www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Itsas bazterretik

 

        Itsas bazterretik nator. Zerua urdin egoan eta urruneko printzetan, oial zuriak bailiran, ontziak ikusten ziran. Nabari egoan zabala, urduri, barruko kezka bat agertu gurean. Aberriaren itsasoa itsaso gogorra da, ez emakumea. Arro dabiltz olatuak.

        Baudelaire jaunaren olerkia agora eldu jat itsaso onen aintzinean:

 

                Itsaso billa beti gizon aske ori;

                eure antzikurretzat daukok urdin ori.

                Azal neurrige ortan ba dakusk gogua;

                bera baizen garratza giriñen barrua.

 

        Baiña ez da or amaitu neure oldozketa. Itsaso orretan amaikatxo edesti zaar, asaba edesti dagoz. Euzkoen obia izan da zabal au. Or joaten ziran itsaso zear geure arrantzaleak, eta kanpoko guztiai bildurra sartzen eutsoen. Gudari amorratuak izan dira euzkoak eta Kantauri itsaso au.

 

                Biok zare ixilko eta lainotsuak:

                Gixon ori, nork dazauz eure ezkutuak?

                Itsasoi, ez dazauguz eure ondasunak.

                Josita darozuez, ixillik barruak...

 

                Aspaldiz alan da be, zarien etsaiak!

                Negar eta etsi baga, igaroz eundiak,

                samin eta eriotza zeuen atsegiñak:

                Burrukari betikor, anai maite eziñak.

 

        Orra zer diran euzkoak eta itsasoa. Burrukari amorratuak, beti lortu ezin dabena jadetsi gurean. Arraunlari bulartsuak bere gain ibilli izan dira. Eguzki galdatan, sutsu ta bizkor euzkotarrak jarraitu dabe bide urdin zear.

        Euzkadiren seaska dirudi itsaso onek. Mendiak eta itsasoak alkarren antza dagerte emen. Mendiak arri biurtu diran uiñak dira. Eta itsaso onen antzo dira euzko gogoak bere. Artega dagoz azaletik barneko zadorra gorde eziñik. Ekaitzak daukoz lantzean beiñean eta orduan ondatu daroa guztia.

        Jopurik jasan ezin daben itsaso eta abenda. Gogo indartsuentzako egiñak dira, ez koldarrentzako. Iñoiz ikusi bako lurraldeak billa joiazan bertotik eta baleak ezeze Inglaterrako buru ulegorriak atzemoten ebezan. Gaur ostera arraunlari txatxarrak gara, iñor dogu itsaso onen jaube.

        Ikasi daigun jasan eziña bere olatuetan. Oneik ez dira iñoren morroi. Eta bitsa jasoten dabe goraino, askatasun ikurriña balitzan. Euzko gogoa, zer ikasi daukozu zeure itsaso orretan.

        Itsaso urdiñetik nator. Guztia bakean egoan. Udaren laztana laprast joian zabalunean. Baiña barnean zelako gudaketa eratuten egoan. Orra euzko abendaren altzoan egunotan gertauten dana.

        Agur, Kantauri itsasoa, laster zeure jaube izango gara. Bitartean jasan zeure altzora datozen oron gorputzak, gogoak garbituteko gai ba zaralako.

1931-VI-5

 

aurrekoa hurrengoa