www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Idazkia

 

        Gaztelerriko morrosko bi gudari eldu ziran geuré artera. Bilbao uri ospetsu onetan egozan. Ez ziran txarrak, baiña onak be ez. Txarrak zirala esateko modu polita, ezta?

        Euretariko batek irakurten ez ekian, besteak bai. Gauza arrigarria benetan gaztelar batek irakurten jakitea, geienak ba izkiakaz asarre dagoz. Gizon azkarrak ei dira Kastilla deritxon inguruetakoak, baiña irakurten ez dakie. Au gorabera, euzkotar astoak azten etorriko dira.

        Gudari mutillok alkarren lagun onak ziran. Txindi askorik ez eben eukiten, baiña batek ezer eukon orduan, besteari emoten eutson. Biotz gaiztodunak ez ziran.

        Nilo eritxon bati, besteari Jacinto. Nilo orrek ezkongai bat eukolako otsa be ba zan.

        Olako egun baten idazkia jaso eban. Norena zan jakin gura eban eta ez eban zabalduten. Orixe dogu benetan gauza jakingarria. Idazkia zabaldu ordukoxe zabaldu geinkena igarri gurarik gagoz.

        Nilo gaixoak zabaldu eban, luzaro egon ostean. Bere ondoan egoan Jacinto be. Onek ez ekian irakurten. Izenpea ikusi ebanean, biotzak taupada andia egin eutson Nilori.

        —Zer jazo jatzu ba?

        —Ezer be ez. Emaztegaiaren idazkia da ta.

        —Ene ba! zer diñoan jakin gura neuke.

        —Ia ba, oraintxe irakurriko deutsut baiña gauzatxo batzuk zeuk jakiterik ez neuke gura.

        —Ori gauza erreza dozu.

        Asi ziran idazkia irakurten. Onetan sartu ziran buruzagi batzuk eta ara ikusi ebezan gudari biak idazkia irakurten. Baiña zelan irakurri gero.

        —Zergatik belarriak estalduten deutsozuz lagun ori?

        —Ara ba jauna, onek ez daki irakurten eta idazki au irakurri nai deutsot.

        —Eta norena da idazkia?

        —Neure emaztegaiarena da. Baiña adiskide oni irakurri nai deutsot.

        —Eta orregaitik belarriak estalduten deutsozuz eskuakaz?

        —Bai ba, neuk gura dodanik jakin ez dagian.

        Buruzagiak egin ebezan barreak! Orrek jakiterik nai ez dozuna, ez egizu irakurri ta kito!

        —Egia da izan be! Zergatik belarriak estalduko deutsodaz ba!

        Geure gaztelar azkarra orduan konturatu zan zelan idazki bat irakurri datekean, besteak jakin barik gorde gura dozuna!

1932-V-6

 

aurrekoa hurrengoa