www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Lurlangilleak

 

        Lanbako askok lelo batera joten dabe. Uriko txaide ertzetan ugerra baiño ez dagoala ta, baserriko bakeari goralpen andiak opalduten deutsez. Keak baltzitu dauzan gizon oneik, euren begi zurbilduak zuzenduten dabez kanporantza. Itxaropen batek daroaz, urian baiño obeto biziko diralakoan baserriko bakean.

        Barneko zirkin bat izaten da beti udabarrian edo udan baserriko bizitza maiteago izatea, beste aroetan baiño. Eta zaletasun orrek bere sorburua ez ete dauko zelaietako eder tasunean, udako joritasunean, beste onura batzuetan barik? Uriko zeru baltzak azkura bizia sortuazoten dau biotzean, eta gentzaren naiak garoaz baserrira. Baiña lurlangillearen bizitza orren maitagarria ete da?

        Orain arte ederto bizi izan dira guztiak urian, irabazte naiko euki dabelako, eta baserrian egon baiño alde egin gurago izan dabe. Zergaitik gauzak aldatu dira ba?

        Lurraldeak ez dabe aldakuntzarik egin. Uriarena izanen da orduan. Jente larregi etorri baita urira, orain ezin guztiak bizi daitekez txaidean. Eta uste dabe aberastasunak kanpora iges egin dauala.

        Baiña ez dagoz artezean. Baserriko bizitzak nekerik asko eta irabazterik gitxi daukoz. Soloko lana latza, irazbaztea murritza. Eguzkia agertu baiño leen, idiak buztarturik, sorbaldan akuillua dauala, baserritarra ba doa. Eguerdiko beroak soloan ikusiko dau, baita arratsalde artizarrak be antxe kiñu egingo deutso.

        Lana egin dau, zer lortuko? Uzta elduko dan edo ez begira larri dago. Ta sarritan eskuan daukola uste dauanean, ekatxak edo arriak dana galtzen deutso. Baserritarrak bere alde gauza bakarra dauko: barneko gentza. Ez dauko kezkarik. Gitxi eukitera egin da ta gitxi orregaz pozik bizi da. Ez urikoa baizen ondo bizi dalako, ta arek aiña irabazten daualako, biotzeko bakea daukolako baiño.

        «Nekazaria ondo bizi da» askok esan daroe, baiña aren lorrai ta aren nekeai gitxik adituten deutsoe. Uzta galtzen bada, urteari begira dago ta zorrak joko dabe etxeko atea. Azkenengo sos guztiak be eralgi bearko dauz.

        Onetzaz gomutara datort igaz neure olerkari lagun batek iñoana:

 

                Kazkabar, izotz, arri ta suak,

                eman digu amaika min,

                ainbeste errenta paga dezagun

                ez dan irabaziakin.       

                Enpleatuak illeko ordaiña

                osorik dauka berekin,

                udan itzala lan egiteko,

                neguz legor ta berokin».

 

        Izango dauz bere eragozpenak langilleak, baiña baserritarrak geiago. Lurlangilleen artean balegoz iragita, untan galtzen diraneko eta laguntzak, orduan obaxe biziko, baiña gaurko egunean zerua goian eta lurra oinpean bakarrik d auke.

        Beiaren errapea legor dago, andarra baiño areago. Ardiak bee ta idiak murrusa, betetu egizu etxe utsa. Virgilik edo baserritarrentzako neurtitz politak egin ebazan, baiña gaur ez dagoz erleak zugatz bakoitzean, eztia dariola; barriz arkaitzak eta igaliak dindilizka alde orotan. Ori leen izango zan.

        Gaur ugerra franko dago alde guztietan eta lurrak gogorrak dira landuteko. Ekin ostean zeredozer atzemon ezkero, pozik. Igaliak gitxi eta eurak bestaldeko umeak jan ez dagiezan, zuur egon bear. Eztiak ostera, Alkarrian. Oneexek dira baserritarraren irabazteak. Uriko langilleak begiak arantz zuzenduten dauz, baiña olak gitxi emoten badabe, soloak ez dira joriak.

        Olerkarientzako bakarrik maitagarriak dira soloak eta olak. Ogia jan bear dabenentzat barriz, errai gogorrak. Soloan ondo bizi izan daitekela egia da, baiña ez gaur soloak dagozan eran, beste era batera baiño. Alkerreri laguntzeko txindi-kutxak balegoz, eskola geiago irakatsiko baleutsoe lurlangilleai, orduan azkura biziagoaz baserrira joango gintzakez.

        Egin zaite baserritarra, izango dozu praka zaarra.

1931-VII-22

 

aurrekoa hurrengoa