www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Illobian datza

 

        Illobian datza Kristoren gorpua ta bitartean joranez dabiltz judatarrak, arek agindu eban berpizkundea egitu ez daiten. Orra zer dagigun sarritan, gure biotzetan berpiztu ez daiten Kristoren irudia. Bere baitan dauko Josuk berpiztuteko aala, Jaungoikoarengan bat dalako, baiña gizonak ez dabe gura piztu daiten. Egia gorrotogarri jake. Baiña arerio guztiak arren, Kristo urtengo da illobitik antzezko jantziakaz.

        Zelan jazoten danentz zador ori? Kristoren berpizkundea baiño gatxagoa da gogoetan jazotzen dana. Obenak il daben biotzean zador gurena jazotzen da. Zelan? Gizonaren izatea jagoko leian, bizitzara jotea. Auldurik dagozan biotzak, samiñak minberatu dabezan barneak, bizitzaren zadorra idoro gura dabe. Eta bizitza soillik aurkitu daikegu obian datzan Kristorekin bat egitean. Illari gagoz, bizi gaitezan. Benetan zadorra! Eriotzaren otsa, ikara entzun ordukoxe ezilkortasunaren leiak, gurariak sortuten jakuz barnean. Bizi nai dogu ta gure baitan ez doguna nabarituten, Kristogan betetuten dogu. Onela iñoan Goethe olerkariak:

 

                Was mein armes Herz hir banget

                Was es zittert was verlanget

                Weis nur du, nur du allein.

 

        «Nire biotzak gura dauana, bere izaren zergaitia eta ikara gaia dana iñork ez daki, Zeuk baiño». Kristok bakarrik daki gure biotzak zeri iges egiten deutsoen, eta zerk lotu daroazan. Aultasunak bertanbera atzematen deutso indarrari. Eriotzaren aintziñean nabarituten dogu ezer ez garala ta orduan eriotza oinpetu ebanaren aurrera joten dogu. Kristoren obian, Kritoren eriotzan daurkigu betirauna. Eriotza amaia da, azkena ta ezin egon geure bizitza naiok orreri. Orregaitik Kristo berpiztu dala nabaritutean poztuten jaku barnea, geu bere bardin berpiztuko garala ulertuten dogulako. Ezin emon izango deutsogu gogoari itxaropen gorenagorik. Kristo berpiztu bazan, gu ere bardin; baiña a obian badatza, guzurrezkoa geure sinismena. Ez dago eztabaidarik. Barnean daukoguzan ezilkortasun nai oner ezer ez dira, Kristo obitik jaiki ez bazan. Biotzak zelan jasan dagike illun ori? Kristautasunak obi orretan dauko bere sustrairik gaillurrena.

1931-IV-3

 

aurrekoa hurrengoa