www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Argirako

 

        Euzkadiko erritxo batean jente elizkoia daukagu. Emakumeak batez be beti eleizan sartuta dagoz. Alagalako txanagusiak emoten dabez emon be, deunen argitarako. Gizonak ostera argitarako barik, ardaotarako naiago dabez diruak.

        Orain be Luke deunaren oindian edo altarean kandela barriak imiñi bear ei dira. Emakume bakoitzak lauerleko bana emon ezkeroan, naiko litzake.

        —Zer, ba? Zuek gizonak ez dozue eralgiten nai aiña? Geuk be deunai argiak biztuten edo zer edo zertxo eralgi daikegula uste dot.

        —Eta umeak gosez. Prakak apurtuta daukodaz zuloz beterik. Inork zer esango be. Kosetxuk ostera epertxuntxurra be agirian darabil... Deunai argia diñozu, argia?

        —Siñiste bako ori, zagoz ixillik. Jaungoikoak emoten deusku eguneroko ogia ta aurrera be emongo deusku ta...

        —Tira ba. Biar igandea dalako, neronek emongo dot deunarentzat txindia. Ikusiko dozu zelan jaurtiko dodan neure emontxoa Mikel deunaren kutxara.

        Emaztea poztu zan senarraren esanagaz. Sikeran be, iñoren aurrean lotsatu bearrik ez eban eukiko. Gabean amets egin eban Mikel deunak pozik barre egiten eutsola limosnatxo aregaitik eta. An ikusi eban bere senarra oindi aurrean auspeztuta bularreko galantak artzen. Amets orrek ez eutson atsegin txarra be egin.

        Eleizako joaleak dingilin-dongolon asi zireneko, izarrik egoan geure Pepatxo.

        —Eup, Jose! Jaunaren izenean gora jaiki zaitez. Ordua da eleizara joateko ta.

        —Zer gora ta gora ez. Itxi egistazu bai? bakean, logura daukot eta.

        —Eta atzo esan zenduana noiz egingo dozu, ba? Mikel deunari txindia emongo zeuntsola ez zenduan esan ba?

        —Gora ba, ta goazen eleizara.

        Esan ebaneko jagi zan geure gizona. Aurpegia garbitu ta jantzi zan arin-arin, eleizara eldu gura ebalako.

        —Aurrerengo jarriko zara gero, e?

        —Zer, ba?

        —Orrek bestaldeko emakume lotsabako orrek esaten daualako geuk ez dogula iñoiz deunentzako txindirik emoten. Ikusi dagiala zelan emoten dozun! Asko emon gero!

        —Bai, bai, aurrean jarriko naz. Laster dozuz emen andra guztiak zeure zorionak egiten.

        Emazteak amets samurrak ebazan: «Oraingoan benetan doa. Au poza daukadana! Neure buruan ez da ikasi bearko geienetan».

        Eldu zan ba Jose eleizara ta leenengo jarlekuan jezarri zan. Elizkoia ez zan ta guztiak bere adi egozan. Jaupa edo meza ostean euren platillotxoak artuta diru eske dabiltz mutikotxoak. «San Antonioren argientzat», «San Jose argientzat». Onela ebiltzan deadarka eleiza zear. Jose egoan ondora eldu zan ba mutikotxo gaixoa. «San Mikelen argientzat» Gaixoak begi errukarriekaz begiratu eutson Joseri. Zeredozer emoteko edo be!

        —«San Mikelen argientzat».

        —I, txotxo, esaiok San Mikeleri, goixetiago joan daitela oera ta ez dauala bearko argirik. Zer argirentzat edo zer barrabas eskatuten dabe emen! Oera goizetik joan eta bakea! Orixe esaiozu deunari neure partez.

        Ikaragarrizko barre algarak egin ebazan mutikoak. Baiña Pepatxok negar egin eban entzun ebanean erriko guztiak bere lepotik barreka egozala.

        Zer egingo dozu, ba, munduko gauzak onela dira.

1931-XI-27

 

aurrekoa hurrengoa