www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Batzarra

 

        Gaur batzarra izango dogu, abertzaleak egingo daben batzarra. Bilbaoko basurde andiok erabaki bat artu eben bai? eta erabagi ori ez jaku begikoa.

        Espaiñarrak iragi eben Josu Biotzaren irudi bat Gran Via txaidean. Oindiño gomutan daukogu zelako poztasuna jarioten eben espaiñarrak. Abertzaleai irain bat geiago egin euskuen.

        Biotz donea maite izango dabe edo? Ezetzik ez diñogu, baiña asmo auxe erabilli eben: «Reinaré en España con más veneración que en otras partes». Eta Bizkaian be irudi ori iragi bear da. Txindia emon ebenak, irudia egin ebenak, onetsi zan egunean etorri ziranak, guztiak espaiñazaleak ziran. Beraz ezin goraldu dagikegu. Egun aretako abestiak eta ikurriñak gogoan doguz. Antziñako «Marcha Real» abestuten eben, espaiñarren ikurriñak an-emen ziran. Eta ango itzaldiak itzaldi gogorrak ziran, gogorrak abertzaleontzat. Primo de Rivera, Bakalduna eta abar etorteko ziran. Azkenean ordezkoak eldu ziran. Bilbaotar Estepan jaunaren itzaldiatzaz oroi gara.

        Abertzaleok abegi onez begiratu ete geinkio irudi orri? Ez, ba.

        Zergaitik orduan gaur izango dan batzarra? Irudi aren alde ez gagoz, baiña ezin jasan dagikeguz Josuren aurka egiten diran gauzak. Uzkurtzaren aurkako erabakia izan da. Eta geure kaltez irudi a iragi bazan be, orain alde batera jaurti daroagu egin jakun iraiña ta Kristoren dedua ta aintza zainduten doguz.

        Batzar onek garrantzi geiago dauko, beraz. Eskumatarrak, espaiñazaleak irudi orren alde itz egin nai izatea edo zalapartaz jagitea arrigarria ez litzake izango, baiña abertzaleak uzkurtza baiño ez darabille begi aurrean. Beste gogai batek ez dauz igituten.

        Itzaldian au, ori ta bestea esango dira. Ezkertarren aurka gauza andiak entzungo dira. Ez dago txarto. Baña itzak aizeak daroakez. Beste asmo bat guztiak atera bear dabe, asmo sendoa. Euzko abertzaletasunean baiño ez dago geure uzkurtzaren babesa. Olako egunetan deadar andiak eta gero espaiñazaleen adiskide ibilteak, ez dira gauza onenak.

        Kristoren irudirik ez zan kenduko abertzaleakin nagusitzan balira. Nok lagundu deutse ezkertar orrei? Bakaldundarrak ez ziran euren adiskide kutunenak? Geure aurka egin naiez, zelako alkartasunak ez ebezan egin guztiok!

        Oraingo negarrak ez doguz ulertuten. Ogasunakaitik edo ez ete dira gero? Erderaz bost izlari mintzatuteko dira. Euskereak ez dau balio edo... Eta abertzaleak gara... Baiña izan be Josu Biotzaren alde itz egiteko erderea langorik ez dago...

        Gauza andiak entzungo doguz, txalo ugariak. Eta pelota tokitik urtengo garanean, guztiok bazkari onena jaten. «Taberneruak» irabaziko dabe. Itzaldiak barik beste zeozer egin bear dogu. Itzaldi lar darabilgu. Kristo geure jaunaren alde ezer egin nai badogu, geure biotzak garbitu daiguzan, geure erri au kristautu daigun.

        Abertzaletasuna zabalduten jardun gadizan, baiña neke barik. Jel ikurritzean asmo guztiak batu daiguzan.

        Ondo asi gara: arerioai adibide ederra azalduten deutsegu. Eurak geure aurka egin ebena aaztu ta Kristoren alde jarduten gara. Irudiagaitik ez gabiltz, Kristoren aginpideakaitik baiño. Etxean eta atera, eskubideak daukozalako guztiak buru izateko.

1932-XII-4

 

aurrekoa hurrengoa