www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Erdu geurera

 

        Erriko jaiak ziran, Martoloma deunaren egunak. Erriko zaindari deunaren eguna oturuntz eder bategaz baiño ez dabe ospatuten geure errietan. Bai ba, urdaillari emon bear berea.

        Baiña jaupa edo meza nagusira be joaten dira guztiak. Izlari dotoreak beti era batera goralduten dabe deuna. Croiset abearen «Vida de santos» edo irakurten dabe guztiak eta risti-rasta izpar edo barri bardiñak beti. Bolandotarren idaztiak irakurteko eroapen andia euki bear da ta.

        Erriko atsoak izlariak baiño obeto dakie zer esango dauan sermolari barriak. Orain auxe, gero bestea. Euren aulkitxoetan jezarrita dagoz ixil-ixil eta barre egiten dabe, izlariari ezer aaztuten bajako.

        —Ara, ez dau esan zelan deuna eroan eben gaizkiñen aurrera ta zer erantzun eban.

        —Bai, eta Asia aldean egin ebazan alatzak be aaztu jakoz.

        Olan diñardue atsotxoak. Jaupa dotorea izaten da, Udala etorten da ba txistu ta tanboliñagaz. Bolanderak jaurtiten dabez eta umetxo guztiak jantzi barri usaiña dakarre. Iru jauparik mezea egiten dabe. Bazkari ederra jango dabe gero erretore jaunaren etxean. An dabiltz txauburu jaunaren otseiñak edo lokak bazkaria atonduten.

        Mezea amaituten da. Udala berriro doa bere tokira, ardao zuria ta gailleta batzuk artzeko, be. Jaupariak be sakristian artzen dabe leenengo tangadea. Emakumeak arin doaz etxera, batez be zaarrak. Gazteak erriko zelaian dagoz, euren buru ganeko oialak kendu eta tolestuten. Umeak barriz, txakur-txiki guztiak eralgiten dabez barkilleru ta gozodunak etorri diralako.

        Gizonak barriketan dagoz. Au, ori ta bestea esaten. Kanpokoai be euren etxera etorteko erregututen deutsoe. Kasimiro Errotabarrikoak be orixe egin eban Josantonegaz.

        —Bai gizona, geurean jango dozu bazkaria. Zertan joango zara erriko ardandegira ba?

        —Ez. Urrengoan joango naz. Gaur ortxe jango dot ederto.

        —Ezetz, ba. Asarratuko naz ez bazatoz geurera.

        —Tira ba, ainbeste erregu egiten deustazun ezkero, zuen etxera joango naz.

        Au entzun ebanean Kasimiro larritu zan. Bai ba, alako erreguak beti dira guzurrezkoak: «Erdu geurera, antxe bazkalduko gara ta». Baiña barrutik diño: «Ez adi etorri».

        Umore txarrean para zan geure gizona ba, bere adiskideak baietz erantzun eutsonean. Trapala-trapala etxeruntz joiazan. Estratza luzea zan. Onetan Kasimirak esan eutson Josantoni:

        —Geure etxerako estratzea txarra da, an laster iztar bat apurtuko zeunke.

        —Ez dago ardurarik, orregaitik igongo naz.

        Kasimirori ez eutson ondo urten itzak. Zelan esango eutson eurenera ez etorteko? Buruan erabillazan gogai asko, baiña bat be ez eban ontzat artzen.

        Azkenean auxe esan eutson:

        —Geurean dagoan txakurrak iztar bat jango leuskio ezagututen ez dauanari.

        —Zeugaz badoa be bai?

        —Bai gizona! Batez be, jaietan bazkaritan iñor badator, laster igarten dau a ez dagoala bere tokian.

        —Txakur zuurra daukozue.

        —Zuurra da, baiña ez da gauza gaitza ori ulertzea. Ez dakizu, ba, txakurraki konbidau batek bere janaria kentzen deutsola?

        —Zer? Txakurraren janaria jango dodala uste dozu? Ez ori! Probetxo ona egin daitsula zeure bazkari ederrak! Agur! Ba noa erriko ardantegira. Antxe jango dot patxada ederrean eta.

        Kasimiro larritu zala uste dozue au entzutean? Bai zera. Aren poza ikaragarria izan zan. Etxean be edestu eban jazo jakona. Barre galantak egin ebezan guztiak egin be. Konbidauten bazaitue, ez leenengoan joan bada ezbadan be.

1932-IV-24

 

aurrekoa hurrengoa