www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Idazleai

 

        —Ezin da lor au.

        —Zer dozu ba? Larri zagoz edo?

        —Larri nago, bai. Amaikatxo idazlan jasoten dodaz egunean ta ezin guztiai toki egin.

        —Zergaitik dozu urduri izan bear?

        —Zelan ez naz urduri izango ba? Idazkiak iñoiz argitaldatu dodaz eta idazleak asarre bizitan dozuz, euren lanak ez dabezalako irakurri izparringian. Egunean iru orrialde euskereari emongo bageuntso be, ez dakit tokirik izango ba geunke.

        —Gitxiak larrituten zauz.

        —Ez gitxiak. Idazle guztiak dira neuretzako bardiñak. Anai ta adiskideak. Ganera guztiak «iganderako» ipinten deutsue lerrotxoen azkenean. Zer egin?

        —Nik ba dakit zer egingo neuken...

        —Esan egistazu ta eskertuko zaitut.

        —Onentxoak argitaldu ta besteak erre.

        —Ori zeuk egingo zeunke, baiña nik ez. Txarto idatzita datozenai, apaindu bear deutsezuz, orraztu. Zigorrakaz ez dozu ezer irabaziko, eztiagaz bai ostera.

        —Eztia emon egizue idazle batzuri... Astoarentzat ez da egin eztirik.

        —Ez ona etorri gero iñor irainduten. Etxekoak ez diranentzat ondo dagoz sartakadak, baiña etxekoentzat ez.

        —Urrengoan ibilliko zara larri ta estu. Zirti-zarta otzara barrura jaurtiten badozu, bake txarra ez dozu izango.

        —Abertzale bat irainduteak min egiten deust neuri. Batzuenak otzara sakonetara jaurtiko dodaz, baiña lerrotxo bitartez azaldu gura deutsoet egite txar onen zergaitia.

        Azalpenik emon ez eta idazkiak argitaldu ezean, minduten dira idazleak eta arrazoiaz mindu be.

        —Ez neure zeure kolkoan bizi gura. Izki illunak irakurten, okerrak zuzentzen eta abar zagoz maai baten ganean. Eta zertarako lan ori? Izkerak zer irabazten dau idazle orreen lantxoakaz?

        —Zer irabazten dauan? Asko ta asko. Lan ori aberria egiteko da. Ez da naikorik? Ganera euskeraren zaindari buru dira geure idazleak. Bakoitzak aal dauana egiten dau ta asko dakianari asko eskatuten jako, ta gitxi ezjakinari. Buru argi lar dagoz gaurko egunean, baiña ez dabe gauza andirik egiten Aberriaren alde. Gaixo oneek ostera, amaikatxo lan eder dagie.

        —Zugaz txartxan jarri baiño gurago dot txaidera joan. Agur.

        —Agur ba.

        Atzo larunbatean izketa auxe euki neban adiskide bategaz. Zeuek esango dozue bide onean nor dabillan. Idazleok parkatu, asketsi, idazki guztiak argitaldu ez badodaz. Ogei dagoz neure kutxan atzeratuta. Errietan abertzaleak idazteko zaletasun bizia daukoela onek esaten deust. Orixe dikur bai, gaurko joritasunak. Aurrera.

1931-XI-29

 

aurrekoa hurrengoa