www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Bertsolariak

 

        Bertsolariak euren barruko sua agertzen dabenean, erria bizkor daroe. Igandean Elorrion ikusi genduan zelako indarra daukoen bertsolariok abertzaletasuna ereiteko, Euzkadiren maitasunean jentea piztuteko. Bertsolariak ez daukoe uriko ederkariak daukozan zidorrak. Jentearen aurrean soinutsik paraten dira, gogo utsik. Eta eusko gogoan indarrik asko dago, edertasunik lar, entzuleai zirkin eragitako.

        Bertsolariak iñork baiño sakonagotik ezagutzen dau erria, erriko semea dalako. Bere ganetik igaro zibilizaziñoak dakarren bigunkeri labana. Orain alditxo, Enbeitatar Kepa ospatsua zelaietan agertzen zanean, zeruko igarle bat baletorran paratzen ziran guztiak. Bertsolari orren agotik aberriaren suak urteten eban. Ederto osaturik agertzen eban biotza ta olerkarien biotza baiño ederragorik ez dago, oro dira maitasuna.

        Bertsolarien agotik neurtitzetan kanpora etorzan aberriaren miñak, abendaren ezilkortasun naiak, erriaren askatasun zaleak. Bakoitzak barruan eukozan leiak, oldozmenak, edertoago agertzen ziran bertsolarien agotik.

        Gaur bere bertsolari onak daukaguz. Bizkaikoari bakarrik dagoala, ona Uriarte, Enbeita gaztea, Zidorra, «Erlea», eta abar. Baiña bertsolari guztiokaz bazkun bat egin bear geunkela uste dot, gure laguntasunaz barriak sortu daitezan. Uste dogu bertsolariak ezer ez dirala eta ardura andirik ez daukogu euretzaz. Gazte asko dagoz orretarako jaioak diranak, baiña baserriko bakartasunean ezin dira umotu. Eurekana eldu gaitezan eta bertsolari ona izateko bidea erakutsi. Lantzean beiñean sariketen bitartez poztu euren biotzak. Zelako gaiak jo bear dabezan erriaren txaloak lortzeko, azaldu!

        Euzkotarrak itsuak izan dira bertsoak entzuteko. Erromeri batera jo egizu, an ikusiko dozulako zelako pozagaz dagozan bertsolariai entzuten. Ez da izaten iñork ez dakien gauzarik diñoalako, danen nabaritasunak suaz agertzen dauzalako baiño. Olerkari diran batzuk egin bear leukeez bertso saillak, gero abots ona daukoen batzuk jaietan oguzi dagiezan. Oba da bertsolariak berak egitea, baiña larregerik ez dagoan ezkero, onexetara lagunduko deutsagu aberriari. Gauza erreza ez da bertsolaria izatea. Abotsa bear dozu, gauzak arin ikusteko gogo bizia, irudipen zolia.

        Egia baita olerkaria, bertsolaria ez dala egiten, eratuten, jaiotzerik olerkari dalako. Baiña jakintza bidez, bestearen onu bitartez, ikasi leikee askorik.

        Tamalez ez dago bertso zaarrakaz idazti bat. Idazti orretan ikasiko leukee zer eratara antziñakoak joten eben. Eredu, ikasbide izan daitezan bertso zaarrak, lenbailen liburu bat egin bearko dogu. Pozik jasoko doguz bialdu gura deuskuezan bertsoak. Antziñatik entzun dogu batek ba diñarduela bertsoak batzen, baiña ez dira agertzen. Aldia ostera aurrera doa. Premiña dogu arintxo egiteko.

        Bertsolariak atsegin jakuz guztioi, baiña euren alde ez dogu ezer egiten. Geienak sendi apaletakoak dira, ta eurak liburuak erosi edo beste jakingarri izango leikiozan gauzak eskuratzea, ez dabe errez. Laguntza ba, opaldu bear jake. Bizkai aldean zenbat bertsolari dagozan, nortzuk diran eta noragiñokoak jakin gurean dabiltz batzuk. Arteztu daigun gurari ori. Urretxindor kumak bear dira, aberria alaitu eta bizkortuteko.

Euzkadi, 1931-V-26

 

aurrekoa hurrengoa