www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Lizarrako batzarra

 

        Lizarrako batzarrak, beste gauza askotan bere onurarik ekarri ez baeuskun, bateri egon da benetan: euzko guztien batasunari ta anaitasunari. Antxe iñoiz nabaritu ez dogun eran sentidu genduan, abendaren kume guztiak irin baten bitartez bizi orain.

        Egun alaikorra ta edestiaren altzoan maitasunezko izkiakaz idatzita geratu bear dauana. Eundi urteak daroaguz beti alkarren aurka ta alkarreri agurrik egin gura ezik. Eta euzkoak beti bide batetik ibilli ez daitezan, arrotzak ardura andiena euki dabe. Ez arrotzak bakarrik, bertoko euzko odolaren aurka dabiltzanak bere bardin.

        Anaiak beti ibilli izan dira burrukan eta aberriaren galkuntza ikusi arren bere, ez ziran alkartuten, abereak eurak bere batuten diran arren txar bat aurrera jatorkenean.

        Edestiari bagagoz, negar egingo dogu, urte askotan ez dogulako ikusi euzkotarrik bere erria zainduten. Alde batetik naparrak, bestetik giputzak, gero arabarrak eta azkenez bizkaitarrak, guztiak naiago izan dogu arrotzari eskuak emon anaiari barik. Kanpotik uste izan dogu gaizkundea etorriko jakula. Anaiaren bildurra genduan, ez ostera arrotzarena, ta orrexek galdu izan gauz.

        Baiña edestiaren okerra, girin txarren lerroak deuseztu gurean, batu gintzazan igandean Lizarrako uri ederrean. Antxe zin egin genduan euzko erriak batuta aurrera joan gura dauala. Bere zanean ba dala oraindik odolik naiko, antziñako okerra borrau eta edestiari aintzazko ingiak lotuteko.

        Batasun au alde guztietatik ondo jatorko ostera. Euzko erria txikerra danik ez dago zetan esan. Txikerra izan eta barriz bananduta dabiltz, etsaiak laster iruntziko dabe. Leen bere orixe izan zan oben andiena. Ganera odolez eta izkuntzaz eta izakeraz bat ez bagiña, alkarren arteko artuemonak bere batasun au egin bear dogula esaten deuskue. Euzkoen artean zer ikusi naiko daukozu, iñorengana jo barik.

        Batasunean indarra, iñoen antziñakoak eta orixe billatu bear dogu. Inguruan dagoz etsai amorratuak, indar andiagoaz, txiroak diran ezkero, bestearen odoletik bizi nairik. Oba dogu ba bere bizitza daukanagaz alkar artu, eskekoagaz baiño. Geure Euzkadi aberatsa dala askok daki ta beti egongo dira atrapau gurean, baiña euzkoen indarra bat egiñik badago, nork orren aurkarik egin?

        Batasun onen indarra abertzaletasunak ekarri dau. Oneri zor jako aspaldian euzkoak nabarituten daben alkartasun naia. Abertzaletasunak ez dau bakarrik aberriaren alde egin, askatasun billa, batasun billa bere lanik ederrenak egin baituz.

        Eta ezin ulertu daiteke benetako abertzalerik, batasun onen billa ez badoa. Euzko erria osoan maite bear da, ez atalka, zatika. Odolez, izkuntzaz, edesti eta izakeraz bat garan ezkero, batu bear gara betiko. Lizarrako batzarrak orixe jasan gura izan dau, orretara jo dau ta ez dago beste biderik. Edo euzkoak batzen dira edo sekulan oinpeturik biziko dira.

1931-VI-17

 

aurrekoa hurrengoa