www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Eztabaida

 

        «Argia» asterokoan idazkitxo bi irakurri ditut «Bide barriak» dirala ta. Larreko, idazle askoren maisuarena bata. Larreko jaunak berari jagokon erara, argi ta maitekor idatzi eban. Eskerrak egiten deutsodaz, egiaren aldetik dabillalako.

        Gaurko idazleen artean erdal usaiña darabilgula egia da. Tamalez erbestetarren ekintzetan argiak gara. Geure gaztaroan egin doguzan ikaste guztiok, erderaz. Eta urteetan euskera be ikasi bagendu!; baiña txikitan itz batzuk euskeraz entzun arren, geienak erderaz baizik ez dogu egin. Euzko idazleai jarraitu bear deutsoegu tinko-tinko, batez be antziñako idazle jatorrai. Onetzaz itzik be ezin egin daikegu, guztiok gagoz asmo onetan eta.

        Larreko jaun onak ondo daki nora jo bear dan eta bere onuak aitzakotzat artu bear doguz. Euskal idazleak azaletik baizik ez dogu joten geure elea.

        Baiña napartar idazle agurgarriaren oste, beste batek be ots egin dau Argiaren orrietatik. «Euskaldun batek» izenpetuten dau. Nor dan ez dakit, euskaldun asko diralako, baiña igarriko neuke bere jaubea. Bide barriak ez dira idazle orrek uste dauan tokietatik ibilteko. Izkuntza barria ez, zaarra bear dogu. Gaurkoa tinkotu daigun, guztiz tinko joskeran. Baiña tamalez, leengoan ondo ibilten dakienak ez dira agertzen bestean aginka egiteko baiño. Gauza erreza da bata besteak egiten dauan lanari akatsak aurkitutea, baiña norberak idazti bat argitaltzea ez da orren erreza.

        Bide zaarrak ezagututen dabezan orreik ixillik dagoz edo. Ganera, neure idatziatzazkoa oker dago. «Bide barrijak» baderitxot, ez da izkuntzagaitik geiagogaitik baiño.

        Orain arte erabilli ez diran gaiak diralako geure liburuan, izen ori jarri neban.

        «Lauaxetaren «Bide Berriak» (sic) ez dut ikasi: Bizkaieraz egon bear du eta nik ez dakit gipuzkoeraz baizik». Neuk be ez dakit bizkaieraz baizik eta ezin idatzi ba, gipuzkeraz. Tamala ez da erriko txokotxoan sartuta bizi izatea!

        Eta oraingo olerkietaz diñoana egia izanen da, noski: «Ulertu eziñak» «Alaz ere oiek aipatu eta oiek saritu». Euskera errezean egiñak non geratzen dira ba? Gai danak olerkiak egiteko egin bediz, errez edo gaitz. «Ori ez da euskera txunkutzeko bidea, naspiltzeko baizik». Baiña naikoa ez da au esatea.

        Oraindik zeresan geiago dauko idazleak eta ona zer dirauskun:

        «Orregaitik olerkari batzuek, asko ez izan arren, zaletasun andia dutenak eta olerki politak egiten zituztenak, gogaitu ta zapuztu dira, ba uste det oien galera euskerari ez diotela ordaintzen bide berritik nai dutenak».

        Bide barritik doazenak goralduten dabe ba, Arresetar Emeteri olerkari aintzagarria. Bide ertzera jaurti ete zaitugu, Arrese, oraingo barriak? Ez dot uste, olerkari orren liburu bietan pozik edaten dogulako askok. Enbeitatar Kepa gogaitu ete da oraingokoak ez dabelako sarituten? Ez. Garbinai olerkari jaioa be baztertuten ete dabe barriak? Gabirel eta beste batzuk? Ez, benetan olerkari diranean, aintzakotzat artzen dabez guztiak.

        Sariketan olerki bi izan dira sarituak: neurea bata, ta bestea Lizardirena. Euskera txukuntzeko ez dira izanen, naspiltzekoak baizik. Baiña nik eta Lizardik ez daukogu errurik epailleak ontzat artu badabez. Euskera erreza daukoenak ez ziran agertu eta...

        Olerkariak ez dira gogaituten bide barrietatik dabiltzanak dirala ta, euzkoak ez daukoelako olerkarientzat txalorik baizik. Tamalez asko dira geure artean orrelakoak, baiña ezer egiten dabenak be geiago irabazten dabe ixillik egonaz. Izkuntzeari lagunduteko bide guztiak dira onak. Euskera ondo ez dakigunok aal dogun eran idazten dogu. Baiña beti, aberriaren izkuntza dalako ta maite dogulako geure erriaren ezaupide ederra. Nik ez dakit gipuzkeraz edo bizkaieraz edo lapurteraz ibili barik aal doguzan mota guztiak ikasi. Euskeraz beti mintzatu. Batzuk txarto egiten dogu, beste batzuk obeto, banakak ederki. Gorengo maillara igon gura dogu guztiak, baiña ezin... Euskaldunak jaiotzetik eta beti euzkotar artean bizi diranak, ez dakie zelako lana egin bear dan geure izkuntza ikasi ta itz egiteko.

        Aalegindu bediz ba, euskera zaarra ta errikoia dakienak idazten eta lan egiten. Izkera amak baleukoz idazle guztiak argiak eta azkarrak! Aurretik doazenak erakutsiko deuskue ba, bidea. Zaarrak edo barriak, betoz, itxaropen bako mendi onetan galduta gabiltza eta.

 

aurrekoa hurrengoa