www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

La muerte del euskera

 

        Aspalditxo «Aitzol» idazle argiak lan eder bat argitaldu eban «El Día» izparringian, geure izkuntza onen aurka Unamuno ta Baroja anaiak esan dabezan astakeriak birrinduteko. Orain dotore argitaldu dabe «Euskaltzaleak» lantxoa idaztiño baten barruan.

        Ganora bako gauzak erraz ezereztuten dira, baiña bide asko dagoz orretarako. «Aitzol» jakintsuak darabillen bidea onena dala uste dogu. Jakintza zarataz datorrenari, jakintzaz erantzun bear jako. Eta «Aitzol»en lana benetan dago jakintzaz josia.

        Unamuno jaunari aurrez aurre egitekorik ez dago geure artean, uste dabe batzuk; baiña Jaungoikoa ez dan ezkero, oneri be egin legioke eunada bat. «Aitzol» jaunak ontzat artzen dauz Unamunoren goralpenak, jaun argi ta entzute andikoa dalako. Begiak zabalik daukozanak, bilbotar orren idazlanak puntarengoak dirala onetsi bear.

        Baroja anaietan, Pio da argiena ta Europan be ospe andia daukona. Berrogei irakurgai edo novela idatzi dauz eta izkuntzarik landu danetara itzuli dabez. Errikorta ostera, margolaria edo da, baiña iñork ez dau ezagututen. Oneri bakean itxi baleutso, obe. Olako txoriburu bateri ez jakolako jaromonik egin bear.

        Baroja jaun onek euzkoak Espaiña leenengoz euki ebenak diralako asmoa dakar. Erderaz «vasco-ibérico» deritxoe. Humboldt doistarrak asmau eban gauza au, geure Erro, Astarloa eta Mogel buru zirala. Gaurko jakintsuak jaurti dabe «vasco-iberismo» ori alde batera. Unamuno barriz «vasco-iberismo» orren arerio andia dozu.

        «Aitzol» jaunak argi ta garbi bioi erantzuten deutsoe, jakintzaren bidez, etnografi eta edesti aurreko oarrakaz, Baroja jaunak Basco, basoko-tik datorrelako zirikada bat agertzen daualako. «Aitzol» jaunak argiro darakus, Arana-Goirik onetaz idatzi ebana. Pozik irakurri doguz Aranataz idazle onek diñozan goralpenak.

        Aldi asko da «Aitzol»eri buru argitzat artu genduala. Idazle onek ez dauko gizonentzat goralpena baiño, benetan merezi badabe. Bekaitzik ez dauko iñoz. Azken aldian zenbat euzkotarrek euskeraz itz egiten daben agertzen dau eta uri nagusietan zelako euskaltzaletasuna sortu dan. Europako laterririk txikerrenatan be izkuntzak zein bidetik ibili diran erakusten deusku. Letonia, Flandes, Irlanda, Rumania, Checoeslovaquia eta abar. Idaztiño onetan gauza bi argienak aurkitu doguz. Jakintza zuurrak eta laburtasuna. Ezin esan daikeguz lerro gitxiagotan ainbeste egi.

        Gaurko egunean euzko gauzetan dakiguna, argi darakus. Unamuno eta Baroja anaien zorakeriai erantzun ederrena emon deutsoe.

        Beti izan gara euskaldunak olako eztabaidetan sartzeko nagitsuak. Eskerrak ba «Aitzol»eri, bere luma zorrotzagaz geure alde atera dalako.

        Barre egitekoa da benetan Barojatzazko jazoera. Madrilen aurkitu zan izparkari batekin eta onek itaundu eutson:

        —Ta zelan gabiltz edo, Pio jauna?

        —Txarto, txartotan be. —Zer ba? —Emen, Madrid onetan, maketoak baiño ez dodaz idoroten. —Eta ikeratuten zara? —Bai. Satsa eta zarrapastrojo batzuk baiño ez dagoz emen. Ba noa neure Bidasoako okuillura. Europan bakaldungai bat idoro bear dogu euzkoak, eta bakalderri eder bat eratu.

        Jazoera polita benetan. Olakoxeak dozuz emeko jakintsu-izunak. Idazle oneik izunak izan ez arren be.

        Euzkotar guztiak irakurri bear leukeen idaztiñoa da «Aitzol»ek argitaldu dauan au. Atsegiñez irakurten da guztia. Erderaz «documentado» esango leuskioe, geure artean goralpen andirik entzungo ez dauan arren. Olakoxeak gara ta.

        «El Día»n argitaldu zanean, txalo andiak entzun baebazan, gaur liburutxo antzo datorrenean, pozik jasoko dabela guztiak uste dogu. Geure txaloa boakio beintzat, idazlari arrulo ta oisdur orreri.

1932-I-13

 

aurrekoa hurrengoa