www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Emakume izkerak

 

        Bultzian etorri nintzan atzo erritxo batetik. Zelako egoerea, ostera, bero-berotan! Kanpoan aize otza, euria ta kaskabarra.

        Zigarro bateri gogor egiten neutson eta keak goruntz egitan ebazan zirriborro meeai begiratuten aldia igaroten neban. Kea lakorik ez dago amets egiteko. Errezaleak ondo egiten dabe euren bide luzeetan zigarrotxo batzuk erretzen.

        Baina neure amets artetik laster atera ninduen emakumetxo batzuk. Bi ziran. Dotore jantzita be ez egozan, erdiz erdi baiño. Burua estalduta eleiz zapi batzukaz. Aberatsak barik, txarto ez egozan antza aurkitu neutsen. Txir-txor, areik ekarren barriketa! Ez zan gero areen alkarrizketa edozelakoa.

        —Eta zer uste dozu ba, bizitzeak orain eskatuten dabenantz? Geurean beintzat egunean amar edo amalau lauerleko bear dozuz.

        —Geurean be orrenbeste eralgiten dogu. Janak daroagu geiena.

        —Janak, dinozu, janak? Seme bakoitzari janari desbardiña egin behar. Neskatxoak barriz, gauza meeak eta onak bakarrik jaten dauz.

        Gaur berton zer uste dozu jan dogula? Bildoski atal bana, gero lebatza ta azkenean arrautzazko postreak eta igaliak. Ardoa be ez da gero txarrena ekarten, gutxi bada be ona.

        —Bardin antzean geuk jan dogu. Oilloskoa ta bisigua. Seme txikerrak barriz, langostea jan bear dauala ta ekarri deutsot oi dalako zati bat.

        —Patatak edo lapikokorik ez dau geurean iñork jan gura...

        —Eta geure gizonak? Zitza dozu a, zitza. Bere naia egiteko be! Ez dakizu zer gertu, ez dakizu zer atsegin izango jakon. Zeira noanean an nabil gauzarik onenak erosi eziñik, baiña guztiai akatsak idoroten deutsez. Neu edozegaz ederto nago, baina etxekoak ez.

        —Neu be olakoxea nozu. Porrusalda bategaz, lapikoko puntarengo nabil.

        —Bai, geurean lapikokoa aituten badozu, ona zagoz. —Lapikoko ona ez bada ezin jan leike, jan be ta. Nik txarri anka bat edo bi, okela zati ederra, lukainka bat ta abar, sartzen deutsodaz. Olantxe jan geinke, bestela ezta ezta... —Eta igalian zer uste dozu jaten dogula? Amabiko bat edo bi egunean artu bear izaten dodaz. Olakorik! Igaliak ez dagoz merke be!

        —Oraingo umeak mizkatuak dozuz, mizkatuak. Lengoan be, oillaskoa, txarri azpikoa eta lebatza neukozan mairako. Geure umeak barriz, pertzebe batzuk bakarrik jan ebazan. Gero the ona egin neutson, txarto jarri ez eiten be.

        Barre naiko egin neban, emakumetxo oneen izketak entzutean. Nondik nora ataraten dabez oneik, orrelako jakiak jateko? Egunean ogetaka lauerleko irabazi arren be, ezin olako bizikera egin daikegu. Etxea ordaindu bear da ogeitamar ogerleko, ikatza, esnea, argia eta abar.

        Langille batzuren emakumeak ziralako antza eukoen barriz, areik. Txindirik ez dagoala entzuten dogu, baiña an edo or badago. Eskerrak alkarreri agur samurkiro egin eutsoenean, korapillo onen ertza idoro neban.

        Geltoki batera eldu gintzazanean, jagi zan bata, antxe jatsi bear ebalako.

        —Agur eta gorantziak etxekoak.

        —Mosuak umetxoari. Agur eta etorri gura dozunean geurera.

        Aldendu zaneko emakume argalena, besteak bultzian zirt-zart igi batzuk eginik, abots gogorragaz esan eban:

        —Mamala orrek uste dau, janaritzaz esan dauana siñistu dautsodala. Ondo dago, neuri guzurra sartu deustela uste badau!

        —Zeuk be ez neuri —erantun eutson besteak kanpoko leiotik.

        An izan ziran zaratak eta deadarrak entzutekoak izan ziran! Zelakoak esan eutsezan alkarreri! Guzurti, arroputz, mamala, ganorabako, koipestona, gangarra, sarjentona, gonerre. Alakorik!

        Eskerrak bultziaren otsa entzun zana. Tra-tra urten gintzazan Bilbaorantz. Laster beste zigarrotxo bat izotu neban. Emakumeen ametsak zelakoak diran oldoztuten joan nintzan.

1931-XII-10

 

aurrekoa hurrengoa