www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Komunisten bildurra

 

        Komunisten bildurra barreiatu da egunotan. Bizkai inguruan askorik ez dagoala dirudi, baiña guztia murgilduteko gitxiak naiko izaten dira. Baiña zer gura ete dabe komunistak? Bidezkoa ete da eurak eskatuten dabena?

        Ezin ukatu geinke euren eskakizunetan arrazoia ba dala, osoan ez bada, erdizka bai beintzat. Iru edo lau gizonen eskuetan ogasun orok izatea ez da egokia. Gaiñera langilleari bear dan eran ordaindu bear jako bere lana. Kristau benetakoak antziñatik esana da langilleari ez jakola otseiñari legez begiratu bear, anaiari legetxe baiño.

        Ez dira esku batzuetara dirudunak joan gura dana egiteko, ez txiroai lagunduteko. Ori alde batera itxiten dabe askok eta aaztu jake Jaungoikoaren legeak aginduten dabena.

        Baiña gaurko egunean langilleen artean bere oker askotxo ikusten dira. Lanik egin barik jan gura dabe. Uste dabe zor jakela gura dabena. Komunistak ez dabe uste bere jaubeak euki bear dabela, lan egiten dabenak lan orren emaitzak gozartuteko eskubidea daukela.

        Ez dira arazo oneik erabagiten tiroka edo gorrotoa ereinik. Justizi bideak ez dira arteztuten zaratakaz. Joarlearen eskuetan guztia edatu bear bada, nork egingo dau lan? nork ausartuko dau bere dirua arazo gorenetan? Langilleak irabazten diranetan aldea euki bear dabela entzuten da. Ez da bide txarrena. Gaur ostera, iñorentzako bere eztago irabazte andirik.

        Lan bakoak uste dabe gura aiña eskatu daikeela, baiño ez dago olakorik. Zioa sakonean dago. Langille oro artean ikusten dana alperkeria da. Iñork ez dau lanik egin nai. Dotore jantzirik ibilli ezkero, pozik dagoz. Eskuak ostera, iñork ez dauz loitu gura.

        Ementxe ikusten doguz langille askoren artean olako gauzak. Zoaz batzukana lana aginduten. Zortzitik batek ez deutsue erantzungo lana egin nai dabena. Geienak alperkerian ibilli nai dabe. Eta ez sozialistak, ez komunistak ezin aztertuko dabez gauza oneik, auzi oneik doazen bidetik. Langillearen biotzetan sartu bear da bere egiñen erantzupena. Kristautasuna baleukee, jakingo leukee zertarako dan lana eta zelan itzalez ikusi bear dan iñorena. Baiña gorroto gorria bakarrik barneak badaroio, zelan jasan bakean munduko gauzen egikera?

        Gaitza ezer ez dala uste dabenak, bide okerretik doaz. Gaitza sakonean dago, kristautasuna galdu dalako. Sekulan ez dira aztertuko, siñismenak biotzak jotzen ez badauz. Urteatan dabiltz langilleak Kristoren irudia barnetik kendu nairik eta Kristoren ordez ikusi eziñarena, gorroatoarena sortuten jake.

        Zerk urtengo dau ortik? Lan egiteko ordua da. Ez kristau gauzak bakarrik erakutsirik, Kristok zelan munduko arazoak erabagiten ebazan bere azaldurik baiño. Gaur katolikuen izparringi baten ikusi dogu zelango aldaketak eskatuten dauzan kristautasunak ogasunetan. Bere ustez, komunistak eskatuten dabena baiño andiagoak dira Kristoren irakasbideak eskatuten daben guztia. Baiña izparringi orrek ederto goratuten izan dauz aberatsak eta langilleak, akordu gitxi euki izan dau leen. Orain gauza andiak. Egiak bear diranean, ez belu danean. Gaur belu izango ete dan nago.

1931-VI-11

 

aurrekoa hurrengoa