www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa  

Egin-nai onak

 

        Bizkaiko lurrean sartu oi diran jaurlari guztien leenengo itzak itz onak izan diran arren, geroko eginkizunak aurrez aurre egoten izan jakez. Jarlekuan jezarri diranekoxe, esan deuskue: Iñorenganako gorrotoak ez gauz igituazoko. Mota guztietako alderdiak ibilli bediz lagiaren neurriz, eta geure laguntzaren utsik ez dabe sentiko.

        Baiña zuzentza edo justiziari eskua emon guraz datozanok, sarri atzea emon deutse. Orain artekoak noragiño eldu diran dakigun ezkero, aurrerantzakoak zer egin leikien susmau daroagu.

        Zuzentzaren jagole izan naiak, egin-nai onak dira. Agintari batek ez dauka beste zeregiñik, zuzentzaren zeregiña ez bada. Ondo irozota dagoan gizarteak ez dauko neurri bat baiño, okerra egin dauanari lepaldu bere zigorra. Gizonak bakean bizi izango badira, bakoitzak besteaganako mugeak zaindu bear dauz. Geure askatasunaren mugea amaituten jaku urkoena tinkatuten dan toki bertan.

        Agintaria dan agintariak, txorimaloa ez bada, muga orreik jagon bear dauz, bestela zuzentzaren arerio bat baiño ez da izango. Guztiontzak bardin-bardiña izan bear da lagia. Baiña gomutan dot antziñako ipuiña. Bakaldun bati otu jakon egin-nai ona. Bere bakalderriko gizonak bardingeak izan ez dirantzat, bakaltseiñengandik asi ta txiroekanaiño bizikera bardiña barreiatu gura izan eban. Goiak eta beeak jo ostean, ezer ez jakon bururatu.

        Bakaldunari ezer ez jakoe bururatuten, iñoren agindupean aziak diran ezkero, urkoaren buruz oldoztuten dabelako. Dei oni ta ots ari, bakaltseiñak inguratu jakozan. Gizontxo orreik baizen kakanarrurik ez dago, beti drogetan ibilli dabiltzalako.

        Bere asmoa bakoitzak azaldu eragoion bakaldunari. Goikorik ez beekorik ez dedin izan, lagizko kaiola batzuk asmau daiguzan, euretariko batek esan eban. Lagizko kaiola orrein barruan gagozalarik, bizikera bardiña eukiko dogu, askatasun bardiña. Ule arrorik, ez ule motzik ez da izango.

        Asmo au ondatu eban geure bakaldunak. Bakaltseiñen ardurapean itzi eban kaiola orrein eginbearra. Eta kaiolak egin ziran. Sendi bakoitza ondo bizi aal izateko lain ziran eta bakalduna bera be bai gero, menpekoen neurrian bizi gura ebalako.

        Leenengo egunetan ondo baiño obeto egon zan eta zoriontsuak ziran, bata baiño bestea ez dalako andiagoa. Baiña olako baten ikusgarria ikusi eben. Baratzeko lorak itzulastuta egozan, zugatz kimeak apurtuta. Nor ibilli ete zan ibilli bertan? Bakaldunari joan jakozanean, esan eutsen: Lagi bardiña dozue bai? eta zuetarikorik ez zan izango. Kaiola orreik burnizkoak diran ezkero, iñork ezin urten daike.

        Baiña egunerik egunera ezbear andiagoak jazoten ziran. Bateko baratza ondatu, besteko iñoren etxeak erre. Bakalduna ikaratuta egoan. Eta leloa ez zan ezkero, gau oso baten begi zoli geratu zan. Kaiola guztiak itxi ebazan eta giltzak gorde. «Gabeon ez da ezer jazoko» iñoan kolkorako.

        Gaberdia eldu bazan, eldu zan. Kaiola batzuren burdiñak edo barreak lagatu ziran eta gizon batzuk lagizko kaiola barruetatik urten ziran. Zer zan a! Aske ebiltzan gizonak bakaltseiñak ziran. Arranopola! Zelan izan eikean? Erraz bere erraz! Kaiola areen ageak bardingeak ziran; bakaltseiñen kaiola ageak gomazkoak, noiznai zabalduteko erakoak; beste guztienak, ostera, burdiñazkoak.

        Atzipe au gorde eban bakaldunak. Bere otseiñen bildur zalako. Ordutik ona esan daroe: Lagiak moeta bitariko ageak edo barreak daukaz, gomazkoak eta burdiñazkoak.

        Beste onenbeste ez dala jazoten berton be? Baietzean gagoz. Abertzaleontzak burdiñazko lagiak egin daroez, besteentzat gomazkoak. Jaurlari onek zelakoak egingo dauzan ez dakigu. Guztiontzat bardiñak egin badaroaz, poztuko gara. Baiña batzuk mailla bateko gizonak diran artean eta besteak beeragoko maillakoak, gauza onik ez dau izango.

        Itz onak eta egin-nai ederrenak entzun doguz entzun aspaldiko urteotan. Baiña itzak putsa baiño ez dira, arin galduten dira airean.

        Iskanbilla guztietan nortzuk atxillotuak diran ondo dakigu. Abertzaleontzat baiño ez dira Espaiñako lagien zigorkadeak. Besteak nasai bizi dira. Jaurlari onek zuzentza egin gura badau, eragozpenik ez dau aurkituko geureketz.

        Laneza arteztuteko asmo onak be azaldu deuskuz. Garatz arazoetan jakintsua ei da. Bizkaian diran lanbako guztiai jaten emoten badeutse, Jaurlari txarra ez da izango.

        Egin-nai guztiak argitaldu daroaguz, gero egingo daunaren bidez neurtu daigun. Udabarriko loren antzekoak ez bediz izan itzok.

1933-V-16

 

aurrekoa