www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Auteskundeak

 

        Auteskundeak ei daukoguz ate joka. Zabalduko deutsegu? Alajaiñetan ez datortzak mutil txarrak! Aulen aulez bidean ilgo ete dira gero? Espaiñako laterria laterri ona da, baiña askatasunik ez dau gura beretzat baiño.

        Antziñako aren antzera. Askatasun zalea ei zan axe bere, baiña berak legez pentsaten ez ebanari, burua kenduten eutsen. Eta zergaitik ez dira egingo auteskunde osoak? Ez dakit ba, baiña sunda txarra susmatan dot. Ea, esan argi, Espaiñara zelan etorri zan erkala edonork daki, auteskunde bidez etorri zan eta. Oraingo errizale edo demokrata oneik orduko auteskundeetan idoro eben euren gurendea. Orraitiño orduz gero amaikatxo lelokeri ta papaukeri egiñak dozuz.

        Orduan eurekin euken erri osoa, gaur ete daukoe? Or dok minbizia. Uzkurtzale ziranai esaten eutsen: errelijiño deunari ez jako ule baten ikutuko. Geu baizen uzkurtzalerik ez dago. Baiña geroko oillarrak beste kukurrua egin deusku. Orduan eta gaur zulo batetik ez dabe zimaurra egiten.

        Erkizale ziranai be agintza andiak. Eta euzkotarrai? Uste izan ez dozuezan eskubideak emongo jatzuez. Eta zer emon deuskuen ondo dakigu. Elebitza? Bai zera! Araudia? Ona jagok orren begira jagokana, beste janaririk ez bajok. Egunean-egunean zortzi gizon espetxeratu deuskuez, amaikatxo izun lepaldu ta udalak kendu. Zelako barrabaskeriak ikusi doguzan, ikusi.

        Eta antziñako agintzeak igasi diran ezkero, notiñak bere ez dagoz lotan eta, beste alde batera begiratuten dabe. Auteskundeak? Etorri bediz, guzurrez ibilli danari ostikada bat emoteko.

        Au guztiau igarri daroe bai? eta bildur dira. Bildur galanta. Orregaitik ogetabederatzigarren atalki bidez aukeratuak izan ziran udalak baiño ez dira barriztatuak izango. Uri txikitxoetakoak bada ezpadan bere.

        Datorren illean mitin gurena egiteko asmoetan dozuz geure ezkertarrak, ezkertar jaioak. Arro-arro au, bestea, urlia ta zereko zera etorriko diralakoan. Ondo jagok. «El Liberal»en oldarkeriak ez dira edozelakoak, andiak baiño. Neure leitean ostera, erantzun bat aurkitzen dot. Itzaldi guren orreri erantzuna illaren ogetairugarrenean emongo deutsogu. Bizkaiko udaletxeetan idoroko dabe erantzun argiena.

        Auteskundeak ez dira ezer geuretzako. Eskuma aldekoen zarateak eta deadarrak entzuten diran uneetan, barre egiten dogu. Abertzaletasunari ez jakoz ardura. Geure elbururako bide bat baiño ez dira, elburua bera ez dira ezelan bere. Arean bururik daukonak ez leuskioe garrantzi lar emon bear.

        Bizkaiko udaletxe geienetan, zalantza edo ezpai barik, geurea dogu gurendea. Eta zer? Udaletxeak baiño maiteago doguz batzokiak, baita bearrezkoagoak bere.

        Bizkaian izango diran artean kanpoko gobernadoreak, atzerriko agintariak, ezer ezin dagikee egin. Eskuak lotuta dagozan udalak ez doguz nai. Gaurkoak ostera eskuz esku lotuta dagoz. Irakaskintzean zer dagikie? Euskeraren alde zer?

        Uzkurtza gauzetan be amarrauta dagoz. Askatasun laterri batean udalak eta aldundiak nai izango geunkez, baiña gaurko egunetan ezetarako ez dabe balio. Au egin dabela? Jaurlariaren lumea zorroztu bai? eta kanpora. Bermeon eta Mundakan jazo zana...

        Espaiñako erkalaren gogoa betetuteko ez gagoz. Zenbateraiñoko indarra dauken neurtu nairik, auteskunde osoak barik erdiak egin gura dabez. Emakumearen autarkia noren aldera dagoan jakin nai.

        Indiako kuizak ez gara, ba. Uri andietako auteskundeak betorz eta gero aldundirako. Baiña «gestora» dotoreak ondo bizi dituk. Ogia non jan eta patxada ederrean bizi dozak eta... Bosteun laurleko illero-illero ez dozak kale musturretan topauko.

        Auteskunde txatxar oneik jolaska legez artu bear doguz. Baiña lorik egin gabe, ez gurendeak gura doguzalako, geure indarra erakusteko baiño. Ekingo dogu.

1933-III-31

 

aurrekoa hurrengoa