www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Guzurrak

 

        Askoren bidea zein dan ikusi dogu. Umeak illargia eskatzen dauanean, ezin emon izaten jako. Baiña tira, umeak ez daki zer eskatzen dauan. Parkatu dagiokegu.

        Umeak ez diranak, barriz, illargi antzeko ezer eskatzen dabenean, zigorkadea merezi izaten dabe. Oraingoak illargia ez ei dabe eskatuten, gizonak buru-argiak diralako.

        Izan be, ume antzo agertzea ez da bidezkoa. Ganera illargiak ez deutsoe jaten emoten. Baiña illargia baizen gaitz lortuteko diran gauzak eskatuten dabez.

        Olakorik egia danentz? Ez da izango ba. Neu burusoil nazan legetxe. Zin andia egin dot geure, neure ulerako ziña esan dot eta. Nortzuk diran olako gauzak eskatuten dabezanak?

        Argiontzia ez dozu ixotu bear izango. Txaidez txaide dabiltz. Orreik ikusi gurako zeunkez?

        Erdu neurekin. Ronda txaidean dagoz olako batzuk. —Ene, Ronda txaidean, txikito bana artzeko edo? —Ez, txikitorik ez dot artzen.

        Abelgorriak lakoxe gizonak dagoz or, Ronda txaidean. Sartu gadizan etxe onetan. Etxe zaarra, ezta? Atadia be illuna. Gaizkiñak estalduteko toki bermia. Gaizkiñen tokia da izan be.

        «El Nervión». Etxe onetan izparringi antzeko orri loi ori argitalduten da. Artezkari jaun bat ei dago. Jaun dan ez dakit. Katoliko zintzoa. Emen dagozan gizonak ikusten dozuz, ezta? Ara ba, oneek umeak legetxe lortu ezin daiteken gauza bat eskuratu nai dabe.

        —Zer da gauza ori? Kapeladun gizonak orren zoroak dira?

        —Zoro ta erdi. Abertzaleak zapaldutea gura dabe. Euzkadi osoan abertzale garau bat utzi barik, garbituko ei dabez.

        —Umeak dira oneik edo zoroak?

        —Ez, ez dira umeak, baina zoroak be ez. Dongeak dira, lotsabakoak, gaizkiñak.

        —Itz gogorrak diñozuz.

        —Itz gogorrik ez dago, pizti txarra zapalduteko. Oneik gaizkiñak legetxe erail bear dira.

        —Oben andia egin dabe edo...

        —Bai, oben andiena. Uzkurtza maite dabela esaten dabe. Katolikoak dirala be azalduten dabe. Beti ona egiteko prest ei dagoz, baina guzurrez, lodarkeriz, zapokeriz ta keri guztiakaz abertzaleen aurka lan egiteko ez daukoe lebarik. Ikusi dozu orain argitaldu daben idaztiñoa? «Judaismo, Nacionalismo, Comunismo» idatzi dabe azalean. Eta barruko izki loiak, lizunen baten semea danak idatzi dauzan lerroetan, euzko abertzaletasuna judatarren txindiz ta laguntzaz zabalduten dan galbidea dala dirausku.

        Doipuruaren itzak artzen dauz geure aurka, ta gero, gizonik dongeenak idatzi dabezan itzakaz geure alako txarrikeria konponduten dabe. Izenik ez dauko ori egin dauanak. Egia esateko, aitearik daukon ez dakigu. Iruñako ertxadonetan salduten izan dabe.

        Zergaitik olako idaztiñoak? Ezer beste bide batetik ezin eta orra jo dabe gaizkiñok. Abertzaletasunaren aurka ez daukoe ezertxo ta, galduta dagozen oneik guzurrakaz urkoa atzipetu gura dabe.

        Baiña illargia eskatuten dozue, lotsabakook. Errezago lortuko zeunkee goian dabillen arto-bero edo illargi ori, abertzaletasuna zapaldu baiño. Uzkurtza zaleak dirala azalduko dabe gizon oneik. Iñori izen ona kentzea ez da katoliko baten lana.

        Agirretar Joseba Andoniren aurkako itzak be ba dira. Siongo irakasleak ei dira aldun onen botu emoilleak. El Nervión-en argitaldatu dabe idaztiño ori... Eta Prensa Catolica-tzat artuko dabe izparringi ori emakume biotzbera daukenak.

        Beste biderik ez daukoe geure aurka egiteko ta guzur bideetatik dabiltz. Geure bizitzan dedurik onena, katolikotasuna daukogunen aurka orrelako zapokeriak diñozanari burua kendu ta kito.

        Baiña zertarako larrituko gara. Arro goaz geure bidean. Aurrera goaz ta txakurrak atzean geratzen dira ausika. Ezer ezin dabe egin ta guzurra, bekaitza ta doillorkeria batzen dabez geure aurka. Ondo dagoz!

1932-VII-11

 

aurrekoa hurrengoa