www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Zangurru eder

 

        Ibai aretan zangurru edo kangrejorik ederrenak aurkitzen ei ziran. Orixe esan euskun Martolo Baltzak. Aren arrokeria! Bere erria lango erririk ez zan, bertako kangrejoak baten ziran ba, Bilbaoko La Alcazaba jatetxean bere ta.

        Barre egiten genduan. Zer egingo zeuntson ba? Baiña Mikel geure adiskide onak ez eban alako gauzarik sufriduten. Ederrak emongo deutsedaz! Ikusiko dozue zelako barre algarak egin bear doguzan euren lepotik.

        Artu geure tarrantak eta joan gintzan Murua erritxora. Murua au zein erri dan igarriko dozue. Trokan dago, inguruetan bidalako atxak dauzala. Erreka txikerrak buelta osoa emoten deutso eleizeari.

        —Nora zoaze ba? —itaundu euskuen.

        —Nora goazen? Gura dogun tokira!

        —Eta ori, flauta edo txirula ori zetarako dozue? Zoro galantak zaree gero!

        —Flautea joten ei daki ez dakigu nongo astoak eta... Barre ta algara eldu gintzan erritxora, Arratsalde alaia. Piñu artean oidalako kerizpea zan, baina sagarrondo beteak atsegiñago jakuzan. Usoiño basetxera zuzendu gintzan, ango ugazaba zalako geure Martola Baltz.

        —Eup!, egin geuntson. Eta ira ebagiteko erabillan zerrea itxi bertanbera ta geuganatu zan.

        —Nora arraio zoaze? Beti broman zuek!

        —Ara ba. Biar kangrejo edo zangurru batzuk koiu gura geunkez. Lagunduko deuskuzu?

        —Zuek ezin zeinkee kangrejorik atrapau. Jan bai, jan!

        Geure lepotik barre egin gura eban baserritar zozo arrek. Ez geuntson ezer esan, urrengo egunean bereak artuko ebazalako. Esan eta egin.

        Igande goiz oberik ez zan ikusiko. Ira edo gano gorriskak zoragarri egozan eguzki argiaren mosupean. Mendi ertzak sugarretan egozan. Eta areen aldean baño zuria zetzan, maindira baten antzean. Idi-beien arran otsak entzuten ziran.

        Martolo Baltzek iru adiskideri dei egin eutsen eta guztiok asi giñan zangurru billa. Areen barre-zaratak! Bat atrapaten genduanerako ogei dozena atrapetan ebezala ikusten genduzalako. Mikel amorruz egoan, alako batzuk barre egiten ebelako.

        Lotsaz gengozan, batez be euren kiñuaz. Neugandik aldendu zan. Nora joan zan? Ez dakit, baiña ura sakontxo eta loi egoan toki baten zerbait jaurti ebala susmau neban. Zer egin ete eban?

        Andik laster eldu zan. Pozik etorran. Gure baserritarrak joranez ebiltzan eta ezer atrapetan ez gendualako burla egiten euskuen.

        Mikel jezarri zan eta txirula atera sakeletik eta txirula joten para jakun. Ederto joten eban! Aren firuli-firuli otsak!

        —Zertarako joten dok ori? —itaundu eutson Martolo Baltzek.

        —Dantzan egingo joguk ala? —beste batek jaurti eutsan.

        —Zangurrurik ezin atrapau daike bai? eta txoriak atrapau gura izango dauz.

        Beneno utsa ziran arein itzak. Baiña Mikel ez zan larritu.

        —Au zertarako dan ez dakizue? erantzun eutsen. Onegaz baietz atrapau erreka onetan dagoan zangurrurik nagusiena.

        —Au baiño aundiagoa? —galdetu eutsan Praiskuk, ikarragarrizko bat eskuan ebala— Olakorik gitxi dago gero!

        —Ori baiño andiagoa atrapauko dogu. Bai orixe! Goazen ara.

        Guztiok joan giñan. Ura loi egoan, sakona be anditxoa zan.

        —Ementxe dagoz zangurru edo kangrejo arrak. Zuek atrapetan dozuezan orreik emeak dira. Noiz atrapau dozue zangurru arrik ba?

        —Ez, ez dogu atrapau.

        —Zeuk be ez dozu atrapauko —jardetsi eutson Martolo Baltzak.

        —Txirula auxe jo bai? eta atrapauko dot. Entzun egizue.

        Muga ondoan jezarri gintzan eta Mikelen txistu otsa entzuten zan lau kilometroan be. Aren soiñua! Olako baten esan eutson baserritar bati:

        —I, tiratu egiok kordel orri. Astiro gero, bestela iges egingo dau arraiñak!

        Goikolako Praisku asi zan indarka. Apurka tiratuten eutson kordelari. Besteak txirula joten eban. Zer zan a? Milagroa ete zan? Geure bizian ikusi dogunik arrain ederrena zan. Kangrejo lodi ta zabala. Ikaragarrizko amarratzak eukozan. Nondik barrabas urten ete zan?

        —Asto batzuk zaree —erantzun eutsen Mikelek—. Kangrejo arrak olako leku illunetan dagoz, baiña txistu edo txirulaz baiño ezin atrapau daitekez. Aitearenka egozan geure lagunok.

        —Eta emongo deuskuzu txistutxo ori? Bageunka!

        Begiak be ñirñir egiten eutsoen, txistu axe gura eban ba.

        —Artu egizue ba ta datorren igandean barriro etorriko gara. Ea ezer atrapetan dozuen gero.

        Agur egin guztiai ta aldendu giñan. Mikel ezik beste guztiok ikaratuta gengozan. Zelan arraio atrapau eban otarraiña? Otarrain edo langostea zalako, ez kangrejoa.

        Baiña baserritarrak egingo eben jakin gurarik, astelenez joan nintzan erritxo aretara. Leku ezkutu baten parau bai? eta kangrejotan ebiltzanai begira nengoan. Muna ertzean ebiltzan lau baserritar. Euretariko bat asi zan txistu edo txirula joten. Zarata galantak ateraten ebazan, baiña kangrejo arrik ez zan agiri. Egunero-egunero erri osoa joaten zan errekara. Nor geratu zan txistua jo barik? Jo eban Juanjo zapatariak, baita «Inpernu» anka-zabalak be, Narruako Josepa loditoneak berak be txistua jo gura izan eban.

        Baiña zangurru arrik ez zan agertzen!

        Urrengo igandea eldu zapean, Murua erri osoa antxe egoan. Agurrik egiten be ez euskuen itxi.

        —Emen ez da agertu zangurru arrik gero —esan euskuen.

        —Asto zaar batzuk zareelako —erantzun eutsen Mikelek. Lelo alako orreik!

        —Ondo jo dogu txirula ba.

        —Neure emazteak berak be jo dau.

        —Baita geure Pedrotxok bere. Ganera korneta izan zan errejimentuan.

        Ango berbotsa ta zokorruak burutik eragiten eusten. Baiña Mikel pozik egoan. Barre-barreka.

        —Ea, neuk joko dot barriro. Goazen igandeko lekura. Erri osoa joan zan bere atzean. Aguazilla bera be antxe zan. Urtean ogei duro kobraten dauzan aguazil gaixoa. Besterik bear bere ez ta! Bolanderak botateko bear izaten dabe. Guztiak, jezarri ziranean, Mikelek artu eban flautea. Asi zan txiruli-txiruli.

        Soiñu barregarria. Olako baten oiu egin eban:

        —Tira sokeari! Or dago, or dago zangurru ar ederra. Eta begi guztiak zabal-zabalik ziran bitartean, ikaragarrizko zangurru bat jaso eban. Txalo utsa, gora ta bibak baiño ez ziran entzuten.

        —Non erosi dozu txistu ori? —itaundu eutson atso zaartxo batek. Neure Iñozentzirentzat ederto letorke olakoxe bat.

        Baiña aren atzean beste guztiak itaundu eutsoen. Azkenean esan eutsen:

        —Zoaze Bilbaoko Askogitxi kalera, bai? eta antxe eskatu egizue olako flauta dotore bat.

        Esan baeban, esan eban! Murua osoa an izan zan. Dendan egozan txirulak saldu ziran, geiago eskatu ziran. Baiña alperrik. Granorik ez zan geratu! Eta ez bazan barregarria! Muruako biztanle guztiak erreka ondoan ebiltzan, txistu joten ibilli bere gero.

        Baiña zangurru arrik ez zan agertzen. Andik egun batzuk barru Mikel etorri jatan.

        —Ea, lagundu egistak alako arraindegira.

        —Zetan?

        —Langosta bat erosten. Gau gabean joan bear joguk Muruara ta ango errekan langosta auxe jaurti. Sokan ondo amarrata gero.

        Nire barre zantzoak entzun ziran Fikan. Orduantxe konturatu nintzan Muruan atrapetan ziran zangurru arrak zelakoak ziran. Mikel barrabasak eroaniko langostak ziran. Apur bat ixildu nintzanean, Mikelek esan eustan:

        —Baserritar batek burla egingo deustala neuri uste dozu ala?

        Igande aretan egin nebazan barreak! Murua erria erreka ertzean zan. Umekondoak eurak be firuli-firuli. Ikusteko be!

1934-IX-16

aurrekoa hurrengoa