www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Langilleak

 

        Langille asko dira txaidez zear dabiltzanak, ogia non idoroko. Lanezak jo dauz ta beso sendoak euki arren, ezin lanik egin. Ola-meatza mendietan ez dago zeregiñik.

        Gosea ugari da. Aurrera so egiten dabenak ba dira, baiña onik ez da agiri. Orain alditxo Madrile aldetik etorri zan batek, Euzkadin lanezik ez egoala esan eban. «Bertakoak non lan egin ba dauke, baiña tamalez kanpoko askok araxe joten dau. Oneik ba gorrituten dabe ango etorkizuna».

        Gizon aren itzak bidezkoak ziran. Euzkotarrak lana aurkituko leukee, eurak baiño ez balegoz. Kanpotik ostera eurrez, egunero datorzenak guztiak ondatuten dabe. Zer egingo deutsogu?

        Zergaitik datorz ba kanpokoak onantza, lanik ez dagoala badakie? Oneri erantzuna laster.

        Gran Via zear niñoiala, gizon bat eskean urbildu jatan.

        —Nongoa zara? Lan barik aldi luzea daroazu?

        —Burgoskoa naz. Iru illabete dira ona etorri nintzala.

        —Baiña lanik ez dagoala ez ete zenkian?

        —Bai, baiña Burgosen be ez dago lanik. Emen be ezin dot idoro, baiña zeredozer emoten deuste, errukiorrak diralako euzkotarrak.

        Errukiak ete galduko gauz? Geure anaiak eurrez, lan barik ikusten doguzenean, iñori emoterik ez dago. Auxe ulertu dabe emakume batzuk. Atzo igon nintzan Euzko Langilleak Correo txaidean daukoen etxera. Jantoki apain bat maai barriakaz agiri zan.

        Euzko emakumeak tokirik egokiena gertu deutsoe langilleari. Bazkaria egunero berreun langilleri emoteko ustez dira. Nondik orrenbeste txindi atara? Orixe da burukomiña!

        Berreun langilleri doan jaten emoteko, txindi asko bear dala edonork ulertzen dau. Baiña bildurra jaurti dabe, asi dira janari bikaiñak emoten.

        Eta arrotzak etorriko jakuz langilleenganako betebearrak erakusten. Utikan! Euzkoak ez dau iñorengandik ezer ikasi bearrik, bere barruan daukoz ba gogairik argienak.

        Gizarteko goraberak zuzenduteko, itzakaz ez, eginkizunakaz etorri bear gara. Itzaldiak ez dabe ezertxo be onduko txiroaren urritasuna. Langilleak burrukan jarrita be ez. Oletan odolik asko isuri dabe langilleak euren egoneziña apur bat osatuteko, baiña odolak ez dau onik ekarri. Kristautasuna dogu bide bakarra. Euzkoen artean kristautasun au abertzaletasunaren alboan dabil. Biok doguz sustrairik gurenak.

        Euzko langilleak non jan eta non edan ba daukoe. Ez da izango janari on-ona be, baiña biotz onez egiña bai. Txistu-otsa entzuten geban atzo, langilleak jaten ziran artean. Eta zelako zantzo ta zarateak be jaurti ebezan!

        Gero emakumerik dotoreenak dantzan egin eben langilleakaz. Ez dogu iñoiz ikasi abertzaleen arteko alkartasunaren kidekorik.

        Goipuruen idazkietan, kristauen eginkizunetan bide auxe baiño ez dot idoroten gaurko egunetan. Ludiko amorruak ezin zuzendurik dabiltz gizonak, eta ez dira zuzenduko, bakoitzak bere urkoagaitik zeredozer egiten ez dauan artean. Moscoutik ez jaku etorriko arazo oneen gaizkabidea. Marx edo Blumek be euren idazkiakaz ezin atonduko dabez. Baiña euzkotarrak ba dakigu zelan zuzendu dagikeguzan.

        Abendako semeai lagunduten deutsegunean, euren gosea kentzen dogunean, abertzaletasunak ez dau bear izango beste azalpenik. Ulertuko dabe itsuenak be, geure arloetan euzkoen ona baiño ez dogula idoro nai.

        Gosez egon diran anaiak jaten ikustean, zelako poza sortu jakun biotzetan. Orain ez dabe bide zear ibilli bearko, iñori eske. Euren etxera etorriko dira ta antxe idoroko dabe bazkaria. Anaiak baiño ez dira batuko, abertzaleak emoten deutsen bazkaria jateko orduan. Orain arte egin dan lanik ederrena auxe dogu.

1932-V-12

 

aurrekoa hurrengoa