www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Iruiñako batzarra

 

        Laster asi dira iraukitzaleak igandeko sopekeriaren ondorengoak batzen. Nabarran ezeze emen be asarre bizian dira notin asko, oneik egin daben doillorkeria dala ta.

        Ainbat gazte ta zaar etorri dira abertzaleengana. Euren bidea zein dan igarri dabe. Ezkertarrak eta eskumatarrak, guztiak bardiñak: geure etsaiak. Igandean asi zan abertzaletasunaren zabalkundea Nabarra osoan. Orain Diario-ko zapoak, doillorrak, jauntxoak eta guzurtiak jakingo dabe euzko erriak zelan ordainduten dakian etsaien lana.

        Euzkadiko izparringiak oso itz gogorrakaz epaituten dabe nabartarren egiña. Leen ez ziran batu, ba, Araudiatzazko erabakiak artzeko asmoz? Orduan araudi bakarra gura ebela azaldu eben, baiña atzipetu gabez. Oraingo geure Euzko Araudia autarki bidez geureganatuta eukiko geban, baiña onegiak garalako, besteen begira egon gara.

        Iruiñan jazo zana jakin ebanean, pozez beterik agertu ei zan Prieto jauna. Eta zelan ez? Euzkoen batasunak buruko min andiak damotsoez Madrileko buruai.

        Nabarra galduta dago urte askotarako. Orain araudi barririk ezin lortuko dau. Ta orain daukozan eskubideak kenduten badautsoez...

        Araba, Bizkaia ta Gipuzkoako araudiak ostera, erraz urtengo dau. Ez daukogu lan asko egiterik geuretzat araudi bat atarateko, baiña tamalez, erdibituta gertauten gara. Zelako negar malkoak ikusi ziran igandean Iruinako enparantzatan. Mutil gazteen begietan negarrak ikusten ziran. Zergaitik ziran? Gazte areik ziran benetan euren erria maite dabenak, areik eukoen biotzetan geure aberriaren sua. Eta anaiak banandurik ikusteak min egin eutsoen. Alkarri besotik oraturik itz atseginkorrak esaten eutsoezan, urrengorako indarra euki egientzat.

        Abertzaleak negar, baiña ezkertiarrak eta iraukitzaleak barre. Zelan batuta egozan Nabarraren etsaiak, uzkurtzaren ardura barik.

        Eta non ziran Araudiaren izenean aukeratu gebazan aldunak? Non ziran Beunza, Aizpun ta besteak? Araudiaren alde eurak an egingo ebela, ta igandean batzarrera eldu be ez?

        Olantxe atzipetu gabez aldun barragarri oneik. Euren eginbearra au zan, igandean batzarrean egon bear izan eben, baiña doillorrak egiten dabena egin eben. Aldendu ziran. Lotsarik baleukoe, ez eben egingo olakorik, baiña lotsea zer dan ez dakie, antxe ikusi zan legez.

        Gaurtik ezin iraun leike «Minoría Vasco-Navarra» deritxon alkarte orrek. Alkartasun ori apurtu bear da arin be arin. Zer aldeztuteko egongo dira geure aldunak orreikaz? Espaiñako bakaldunak ekarteko? Espaiñako laguntza arazoak zuzenduteko? Espaiñako iraukitzaleak lagunduteko? Ez dogu bear orreikaz batasunik.

        Eta orain bakoitzak zer egin dauan oldoztu bear. Gero aldi txarrak etorriko diranean, ez begiskue otsik egin.

        Baiña orain beste bide bat aztertu bear geunke. Iraukitzailleak, saltzailleak Fueruak gura ei dabez. Tira ba, araudiak jaurti dagiguzan bai? ta Fueruak billa joan gadizan. Zer erantzungo dabe saltzailleak? Orain amabost urte Pradera saltzaille, doillor, zitalak esan eban: Nabarrak ez dau gura Fuerorik, antziñako lagiak diralako. Gaurkoan beste lagi batzuk bear dira. Eta orain Fueruak bear ei dira. Oneexek dira Espaiñaren morroiak, geure erria salduten dabizanak. Makoentzat sarri itz egiten dogu, baiña euzko seme saltzailleen aurka itz geiago egin bear geunke.

1932-VI-19

 

aurrekoa hurrengoa