www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Malmutza

 

        Morroi malmutza (taimado) zan Jonek eukon morroia. Artzaiñak ziran ezkero, mendian egoten ziran beti. Ikaragarrizko lapurketak egin ebazala morroi arek urikoak esaten eutsoen ugazaba jaunari, baiña onek ez eutson ezer siñestuten.

        —I, Martolo, egia dok lapurra azena? Zelakoak entzun joadazak igaitik, ikaratu be ikaratuta naiagok. Barrabasa az, egiak badozak entzunekoak.

        —Barritsu asko dago ludian, jauna, barritsu asko. Neu ez naz orreek uste daben aiñako lapurra, ona nazan arren.

        —Jakin gura neukek ba, zelako azar. Otsaren ziñaldari, errekan ura.

        Bildots aroa zan ta Manu zaarra igon zan mendi goira, Joni erosi bear eutsola ta. Tripili-trapala igon zan. Izerdi galantak urten eutson bekokitik be. Bideko muna ganetan atseden egiten geratu zan sarri be sarri. Urteak lepoan daroazanak, ezin ibilli igotika.

        —Kaixo, Manu antziñakoa, zelan gabiltz edo?

        —Txarto ez ta ondo be ez.

        —Orduan ederto! Erarik onena, ondo zabiltzala esateko, orixe dozu. Ludion, ba, garaurik ez dago oso ondo bizi danik.

        —Beste batzuk txartoago bizi diralakoan pozik nabil.

        —Iñoren zoritxarrak geurea arinduten deusku, izan be.

        —Bai, Urkoaren ogi gogorra ikustean, geurea uretan ipinten dogu, beratu daiten.

        —Zoritxarreko bakar bat baiño ez balitz bizitokion, aren samiña lakorik ez. Baiña askoren miñak, guztion penak.

        —Tira ba. Zeu be ondo zabiltzala ikusten dot eta.

        —Bai ba, neure ardiakaz, neure mendiakaz bakean bizi naz. Iñori ezer zor ez, iñori txarrik ez deutsut egiten, goikoagaz be bide lagun. Zer gura dogu geiagorik ba.

        —Goikoagaz bakean ibilli ezkero, ondo gagoz; beste gauzak ez dira ezer.

        Agure biak barriketaldi luzea egin eben eta Manu zaarrak bildotsa erosi ostean, agur egin eutson adiskide onari. Artu lepoan bildotsa ta bide zear joan zan, estratzatik.

        Martolo zozo maltzurra atean jezarrita egoan. Jon be txabola aurrean, bidez joian Manuri begira.

        —Ezetz ostu bildotsa agure orri? Ain azkarra baaz, egingo dok ori be.

        —Ori bildotsa ostutea ez da gauza gatxa. Laster dozu ementxe arkume ori.

        —Ikusiko joaguk ba.

        Aurrea artu eutson Manu zaarrari geure morroi biurrak eta ertz baten, zapata edo oskia kendu ta itxi ebazan. Baiña ez biak alkarren ondoan. Bat itxi ta berrogei neurkin urrun txoago bestea. Manu zaarrak ikusi eban oskia, baiña ez eutson kasurik be egin. Joan eta joan bestea be ikusi eban. «Kontxo, zapata oneik onak dozak» kolkorako esan eta itxi eban bildotsa bidean. Bai ba, beste oski billa zuzendu zan! Bitartean ostenduta egoan Martolo gaiztoak artu bildotsa ta otartetik iges egin eban. Manu zaarra eldu zanean bere oskiagaz, ikaratu zan.

        Bildotsik ez egoan an! Erdi negarrez joan zan Jonen txabolara. Jazo jakon guztia azaldu eutson.

        —Beste bildots bat ekarri egistazu, bat be barik ezin joan ninteke ta.

        —Merketxoago egingo deutsut au. Artu egizu amar laurlekoan ta zoaz. Eta gero au be ostuten badeutsue?

        —Ez, au ez deuste ostuko.

        Manu zarra aldendu zaneko, Martolok esan eutson ugazabari:

        —Baietz ostu bildots ori be.

        —Ezetz !

        Tximista baiño ariñago joan zan morroi zitala. Estaldu zan bide ertzean eta asi zan beeka beeka, arkuma bat balitzan. Manu zaarrak bee areik entzutean itxi lepoan eroana ta bidetik at egin eban. Leengo arkume billa ta! Bitartean Martolok beste arkumea ostu eutson.

        Ordu erdi egin eban agure zaarrak bere arkumea billatu eziñik. Azkenean bidera urten zan. Eta zelako negarrak egin ebazan berak, bildotsik aurkitu ez ebanean. Bigarrena be ostu eutsoen ta.

        Joan zan Jonengana ta malkoz agertu eutson jazo jakona. Martoloren barriak ez ziran makalak be! Azaldu eutsoen zer izan zan eta Manu zaarrak negarrez barre egin eban.

        —Ez az makala be; i lako asko badok ludion, galduak gozak.

        —Baiña neu lapur ondrau bat naz eta ez nabil bide zear iñori gauzak kentzen. Ardiak jagoten pozik bizi naz, neure ofizio ori alde batera itxita. Batzuei Goikoak gosea emoten deutse, beste batzuoi lapurretan egiteko antzea edo artezia.

1932-V-5

 

aurrekoa hurrengoa