www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Batasunaren esi

 

        Batasunaren esi edo esparruan ñabartasuna atsegingarri. Mota askotako lorak ez dira lorategiaren iguingarri, kaltegarri, edertasunaren eutsigarri baiño. Munduko gauza danetan begiak asetuten jakuz, lauak barik arrotuak diralako.

        Arako margoa ez ete dogu ikusi? Zurezko esi batean loturik dago, baiña zein ederra dan, begien pozgarri, margo bat ezeze beredin daukozalako. Orra gauza eder orotako agorik daukonak, zergaitik ñabartasuna nai dauan, batasunaren altzoan. Mukurrak ez dira ikusgarri, abartxo bategaz dagozan aroan, alde guztietara adarrak zabaltzen dabezan orduan baiño.

        Nabartasun oneri gagozan. Erderaz «variedad» esango zeunke ñabartasuna. Euzkotarrak arin zirkin dagigun, batasun alde mintzatuten bagara. Erki bakoitza zutunik dago, batasun itza entzun ordukoxe. Arraiñak alkar jaten dabela jakingo dozuena? Orrexeren bildurra dago gure artean be. Nagusiak jango dauala txikerra. Baiña oinkadak ondo emon dagiguzan. Nor da nagusi eta nor txiker euzkotarren artean? Legerik badauzagu, erri guztiak eskubide bardiñak euki dabezala jakingo dogu.

        Fueru jaube gintzazan egunetan batasunean gengozan, baiña zelako ñabartasuna gure artean. Bizkaiak bere izakerea dauko eta ez da beste eusko erkiakin lausotuten. Arabari nork idoroko leuskio Gipuzkoaren antza? Naparroak ostera, bere edestiaren ikurra agirian daroa.

        Baiña batasun orren alde barik aurka dagozanak, zer diñoen ez dakie. Naparrak Bilboren bildur dirala diñoe, giputzak ostera Naparroak jan bear dauzala. Nork jakingo egia aurkeztuten? Euzko erriaren edestia ez dazau ondo ori diñoanak. Geurekoiak gara, larregian izan be, iñoren goseak jan gadizan. Batasun orren aurka itz dagienak, ez dabe ikusten ñabartasuna geure artean beti loratsu izan dala. Baiña batasunak ez ete leukez ekarriko onura ederragoak, beti elkarren aurka ibilteak baiño?

        Kalte txikerrai adi dagoz euzkotar asko, onurai ostera atzea emoten deutse. Gauza bat aztertu gura dogunean, alde orotara aditu bear deutsogu. Euzko erriaren kalterik andienak batuta, alkartuta egon ez egitearren izan dira.

        Abendaz baturikoak garan ezkero, laterri bakarra eratu bear geunke Onen aurka dagoz euskal idazle beredin. Tamalgarri jake euren nagusitasuna beste batzuk kenduko eta deutsen. Itsuen errian nagusi izango dirala ba dakie, baiña guztiak zuurrak diran urian baztertuak izango litzakezala ere bai.

        Zelango onurak zurgu arazoetan, izkuntzan, edestian eta beste gauza orotan lortuko geunkez alkartasun orretan, Batasunaren esian ñabartasuna, asieran niñoan eta gauza ederragorik ezin ikus daikegu euzkoen artean. Bakoitzari dagozan ederrak, begoz, oiperatu bearrik ez dagolako. Baiña abendaren altzoan anaiak legetxe agertu gadizan. Noiz lora batek besteari kalte dagio, eguzkiaren argirik bientzakc ez daukalakoan? Guztientzako zerutik jausten da eguzk aitaren mosua. Abendaren indarra bere bardintxe.

Euzkadi, 1931-V-17

 

aurrekoa hurrengoa