www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Emakume abertzaleak

 

        Arrasateko errian izan nintzan, abertzaletasuna lerden eta jori dagoalako. Baiña ango emakumeak agertu eben aberriarenganako maitasuna ikusi ostean, laster abenda zaar onek lorarik ederrenak sortuazoko dauzala ikasi dot. Euzkadiko emakumeen eredutzat jarriko dodaz Arrasateko emakumeak, eurak goi-gora jaso dabelako euzko ikurriña.

        Eta zer egin leikee emakumeak? Erriak ez dira igituten abestiakaz baiño, iñoan Maragallek. Orain esan geinke barriz, erriak maitasunak erabilten dauzala. Maitasuna barriz, ederren, garbien, mardul, lirain eta mardoen emakumeen biotzetan dago. Abendaren samurtasuna euren barruetan dago loratsu. Eta abenda zaar onek emakumeen laztanak bear dauz, barriro gazte egingo bada.

        Euzko sendia gelgarria izan bada, emakumeari zor. Antziña edeslariak esana dalako, euzko andrea erregina eta jopua dala. Erregiña izaten da bere etxean aginduteko, baiña jopua besteen esanak egiteko. Senarragaz jopua, semeakaz erregiña.

        Erri zoriontsuak edestirik edo istoririk ez daukoe, emakume zoriontsuak legetxe. Ona zergaitik euzko emakumeak eta Euzko erriak edestirik ez daukoen. Itz neurtu baten esango deutsuet, erderatik itzulita, zer egin bear dozuen etxean:

 

                Ludira etorri gara

                uso antzo, zeu, urrumarako,

                leoi antzo, neu, gudatarako.

 

        Eguneko emakumeak bere semeekin jardun bear dau. Seaska ertzean datzan seiñari leenen aberriaren eta Jaungoikoaren maitasuna erakutsi bear deutso. Euskeraz ikasi dagizala leenengo izketak. Errezago sartu daike seme txikien biotzetan aberriaren maitetasuna, «etxean zer ikasi, a ikasi» egiten baita.

        Emakumeak, batez bere ezkongaietan dagozan aldian, lanik bereziena egin leikee. Mutillak nora-ara eroan daitekez. Euzko jolasak, oiturak eta izketa be biztuteko, eurak lakorik ez dago. Ikurriñak eunduten bakarrik ez, biotzak eunduten jardun dagiela. Gizonen agoan abertzaletasunak indarra dario, sua, baiña emakumeen agoetan samurtasuna, liraintasuna baiño ez da.

        Uzkurtza maite daben legetxe, aberria maite bear dabe, bigarren uzkurtza izan daitela. Sarri entzun dogu andrak izan dirala euskeraren etsairik gorrienak. Egia ete? Baietz uste dogu. Baiña orain abertzaletasunak eragiten badeutsoe, barriro eurak zabalduko dabe euskera gozoa.

        Etxean, kanpoan eta eleizan, alde orotan izan bediz abertzaleak geure emakumeak. Egun batean ez bada bestean, beti andrak gura dabena egiten dalako errietan. Eredutzat artu geinkez Bermeoko emakume ausartuak.

        Geure abestien gozotasuna entzun danean emakume baten agoan, oso samurtuta geratuten gara. Baiña aberriaren izkuntza entzutean, ikaratuta gagoz. Zer izango ete litzake, abertzaletasuna loraturik ikusiko bagendu?

        Uzkurtzaren zaindari onenak emakumeak dirala egiztatu bearko. Eurak diralako uzkurtza maiteen dabenak. Zer egingo ez, barriz, aberria be bardin maite balebe? Arin igarten jake euzko emakumea eta arrotzai, erean edo modestian, liraintasunean, garbitasunean. Akats bakarra badaukoe, kanpoko gauzak eta oiturak maite izatea jake. Uste dabe euzko usaiñik badarigioe, lotsagarri dirala baiña ez da olakorik.

        Baiña garrantzi andikoa da arrotzakaz barik, euzko semeekin ezkondutea be. Lotsagarria dalako ama batentzako, bere semeak arrotzen odola eroatea.

        Ez dabe urduri izan bear. Etorriko da euzkoa euren billa, benetako abertzaleak badira. Abertzalea dan emakume bateri zuzendu gura neuskioz idatzi nebazan neurtitzok:

 

                Zeugan pentsaten nabil Jaunaren bidean

                eta lokatz artean egaz dagit azkar:

                Andra baten oroia naiko da lurrean

                garbi iraun dagiguntzat etsai orok zear.

 

        Zelako lana egin daikean euzko emakumeak. Baiña orretarako aberriaren maitasunak jo bear dauz, ez arrotzen zaletasunak. Orain aldendu dabiltzan asko etorriko lirake abertzaletasunera, eurak agertuko balebe aberriaren edertasuna. Ots egin dagiela guztiai:

 

                Bidazti ori, ona:

                Ni naiz abertzale zindo baten maitetasuna.

 

        Emakumearren guztia galdu dabenak, beragan oro idoro dabela esan dagiela. Aberrian zoriona eta gentza. Sendia euzkotarra bada, aberria gaizkatu da. Sendia barriz, emakumeak bakarrik euzkotuko dau. Kateak apurtuko dabez; biotzak ostera, emakumeak.

1931-VIII-4

 

aurrekoa hurrengoa