www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Catalunyako Jocs Florals

 

        Catalunyako udabarria baizen ederrik ez dago. Maragallen bertso baten antza dauke itxas ertzetako lerrak. Olerkari batek ezin aurkitu daike toki bereziagorik. «Mare Nostrum» deritxoen itxasoko aize samurrak «Ametller», naranjo ondoetan. Ibilli dabiltz, guztia egituz ta laztanduz.

        Barcelonako kai musturrean gengozan Maiatz edo Orrillaren leenengo egunari begira. Milla olerkarik katalanderaz kantau deutsoen orrilla zelakoa zan jakin gura neban. Zidarrezko lits baten antza euken ozertzak. Zeru urdiñaren egalpean argi-argi agertzen ziran barku nagusien ageak. Lorail zoragarria! Gauza asko ikusteko gintzan. Egunari berea emongo deutsogu bai? eta gaur Jocs Florals edo olerkari txapelketeari darogoiogun.

        Noiz asi ziran katalandarrak jai orreikaz? Maiatzaren leenengo igandez egin ziran 77garren txapelketea osotu edo betetzen eben. Ba dira urteak! Irurogeta amazazpi urte oneitan Jocs Floralsak egin daroez eta olerkari onenai aintzazko bideak zabalduten deutsez.

        Palau de la Musica Catalanara joan gintzan. Toki eder bat jentez beterik ikusi badogu, axe bai bete egoala. Goi aldean lora txorta andiak agertzen ziran eta lora artean Olerkarien Erregiñea izango zanarentzako jarlekua.

        Laurak edo ziran leendakaria eta etorri ziranean. Generalitat eta Udaletxeko gabizaiñak edo mazeroak arro be arro jantzita sartu ziran. Urrun etorzan Barcelonako endorea dan Pic i Pon; Huguet, Sedi, Duran i Bentosa, Pi i Sunyer; gotzaiñaren ordez Cardo jauna: Academia de Bones Lletres, Ciencies i Arts, Tribunal de Caasció, Collegi d'Advocats, Circo i Artistic de Sant Lluc eta beste eun bazkunen ordez ta izenaz etorri ziranak poztu ginduezan. Poztu, bai orixe! baiña zelako samintasuna barruratu jakun: Euzkadin ez daikegu olakorik egin. Geure Olerkari Egunetan ez doguz ikusten aldundiak, udalak, jakintza bazkunetakoak eta abar. Aldekuntza andiak dagoz Catalunya eta Euzkadiren artean.

        Pic i Pon jaunak asierea emon eutsen olerki jaiai. Gero Puig i Cadafalc jaunak itzaldi jakin eta gorengoa egin eban. Morales andereak, idazkaria zan eta, urteko agiri edo memori osoa irakurri eban.

        Bereala olerkiai buruz jarri ziran. Itxita egozan idaztazalak zabaldu ebezan eta leenengo saria Perarnaurentzat izan zan. Txalo otsa, ta zorionak! Bost edo sei jaunen artean antzokitik urten, gero Olerkari Erregiñeaz batera goiburura igon bear zan eta. Perarnau arentzat bere emaztea erregiñatzat autu eben.

        Eta saria irabazi eban olerkia oguzi euskun «Mimosa, flor de febrer» deritxo. Zer esango geunke? Catalunyako olerkari onenik ez ei da Olerki Egun orretara aurkeztuten. Carner, López Pico, Riba, Teizidor, Sánchez Juan, Riber eta beste kapitan guztiak ez dagoz Jocs Florals batzutarako. Onetzaz ez gadizan aztu. Euzkadin egiten diran Olerki Egunetan ez eutsen saririk emongo Perarnauren olerkiari. Gauza txarra benetan!

        Amazazpi urte edo daukozan gazteño batek egingo leukez alako bertsoak, baiña gizona dan gizonak ez dau antzekorik egingo. Perarnau orren olerki liburu bat emon euskuen. Onak? Txarrak? Catalunyan gaur nagusi diran olerkariak eta Euzkadikoak antzik dauken edo aztertuko dogu. Emeko batzuk ez dauke angoen jaunatzarik ezagutu bear. Areik baizen on ta gurenak baitira.

        Olerkari txapelketa aretan beste sari batzuk be banandu ziran. Grauges, Pere Berdaguer, Camil Geis, Colom i Perra eta Jaume Vilarentzat izan ziran. Sari oneik urterokoak dira, baiña noiz bein emoten diranak beste batzuentzat izan ziran. «Premi Dolors Monserda», Anton Navarrorentzat izan zan; «Premi Consepcio Rabell», toki aretan egon ezan olerkari onenarentzat beste guztiak baiño geiago balio daualako, Maria Manent emakumeak.

        Azkenean, Montpeller aldetik etorri zan Joan Amade jaunak itzalditxo bat biribildu eban. Lorakaz zer egin eben? Perarnau olerkariak lora txorta erdia Miren Neskutzari bialdu eutsan; beste erdia Maciaren illobi ganerako izan zan.

        Palau eder aretan nengoan aldi osoan, an barik beste toki baten burua neukan. Geure aberriko mendi magaletan! Euzkadin egiten diran Olerki Egun gaixoetaz oldoztuten nengoan. Catalunyan baizen olerkari onak daukoguz; an beste ederzaletasuna be geure artean ba dago. Zergaitik ostera, ain jente gitxi batuten gara? Europa osoan ezagunak dira Catalunyako Jocs Florals orreik eta ango olerkaririk onenak Italieraz, Prantzeraz, Doitxeraz eta agertu dira. Olerkariakaitik ez balitz be, aberriagaitik egin bear geunkez olerki jai ospetsuak.

1935-V-12

 

aurrekoa hurrengoa