edo azkeneko konfesiotik, edo konfesio gaiztoak asi ziran denboratik, eta gai onen gañera luzaro itzegin det len. Bigarrena da, gure bekatuakin galdu degun, Jauna billatzea, eta beragana gure biotzak biurtzea, egindako bekatuen damuarekin, eta aurrera bekaturik ez egiteko asmo osoarekin; baña ez dira gure biotzak Jaunagana, bear dan eran biurtzen, fedearen argiarekin gogora ekartzen ezpadira damubide egokiren batzuek. Bi gauz oek itz gutxian adirazi zituan Jeremiasek, esan zuanean: Begira degiegun gure bide, eta ibillerai: Scrutemur vias nostras: eta billa dezagun gure Jauna, eta biur gaitezen beragana: Et quaeramus, et revertamur ad Dominum. Onetarako lenengo egunean examina egin genduan Konfesio, eta Komunio gaiztoen, eta Jaunaren Legeko lenengo Aginte, edo Mandamentuaren kontrato bekatuen gañean: eta ondoren fedearen argiarekin begiratu genduan, Nork, eta zeñ egiteko, edo fin andirako egin gaituan: eta zeñ gauza bearra dan egiteko oni ziñez, edo benaz jarraitzea. Gaurko examina izango da Jaunaren legeko bigarren Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean. Urrena begiratuko degu: Nola egin, eta nolako doayakin ornitu, eta apaindu zuan Jaunak gizona. Bigarrena: zer gertatu zan. Emendik erraz ezagutuko degu, zeñ gauza gaiztoa dan guk gure Jaunaren kontra bekatu egitea, eta atera dezakegu gure bekatuen damua sortzeko bidea. Asi gaitezen bertatik.

 

 

§ I.

 

        Begira degiogun gure bide, eta ibilierai, esaten digu Jeremiasek: Scrutemur vias nostras: au da examina egitea, eta gaurkoa da Jaunaren Legeko bigarren Mandamentuaren kontrako bekatuen gañean. Oek ongi ezagutzeko, eskatu degiogun Espiritu Santuari bere lagunza esaten diogula.

        Atoz, o Espiritu Santua, atoz bearsuen gurasoa, atoz doayen emaillea: argi ezazu nere adimentua, nik nere utsegiteak ezagutzeko: mugi ezazu nere biotza, oen gañean damutzeko, eta aurrera bekatutik, eta bekatuaren bideetatik, aldegiteko, eta konfesatzeko. Zoaz orain, Kristaua, Jaunaren legeko bigarren Mandamentura.

        1. Begira Jaungoikoaren, Birjiña txit Santaren, edo Santuen onraren kontrako itzen batzuek esan dituzun? edo Santuen kontra isekaren batzuek egin dituzun? Bekatu au da blasfemia esaten dioguna. S. Gregoriok dio, bost urteko mutiltxo bat etsayak eraman zuala betiko su, eta garren artera, zeren blasfemiak esaten ikasi zuan, eta ez omen zituan bost urte baizik. Jaunari eskerrak ez da euskaldunen artean esaten blasfemia dan itzik; baña askotan gerta diteke Jaungoikoaren, eta Jesusen izen Santua begiramentu gutxirekin aitatzea, eta ez da orrelako oitura txarrik artu bear: bada Jaunak esaten digu: Ez dezu autan artuko alperrik zure Jaungoikoaren izen Santua: Non asumes nomen Dei tui in vanum.

        2. Begira, Konfesio gaiztoak berritu nai dituzun denbora artatik oraindaño, juramenturik egin ote dezun gezurraren, edo ongi ez dakizun gauzaren gañean? zenbat bider?

        3. Begira, izan ote dezun juramentuak sarritan egiteko oitura, egiaren gañean egiten dituzula aitzakiatzat arturik? Oitura au txit itsusia, eta bekatu askoren sustraya da, eta ayenatu bear da Kristauen etxeetatik. Juramentua sarritan egiten duana beteko da bekatuz, eta ez da aren etxetik irtengo neke, eta naigabea, dio Espiritu Santuak. Ez da sinisteko gauza, sarritan juramentuak egiten dituanak egiaren gañean egiten dituala. Orregatik beartua dago, oitura au utzitzera.

        4. Begira, izan ote dezun oitura juramentu diran itzak esateko begiratugabe, egiaren, edo gezurraren gañean esaten dituzun: egin dezagun kontu: Ala Jainkoak salba nazala: emendik mugi ez nadilla, Deabruak naramala, au onela ezpada. Oitura au duana bekatu larri, edo mortalean bizi da geyenak dioenez, eta uzteko neurri egokiak artu nai ezpaditu, ezin Sakramenturik artu dezake.

        5. Begira, esan ote dezun: nere animan au, edo ura onela da? Zenbat bider? Oitura, edo usanza txarra da au, eta gizon jakintsu askoren iritzian juramentu, eta utzi bear da (Vide Suarezium, ac Salmanticenses).

        6. Begira, esan ote dezun nere konzienzian au onela, edo ala da. Geyenak erakusten due ez dala esaera au juramentu, eta ez da aintzakotzat esan bear, baña onena da ez artzea oitura au. Esatea nola naizan Kristaua, nola naizan Pedro, edo Maria, nola emen ekusten nazun, edo emen nagoan, ez da juramentu. Diot au, zeren askotan gazteak juramentutzat artzen dituen ala ez diranak.

        7. Begira, birauarekin nastutzen dan juramenturik gezurraren gañean egin dezun: egin dezagun kontu: Deabruak naramala, emendik mugi ez nadilla, onda nadilla, au onela ezpada. Zenbat bider egiaren, eta zenbat bider gezurraren gañean?

        8. Begira, biraurik egin diozun lagun urkoari? Zenbat bider biotzetik, eta zenbat bider bestela? Biraua da esatea itzen batzuek, adirazten dala, lagun urkoari opa diogula gaitzen bat, egin dezagun kontu: itoko al aiz: deabruak eramango al zaizu: arrayo gaiztok puskatuko al zaitu. Oitura txit itsusia da au, eta utzi nai ez duenak, bizi oi dira bekatu larrian, eta ezin Sakramenturik artu dezakee batezere gurasoak, zeren berengan danez umeai, eta etxekoai oitura erakusten diezan, birauak biotzetik botako ezpalitue ere.

        9. Begira, zere gurasoari, edo gurasoaren lekuan daukazunari biraurik bota diozun? zenbat bider? Gurasoak aditzen zuala, edo bestela. Eriotzaren pena zuan bekatu onek lege zarrean: Qui maledixerit Patri, vel matri, morte moriatur (Levit 20).

        10. Begira, zure etsayaren kontra esan ote dezun: niri eman dizkidan naigabeak etorriko al zaizka berari ere, ez geiago, eta ez gutxiago. Amen. Zenbat bider esan dezu au? eta zenbat denboran bizitu zera sasoi gaizto orretan? Jakizu, denbora orretan guzian bizitu zerala bekatu larri, edo mortalean, baldin ark zuri emandako naigabeak andiak baziran. Jauna, ez diot nik berak eman dizkidan neke, eta naigabeak baizik opa izan. Atozea, eta zerren ark gaizki egin duan, zuk ere egin bear dezu? Ez dakizu debekatzen duala au Jesu-Kristok?

        11. Begira, idiai, beiai, edo gizonari ez, beste gauzai bota dieztetzun birauak? Ez da au bekatu larri, edo mortala, jabeaganonz nastutzen ezpada gorrotoa; baña izkunza txarra da, eta ez due Kristauak ikasi bear.

        12. Begira, esan ote dezun askotan Deabrua, Demonioa, Arrayoa. Ez da au bekatu larri, edo mortala, askotan esan dizuedan bezala. Deabrua, Demonioa, Satanas, guzia bat da, baña batzuek uste due Demonioa esatea bekatu mortala dala. Engañatzen dira. Arrayoa esatea ez da bekatu, tximista esatea ez dan bezala. Era berean galzagorria, madarikatua, puzoya esatea berez ezer ez da. Gazteak, askotan esan dizuet, eta oraiñ diot berriro: etzaiteztela oitu Deabrua, Demonioa., arrayoa esatera, baña gertatzen bazatzue iñoiz, edo berriz esatea, ez dezazuela bekatu anditzat artu.

        13. Begira, promesarik eginda, agindua leyalki egin dezun? Bi gauza emen gogoan arritzatzu, Kristaua. Lenengoa: gauzaren bat egiteko asmorik andiena ere ez dala promesa. Bigarrena: ez egin promesarik zere Konfesorearen baimena gabe.

        14. Begira, urliarekin itzegiteko, edo ibillera izateagatik, egin dezun promesa Lezora, edo beste lekuren batera joateko? Oek ez dira promesak, baizik bekatu itsusi blasfemiara biurtzen diranak, zeren gauza gaiztoa Jaunari agradatzen zayola aditzera ematen dan.

        15. Begira, atera ote dituzun Mezak, egin limosnak, edo erreguren batzuek, edo Santuen aurrean ipiñi argi erazekiak, lagun urkoari gaitz, edo kalteren bat etorri dakion, egin dezagun kontu: urliaren ezkonza galdu dedin, edo sandiak iritsi ez dezan onelako, edo alako era. Blasfemiara biurtzen dan bekatua da au ere.

        Galde oek asko adiña badira gazteentzat. Gurasoak, eta zarrak beude Konfesorearekin, eta onek erakutsiko die bear dana. Ekusi dezagun oraiñ: Nola egin, eta nolako doayakin ornitu, eta apaindu zuan Jaunak gizona: Bigarrena, zer gertatu zan.

 

 

§ II.

 

        Aditu zenduan, Kristaua, lenengo egunean, nork, eta zeñ egiteko goi, eta andirako egin zinduan: eta zeñ gauza bearra dan egiteko oni ziñez, edo benaz jarraitzea. Oraiñ jakin nai dezu, nola egin, eta nolako doayakin ornitu, eta apaindu zuan Jaunak gizona? Enzun bada kontuz esatera noana.

        Eztakigu noiz egin zituan Jaunak Aingeruak, edo mundua baño lentxeago, S. Basiliok, eta S. Gregorio Nazianzenok uste duen bezala, edo mundua egin zuan denboran bertan, geyenak erakusten diguenez. Guk dakiguna da, Jaunak egin zituala denboraz, ez betiraundetik: eta aetatik asko antuste, edo arrotasunez altxa zirala Luziferrekin batean Jaunaren kontra, eta bat batetan, edo ezertako lekurik gabe bota zituala Jaunak betiko su, eta garren artera. Oek dira gizonaren etsai izugarriak. Sei milla urte oetan beti ari dira, nondik galduko duen gizona, eta nondik amilderazoko duen infernuan.

        Aingeruen ondoren egin nai izan zuan Jaunak gizona: eta ederki prestatu zituan, onek bearko zituan, gauza guziak. Asi zanean gauzak egiten, lenengo egunean egin zituan Zeruak, eta lurra, lllunpean zegoan guzia, etzan alabaña artean eguzkirik. Esan zuan Jaunak: egin bedi argia, eta bereala agertu zan egiña. Bigarren egunean egin zuan begien aurrean daukagun Zeru au. Irugarren egunean bildu zituan leku batera, lurraren gañean zabalduak arkitzen ziran urak eta eman zien itsasoen izena.

        Agindu zion lurrari, eman zitzala loreak, belarrak, arbolak, eta bereala agertu ziran oek: eta dirudianez, irugarren egun onetan egin zuan Paradisuko leku, edo berjera miragarria ere. Laugarren egunean egin zituan eguzkia, illargia, eta izarrak. Bostgarren egunean egin zituan arrayak, egaztiak, abere, edo ganadu mota guzia. Prestaturik era onetan gizonarentzako gauza guziak, seigarren egunean esan zuan Jaunak: Egin dezagun gizona gure anzera. Lur pixka batekin moldatu zuan lenengo gizonaren gorputza: ezer ezetik egin zuan anima, eta eman zion gorputzari: agertu zan egiña: lenbiziko gizona, eta eman zion izena: Adan. Gizon au egin zuan Jaunak, ondoren jayoko ziran gizon guzien buru, eta lenengo guraso izateko, eta bear zuan onetarako bere anzeko lagun bat, eta au eman zion era onetan. Kendu zion Adani, lo zegoala, sayets-ezur bat: onekin moldatu zuan lenengo emakumearen gorputza; ezer ezetik egin zuan anima, eta eman zion au gorputzari, eta agertu zan egiña lenengo emakumea. Esnatu zan Adan: ekusi zuan Jaunak bere laguntzat prestatu zion emakumea, eta esan zuan: Au da nere ezurretako ezurra, eta nere aragiaren zati, edo puska. Orra nola egin zituan Jaunak gure lenbiziko gurasoak. Adanek ipiñi zion emazteari izena Eba. Bi bakar oetatik eta oen umeetatik jayo dira oraindaño izan diran gizon, eta emakume guziak, eta era berean bi bakar oen jatorria izango dira emendik aurrera jayoko diranak ere. Ala esaten digu Jaunak Eskritura Santan.

        Adan, eta Eba etzituan Jaunak ipiñi munduan nolanai, baizik doai miragarriz ornitu, eta bete zituan. Arkitzen ziran Paradisuko berjera ederrean, eta etzuen jateko, eta edateko bear zuenaren kezkarik, zeren an bertan zegoan guzia. Etzuen gañera soñekoak egiteko gai ederren billa nekatu bearrik, zeren orduan bearrik etzuen. Janziak zeuden animaren aldetik graziaren, eta Zuzentausun orijinala deritzan doayarekin, etzitzaten gaitzik gogoratzen, soñekorik gabe egon arren: etzuen eritasun, eta eriotzaren beldurrik; zeren Paradisuaren erdian zeukeen arbola bat bizitzarena zeritzana, eta onen fruta jaten zuela, biziko ziran eritasunik gabe, eta emengo denborak betetzean bizirik joango ziran Zerura. Esan det, animaren aldetik janziak zeudela Zuzentasun, edo justizia orijinalaren doayarekin. Au zan doai bat, irudimendu, edo imajinazioari eragozten ziona, gogorazio gaiztoakin gizona, eta emakumea asaldatzea. Doai bat gizonaren gura guziak zeduzkana ezaguera zuzenaren, eta borondatearen mendean: eta borondatea prest arkitzen zan Jaunak nai zuana egiteko. Etziran orduan gizonaren gurak lotsagabetzen, edo asaldatzen borondatearen kontra; baizik zeuden morroi umill batzuen eran prest etxeko nagusiak, edo borondateak agintzen ziena egiteko. Gizonak orain bezala, bazuan orduan ere jateko, eta edateko gura: baña etzuan burua altxatzen borondatearen kontra: baizik premia, zanean, ezagutzen zuan au adimentuak, eta borondateak agintzen zuan, zer, eta zenbat jan, edo edan bear zan, eta utzitzen zion gogoari bear zana egiten. Jateko, eta edateko guraren gañean diodana aditu bear da gañerako gura guzientzat ere. Gisa onetan Adan, eta Eba ziran munduan izan diran Erregiñarik andienak: ziran alabaña beren buruen, edo gura guzien Jaunak: eta munduko erregeak arkitzen dira eren gura txarren azpian. Ziran gañera mundu guziko Jaunak, eta Paradisuko arbola baten fruta ez, beste gauza guziak berentzat zituen. Orregatik zion Dabidek: Jauna, onraz bete zenduan gizona, eta ipiñi zenduan zure eskuetako obra guzien gañean: Gloria, et honore coronasti eum, et constituisti eum super opera manuum tuarum (Psalm. 8). Esan det Paradisuko arbola baten fruta ez, beste gauza guziak berentzat zituela: zeren debekatu zien arbola baten fruta: eta aginte au autsitzetik etorri ziran, eta datoz ezin esan al adiña ondoren negargarri. Dakuskun zer gertatu zan.

 

 

§ III.

 

        Paradisuko arbolen artean bazan bat onaren eta gaitzaren jakiundekoa Eskriturak deitzen diona. Izen au ematen zayo, zeren aren fruta janda, ikasi zuen Adanek, eta Ebak, zer ondasunak galdu, eta zer kalteak beren gañera ekarri zituen. Debekatu zien Jaunak aren fruta jatea: Ez jan esan zion Adani: Ne comedas: zeren jaten badezu, ilko zera. Morte morieris. Ilko zera gorputzaren aldetik, eta era berean ilko dira zure ume, eta ondorengo guziak ere. llko zera animaren aldetik ere, eta zure jatorrikoak beren sortzetik egongo dira bekatuz loituak, eta animan illak. Ekusten zuan Luziferrek, nola onraz, eta zori onez bete zituan Jaunak Adan, eta Eba, eta enbidiaren suak erretzen, eta erkitzen zuan, eta asi zan aek, eta gu galtzeko bideak billatzen. Bazebillen Eba Paradisuan, ango lore, eta arbola ederrak ekusten: sartzen da Luzifer suge baten barrunbean, eta esaten dio Ebari. Zergatik debekatu dizue Jaunak Paradisuko arbola guzietatik jatea? Eranzun zion Ebak: Paradisuao arbolen frutatik jaten degu; baña agindu digu Jaunak, Paradisuaren erdian dagoan arbola baten fruta ez dezagula jan, ezeta ukitu ere, ill ez gaitezen. Esan zion Luziferrek: Etzerate ez ilko orregatik: badaki Jaunak, andik jaten dezuen unean bertan idikiko dirala zuen begiak; eta izango zeratela Jainko batzuen eran, ona, eta gaitza ezagutzen dezuenak. Agradatu zitzaizkan losentx oek Ebari, eta Paradisuaren erdira joanik, jartzen da sagar debekatuari begira. Ekusten du, sagar eder, eta elduz betea: Pulebrum oculis, aspectuque delectabile. Ken zaite ortik Eba, ken zaite; bestela galduko dezu zere burua, eta mundu guzia;baña etzan perilletik kendu, eta kendu bearrean, artu zuan, eta jan sagarra. Gaitz erdi izango zan onetan geratu baliz; baña eraman zion Adani, eta jan zuan onek ere. Onela galdu zituen Adanek eta Ebak beren buruak, eta mundu guzia; bekatu ura alabaña jatorriz igarotzen da oen ume guzietara, eta guziak sortzen dira bekatu arekin loituak. Ozta Adanek autsi zuan Jaunaren Agintea, an zan Adanen ondoren Jauna bera. Ezkutatu zan Adan arbola artean: soñekorik gabe arkitzen ziran, eta lotsaz nolerebait estali ziran arbolen ostoakin. Au izan zan munduan lenengo janziera. Adan, otsegin zion Jaunak, non zera? Eranzun zion Adanek: aditu det, Jauna, zure otsa, eta nola soñekorik gabe nengoan, lotsalu, eta ezkutatu naiz. Atozea eta nork, edo zerk aditzera eman dizu, soñekorik gabe arkitzen ziñala, debekatu nizun sagarra jateak baizik? esan zion Jaunak. Jauna, eranzun zion Adanek: laguntzat zuk eman didazun andreak ekarri dit sagarra eta jan det. Biurtzen da Jauna Ebagana, eta esaten dio: zergatik egin dezu ori? Eranzun zion Ebak: sugeak engañatu nau, eta jan det. Orduan esan zion sugeari, edo sugeagan Luziferri: Madarikatua izango zera: nik gerra bizia ipiñiko det zure, eta andre baten artean: andre ark bere semearen bidez zapalduko du zure burua: Inimicitias ponam inter te, et mulierem... ipsa conteret caput tuum. Itz oetan aditzera eman zuan Jaunak, bidalduko zuala denboraz bere Salbatzallea, eta onek zapalduko zuala etsai galgarriaren burua.

        Etzuan Adanek bekatuan erori zan artean jana eta edanaren kezkarik, zeren Paradisuan zuan bear zuen guzia nekerik gabe; baña bekatuarekin galdu zuan era au; eta betiko bota zituan Paradisutik, eta esan zion Adani: zure aurpegiko izerdiarekin jango dezu ogia.

        Etzuan Adanek soñekoen billa bearrik, len esan dedan bezala, baña bekatuan erori ezkero bai: eta Jaunak eman zien abere, edo ganaduen larruz egindako zamarra bana. Janzieraren polita Mundu guziko Errege, eta Erregiña batentzat.

        Etzuen Adanek, eta Ebak eriotzaren beldurrik Jaunaren Agintea autsi zuen artean: zeren bizitzaren arbolaren frutarekin biziko ziran gaixotu, eta zartu ere gabe; baña fruta artatik jateko era, eta bide guziak kendu ziezten Jaunak, botatzen zituala Paradisutik. Autsa zera, esan zion Adani, eta auts biurtuko zera. Emendik etorri dira Adanen umeentzat ainbeste gaitz, edo eritasun, eta atzenean ill bearra.

        Len gizonaren gura guziak pakean zeuden, baña bekatuarekin galdu zuen zuzentasun, edo justizia orijinalaren doaya, eta griña guziak asi ziran gaitzeronz, eta geroztik mundua darabilte gerra bizian. Gaur asaldatzen da antuste, edo soberbia, gero kutizia: gaur atsegin lotsagarrietarako griña, bigar beste bat: eta ez dioe pakearik eman nai anima gaixoari. Orregatik esan zuan Dabidek: Onraz betea zegoanean, etzuan ezagutu bere ona; Homo, cum in honore esset, non intellexit: ipiñi zuan bere burua zentzurik ez duen astoen pare, eta egin zan aen anzeko: Comparai us est jumentis insipientibus et similis factus est illis (Psalm. 48).

        Len Adan mundu guziko Errege zan, eta abere, ta ganadu guziak beraren mendean zeuden: asko da au ezagutzeko gogora ekartzea, nola joan zitzaizkan, zegoten izena ipiñi zegien. Baña bekatuan erortzearekin galdu zuan bere agintea, eta geratu zan guziok ekusten degun eran.

        Atzenean sagar baten jatearekin galdu zuan Jaunaren grazia, eta adiskidetasuna, eta Zerurako esku guzia, eta galdu ez beretzat bakarrik, baita guretzat ere. Geratu zan bekatuaren loyean ondatua, eta andik irteteko biderik gabe, eta era berean Adanen umeak. Ay Adan! zeñ samiña izan zan zuretzat, eta zeñ samiña dan guretzat zure sagar-mokadu ura.

        Orra, nere Kristaua, nola egin ta nolako doayez bete zuan Jaunak gizona, eta orra zer gertatu zan. Alaere añ urrikaritsua, eta ona izan zan gure Aita Zerukoa, non utsegite au desegiteko, eta gu Zerurako bidean ipintzeko, bidaldu zuan lurrera bere Seme bakarra: eta Semeak eman zuan gurutzean bere bizitza. Eta ezaguturik au guzia, ez gera beragana biurtuko? Eta ez degu Aita maitagarri au amatuko? Egin dezagun au biotz prestu batekin, eta emango digu betiko bizitza doatsua. Amen.

 

aurrekoa hurrengoa