www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Iruiñako batzarra

 

        Igande goizeko «Azalpenak» olantxe amaitu gebazan: Euzkadiren batasuna udalengandik jatorkula diñoenai, Euzkadiren batasuna ta gaizkatasuna abertzaletasunetik.

        Eta gaur Iruiñan jazo dana ikusi ostean, igandeko itzak barriro azalduten doguz. Geure aberri gaixo onen batasunik ez da etorri beste iñondik be. Abertzaletasuna sendo zabaldu, guztiai euren jaioterria erakutsi, abendearen etorburua azalduten deutsogunean, Euzkadi bakarra izanen da.

        Nabarrakoak erru andia daukee jazo danagaitik. Baiñ a damututeko ordua be elduko jakoe. Erriak ez dauke larri ibilli bearrik. Geldiro be euren elburura elduten dira. Ezkertarrena izan dala errua? Eskumatarrena? Alderdi bietakoena. Batzuk eta besteak agertu dira euzko erriaren etsai. Baiña errurik andiena eskumatarrena. Beste bein entzungo bagendu alkartasuna bear dogula eskumatar doillorrokaz, zer erantzun jakingo dogu.

        Orreik ulertu bear ebezan zelako onurak irabazten ebazan uzkurtzak araudi orren bidez, baiña jauntxokeriak itsutu dauz. Ondorengoak be jasan dagiezala. Araudi alde egiteko autu gebazan aldunak, baiña saltzailleak egiten dabena egin deuskue.

        Iñoiz ez geiagotan batasunik orreikaz, Euzkadiren saltzailleak diralako. Baiña ezkertarrak be bardiñak dirala erakutsi eben Nabarran. Oneik be polito iges egin dabe araudiaren aldetik. Benetan gura izan balebe, ez zan galduko auteskundetza.

        Ez da jazo dan au iñoren adorea kentzeko lain. Abertzaletasunak aurrera ekingo dau au gora-beera. Baiña Nabarrako abertzaleak zer ikusi andiak daukez, igandean jazo zana bide. Zelan jokatu bear dan igarriko eben. Tamalgarria dogu igandeko gertaerea, biotzak ez dira kikilduten baiña. Ez, Euzkadi gizonen doillorkeriak, sapokeriak eta lupukeriak baiño gorago dago. Iñoren bekaitzak, ikusi eziñak, jauntxokeriak ez dabe zapalduko.

        Jagi ba euzko semea; gaur ez dana lortuten, biar lortuko dau. Itxaropena baiño ez da bear, besterik ez.

        Zenbat bidar ementxe esango dogu: abertzaleak ezin alkartu geintikez iñogaz be. Orain esaten dira leengo itzak. Sarri asarre ziran asko, itz areik zirala ta. Baiña abertzaletasunaren itzak egiazkoak dirala, geroago ta argiago dakusgu.

        Euzko Araudi barria egin? Ez dago txarto, baiña abertzaleari ezin emon dagikio poztasun andirik asmo orrek. Geuretzako gauzarik onena beste bat zan. Nabarra geureganatutea, odolez anaiak garanok bananduta gabiltzalako. Irabazte batzukatik, ertzaintza, gudaltza ta abar ez dira geure niniko, beste batasun ederra baiño.

        Ez dakigu geure buru diranak zer erabagiko daben. Baiña areik esaten dabena egiteko, beti prest izango gara. Adore andiegiaz artuko dabenik orratiño, ez dogu uste.

        Lau autarkiren aldakuntza baiño ez da izan Nabarran. Iraukitzaleak edo tradizionalista deritxoenak pozik egongo dira, baiña laster ikusiko dabe zer irabazi daben. Udal orreik ez dira egongo eurai begira. Abertzaletasunak ostera, aurrerakuntza andia egingo dau.

        Ortik jokatu bearko dabe guztiak. Nabarran ez da egin bear zan lana. Oraindik itzaldi asko, neke asko igaro bearko dira, errietan aberria ezagutuazo arteragiño.

        Leringo saltzailleak jarraille onak izan dauz. Pozik egongo dira, baiña jauntxoen azkena laster elduten da. Iñork uste ez dauan orduan. «Diario de Navarra» bat, «El Pensamiento Navarro» beste bat, eta gero jauntxo batzuk izan dira, euren zapokeriak iraunazoteko, araudi aurka jarri diranak. Begoz euren izenak euzko semeen biotzetan, betiko dongetsi dagiguzan.

        Eta araudi alde barik, euzko batasunaren alde autarkia emon dabenak. Eta orain lan egiteko prest. Biotzak gora, ta Nabarra abertzaletu arte. Aldiak etorriko dira. Batasuna eskatuten etorriko jakuz, baiña gaurkorik ez dogu aaztuko. Ezin aaztu izango dogu!

1932-V-21

 

aurrekoa hurrengoa