www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Hitler

 

        Prusiako auteskundeetzaz toki guztietan diñardue, batez be politika eta garatzetan. Artegatasun aundia sortuazo dau nazitarrak lortu daben gurenda orrek.

        Prusiako batzarra osatuten zan leen 450 aldunekin, baiña orain berrogetamar millari aldun bat jagokoen ezketiño, 425 aldun baiño ez dira izango. Baiña hitlertarrak euren alde gaindi bat daukoe. Leen nagusi izateko, 225 aldun bear izaten ziran, gaur barriz bear da 214. Nazitarrak gorantz egin dabe, zazpirik ba 162era igon dira. Hugenbergtarrak barriz, 71 arkitik 31 bateraiño beera egin dabe.

        Komunistarrak be gorakada bat nabaritu dabe: 48 aldun eukoezan leen, gaur ostera 57. Sozialistak galdu dabez 44 aldun. Ondoen dagoz gaur katolikotarrak.

        Auteskunde oneitan zer jazo dan? Braun jaunaren jaurkerea menperatua izan da. Weimareko agintarien aurka faziotarren agintaritza nagusi egin da. Hitleren gurenda andiena izan dan arren, oindikarren ez daukoz berak nai leukezan aldunak. Beste alderdiak batzen badira agintariakin dagozanak, 203 gertuten dira. Buru izateko besterik ez dauko ba Hitlerrek.

        Orain amabost egun ontzat artu zan lagia bide, leenengo ministroa izantatzea eskumatarrak ondo dakie euren eskuetan dagoala, baiña indarrik asko ez daukoe euren bat izantatzeko.

        Katolikoaren eskuetan dago ba Prusiako agindaritza.

        Oneik nora jo, araxe jo bearko dau jaurkereak be. Nazitarrak batzen badira, alderdi orretakoak buru izango dira, bestela ez.

        Hitleren gurenda onek ikaratuten dauz asko, baiña ez da ikaratzekoa. Oraingo internazionalismo deritxoen era orren aurkako abotsa baiño ez da Hitlerena. Alderdi bakarra izan da bere otsak entzun barik geratu dana, katolikoena, beste guztiak arin joan dira bere jarrai. Izan be, abertzaletasunaren indarra da hitlertarrena. Gazteak beraganatu dauz antziñako oiturakaz, abesti ta dantzakaz. Bere eginkizunetan gudari antzo agertzen da.

        Ganera Deustcherriak uriola andiak jaso dauz amalau urte onetan. Europako gudaren ondorengoak ordaindu bearrak, urte bi onetan izan dan diktadura antzekoak, eta azkenez agintarien buruezak. Hitleren gudarosteak ezereztuteagaz kalte andia egin deutsoe aberriari. Hitlerek ez eban iraungo beste sei illabetean, txindirik ez daukolako. Baiña leengo auteskunde ostean bere gudaosteak kentzeagaz, erria sutu da.

        Erriak indartu ta bizkortuteko ez dago gaurko egunean jaurkera usaiñakaz ibilli bearrik. Bere biotzean maite dauzan gogaiak agertu ta erakutsi bear jakoz erriari. Hitleren gurenda ortik dator. Deustchaldean, sozialistak nagusi ez, baiña indar andia euken, orain komunistak be geituten ziran. Baiña alderdi bi oneik deustarrak barik luditarrak dira, ta erri bakoitzak bere izatea gura dau osatu.

        Agintaritzan beteko dauz Hitlerek bere agintzak? Orixe da gaurko itauna. Ganera Europa-gudako zorrak ordainduko dauz Deustcherriak? Franceren bildurgarri beintzat izan bear dau gurenda orrek. Trotski jaunak iñoana batzuk gomutara dakarre: «Politika arazoetan ez da ezer galdu, guztia galdu ez bada».

        Europaren biotzean aldakuntza andiak izango dira. Deustchtarrak beti izan dira lurralde onen igilariak. Bruning jaunak iraungo dau Reichstagen? Katolikoak hitlertarrakin alkartuten badira, sozialistak lagunduko deutsoe jaun oni?

        Iñork ezin erantzun itaun oneei, gauza illunak diralako. Igandetik ona Europako politika arazoak aldatu dira. Itali eta Deustcherrian nazitarrak nagusi dira. Baiña igitara onein barnean ez ete dago egi baten sustraia? Ludikotasun gogai batzuen aurka, laterri bakoitzak burua jaso ez ete dau nai? Baietz dirudi. Francen Daudet eta abarrekin doazenak, sustrai auxe ez dabe iturburu?

        Leenagoko eundietara gizartea doala dirudi. Askatasun asko bearren zala, laterriak jausi dira. Bakaldun bakar eta leendakari «dictadore» batzukana ez ete dira zuzenduko erriak? Hitlertarren gurenda onek, Mussoliniren agintaritzak eta Stalinen jaurkereak auxe erakusten dabe. Itz batean, iru jaurkera oneik agintaritza bakarrak dira, ez erritar agintaritzak.

1932-IV-29

 

aurrekoa hurrengoa