www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Biotz begietan

 

        Emen daukat esku artean idazti barri bat. Euskerazkoa dau bere mamiña. Olerkietan egaiz egin dau Lizarditar Jabierren altzotik. Idazki txikia, baiña ondo osatua. «Biotz begietan» deritxo, olerkigillearen begietan eta biotzean sortuak balira.

        Eder miñak jo dau Lizardi jauna. Noragiñokoa dan ezin adierazo, baiña neure agorako gorengo maillan jarri bear izanen dogu. Erderaz be alboko orriz datorz olerkiak, iñori ulergaitzak atzerantza eragin ez dagiontzat.

        Olerki oneik eskutara dozuzanean, neure oar auxe gomutan euki. Neuk baiño obeki onetzaz aurre itza egin dauan Orixe jaunaren itzak: «Etzazula eriosuar irakur emengo olerkirik, ahalpaldi arnas batez asi ta buka; ezta, agiz, lerro osaka, lerro erdika, laurdenka, itz bakoizka, gauzak eska dezan araura baiño. Mandoaren ur edateari baiño oilloarenari areago zagozkio».

        Lizardi jaunak goietaz egaiz dagi. Orain arteko bertsogille askoren antzik ez dauko.

        Adiskide miña jat Lizardi ta adiskide antzo gauzatxo bat belarrira. Zeure olerki ederrok abarrotsa ta zalapartak amaituko dabez. Entzun bear izango dozuz entzutekoak. Zaarzale diranak, barrizale diranai arrika egiteko begi zoli dagoz. Zeure esangai ausartuak, askoren atsegin? Ezta atsegin erdi be!       

        Gogai lar dozuz buruan eta asko bizi dira gogai barik. Oneei min besteen joritasunak edo. Olerkiz olerki neure eritzia entzungo dozu beste egun baten. Erderaz esango deutsut, ez errezago jatalako, idazkiaren zabalkundea egin nai dodalako baiño.

        Ahapal guztiak irakurri ostean, biotza asetu jat. Pozak irri egin deust begi ninietan. Euskerari orrelako olerkariak sortu bear jakozala nork uste? Baiña zeure olerki txortan atsegiñen gaur be, Tolosan saritua jat. Urte-giroak jatazan eder. Udazken, beste batzuk naiago. Uda (baso itzal) egokia. «Biotzean min dut» ez da makala, triste antzo ez ete zagoz?

        «Jabiertxoren eriotza» begietan sartu jat. Orain arte olakorik ez dogu entzun. Neuri beiñola olerkari ots egiña zara. Nik, baiña, ezizena utikan jaurti dot, zeuri ots egiteko era bardinez. Baiña olerkari iaioa zara gero. Ez zaitudala bildur, baiña etxean kirikiño baten antzera nerau sartu naiz, beste baten olerkietan urten nai ezik.

        Ausartua nintzake, uste neban, baiña bildurrak jo nau. Olakorik jazoko? Ez! Urtzik emon deutsu irudipenik lar. Doai orreei erantzun bear. «Zuaitz etzana» bizitzaren irudi begizu.

        Geiegi goratzen zaitudala iñork uste izan ez dagian be, oar bat esango deutsut. Neure ustez illun dira zeure olerki batzuk. Euskerea zeure morroi dozu, baiña noizbeinka iges egiten deutsu, ezin esituta. Onetzaz gomutan dot Carducci olerkari aipagarriak iñoana. Ezin gerketarren era esi italiarren elean eta illuna bere begi gain zala ots egiten eban.

        Oraindik biurtu barik dan izkuntza onetan, gura doguzan gogaiak ezin esan. Bakoitza gabiko bategaz gabiltz, txinpartak atera nairik. Onela obeto, bestera baiño? Izanen. Baiña naiko lan egiten dau onela barik bestela egin bear dala erakusten dauanak.

        Garcilasoren olerkiak, gaurko Alberti edo Machadoren antzeko izkuntzan? Ez. Baiña Garcilaso izan ez balitz, edo Gongora izan ez balitz, gaurko García Lorca edo Guillén be ez ziran izango.

        Lizardiren olerkiak au, ori edo bestea izango dabe, baiña olerkiak ez dirala ezin esango. Neuk be leenengo olerkari izan naiak senti nebazan. Gaur ez, eta argi esango dot: Lizardi dogu buruzagi. Kiderik ez dau izan, diño Orixek, nekez duke garaitzaillerik.

        Olako olerkari bat agertzen danean, alde guztietan poza entzun bear geunke, baiña lurralde onetan ots bat be ez dogu entzun. Negar egiteko lain. Olerkari bat Urtziren bezuza da, besteen pozgarri dan gizona. Baiña euzkotarrak ez dakie zer balio dauan olako batek. Emen olerkariak zorotzat edonork artuko dauz. Gaurkoz Euzkadin ezeze Espaiñan be, Lizardi lako olerkariak ez dira izango bi. Geure elertizaleak poztuten dira? Ez dirudi. Eder miñak barik, zizki-mizka azkureak jo dauz.

        «Biotz begietan» idaztia izkuntzaren mugarri bikaiña dogu. Askoren zoztor-bide, beste ainbaten atsegin-gai. Eta egilleari zorion egiteko seme. Semerik borobillena, xaloena ta ederrena egin deuskulako. Txapela erantzita agur, olerkari gurena.

1932-V-11

 

aurrekoa hurrengoa