www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Loren goralpena

 

        Loren goralpena egin gura neuke. Txorta bat ikusi dot txaide ertzean eta odol tanta antzo, gorriak ziran. Lorak atsegiñen lorondoan dira, goizeko intzez bustita. Eguzkiak legortu daroaz, eta usain barik nazkagarri jatzuz.

        Baiña udabarri onetan euria bide dala edo, lora gitxi dakusgu. Iñoiz baiño bearren doguz, ostera. Gurenda orduak datozen aldian lorak edozetarako dira. Lorazko burestunak egiten diñardue neskatxak. Bular ganean edergarri jatzuz, jairik jai doazan aroan.

        Udabarriko jaiak lora barik ezin ulertu dodaz. Neskatxak eta liliak alaituten dabe zelaiko ingurua. Lorondo orotatik sortu ordukoxe ebagiten dabez, eta tolesbako umiak legexe barreka dagoz. Erromeri guztietan alaitasuna zabaltzen dabe, usain goxoa isuri. Orra zergaitik lorak maitegarri jatazan. Eta mindu nabe txaide ertzean ikustean. Zergaitik? Oldozpen itunak sortu jataz eurak ikustean. Or dozuz geure Euzkadiko lora asko txaide ertzean. Jairik jai, baserririk baserri dabiltzaz besteak, baiña eurak maiteago dabe txaide ertzetako basatza. Lizunak jotzen dauz ortxe eta abendaren lorarik ederrenak zimelduten dira.

        Neskame antzean datoz urietara, lorondotik ebagiten dan lilia legez. Eta tamalez siketuten dira, legortuten dira. Euzkotar usainik ez dauke, ez margorik. Erdaldunen artean bizi dira ta lotsatuten dira euskeraz itz egiten.

        Eta ez gagoz euskeraz itz egin ez egiteari bakarrik, oiturak galdu, gurasoen ikasiak baztertuten dabez. Urian eurak zainduteko, non edo non batzeko balego iñor, baiña jaramonik ez jake egiten. Galdu ostean, ots egitea naikotzat daukogu. Euzkoak erru andiak daukoguz, urira datozan neskameai laguntzarik opalduten ez deutsegulako. Non dagoz abertzale diran emakumeak? Barriketan ibilli barik, bateko batzokietan sartuta, besteko dantzak ikasten, oba alkartasun eder bat egingo balebe baserrietatik datozan neskameakin.

        Noren etxera datozan jakin dagien euren gurasoak, abertzaleak lerroetan euki bearko leukeez urietako geienen izenak, zelakoak diran, nongoak eta uzkurtza zaleak diran edo ez. Orrela uri txikietan abertzaleak jakingo leukee norengana jo, euren alabak urira bialdu baiño leen. Lorak ikustean ori bururatu jat. Zer ikusirik ete daukon iñork itaunduko dau. Ez dakit.

        Baiña euzko emakumearen ardurea batzuk artu bear dabela uste dot. Lorondotik at egozan loratxo aiek, legortuta ikusi nebazan. Lorak ebagi ostean ontzi baten sartzen dabez ur pitin bategaz. Orra zelako ardurea eukiten daben. Olakorik egingo ete dogu ba, baserrietako neskakin? Sarritan nora jo ez dakiela, zer egin ez dakiela aurkituten dira euzkotar neskatillak eta leenen eltzen jakenakaz doaz, batek ba daki nora. Baiña neskame orreik balekie euren batzarra dagoala, abertzaleak arduraz begiratuko deutseela, laster elduko litzakez araxe. An euskeraz igandeetan mintzatuko litzakez, pozik baserriko gauzetzaz jardungo leukee. Au irakurten dauan emakume batek ez dau ardurarik artuko onetzaz? Baietz uste dogu. Udabarriko lora ederrak galtzen ez daiguzan itzi. Jairik jai, bular ganean daroez lorak, geure abertzale diran emakumeak eta urian itziten dabez lorarik bikaiñenak. Orra or zer eskatuten deuskuen euzko emakumeak.

Euzkadi, 1931-V-23

 

aurrekoa hurrengoa