www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Irrasaioa euskeraz

 

        Euskeraz radioz lan egiteko dozuz Donostiako Euzko Gaztedikoak. Asmo au zoragarri da. Itzaren indarra urrin doa. Itzak dakarz biotzera gurariak. Baiña itzak egoak nai dauz, egaiz egiteko. Txoriak legetxe ibilli gura dau geure mintzoak.

        Zeru oztiña zear gauza ikusgarri izanen ez da zeure itzak egaizka ikustea. Bai ba! Geure abotsak ezin jaurti daikez urrunera. Baiña aurrerapen andiak dozuz laguntzale.

        Aritxo batek artzen dau zeure agoko itza ta egoak eukiko baleuzan, azkar-azkar daroa. Nora igoteko dozu mintzo ori?

        Areto barruan dago. Baiña neure abotsa mundu guztian. Uiñak edo bagak bailiran, zeruko itsaso garbian doaz itzok. Ondartzak aurkitu gura dabez.

        Eta alde guztietan dagoz jenteak, irrasaioak ekarriko dauzan izparrak entzuteko. Usoak atzemoteko, udazkenean eiztariak ez ete dozuz ikusten Lesako inguruan? Bardin dagoz orain, radioa entzuteko zai. Zabaldu daiguzan geure itzak edo usoak ba. Orain arte izkuntzarik landuenak zabaldu dabez gura izan dabezanak. Txiro gaituzulako, geuk ez dogu ezer be egin!

        Oraingo aldian gazte batzuk sutsu asi jatzuz lan eder oneri indar egiten. Euskeraren barri urrun jaurti nai dabe. Etxean sartuta ezin egon ba. Amona zaarrak egoten dira, baiña bizitza nai dabenak ez. Izkuntzak be bizi gura dau ba, ta bere egoak zabalduteko dago radioren bitartez.

        Aste onetan asiko jatzuz. Eguastenean. Francen asi ziran batzuk eta poztu ziran euzkotarrak. Aurrerapen guztiak geuk be artu daiguzan geure oiturak, abestiak, esakerak eta ipuiñak barreiatuteko.

        Radioak ba zabalkunde ederra egingo deusku, eta mailla-mailla sartuko jatzuz izpartxoak, alkarrizketak, barriketak, ipuiñak.

        Gaurko egunetan ariñen dabillenarena dozu mundua. Zenbat eta ariñago ibilli, leenago lortu gura dozuna. Tximistaren urteak dira. Beste guztiak baiño atzerago geratuko gara euzkoak?

        Ez baten. Or dozuz barre eragiten deuskuen antzerkilariak, abeslariak eurrez, olerkariak, edeslariak eta abar. Gogoetan ixillik daukoez gogai ederrak. Atara ba, kanpora. Euskara, euskara jalgi adi kanpora.

        Baserritarrak baizik ez eben leen itzik egiten euskeraz. Orain dotore dator. Jaun eta jauntxoen agoetan be entzuten dogu. Liburu apainduetan agertuten jaku. Izlari bikaiñak daukoz. Radiora joten dau gaur.

        Gizonak narruz jantzita ikusi ebazan izkuntzak, leizetan sartuta basatiak legez munduko jenteak ikusi ebazan izkuntza onek, radioren bidez mintzatu nai dau.

        Ludiaren leenengo urteak ikusi ebazan eta abotsagaz barik suaren bitartez itz egiten zala be ba daki. Mendi goietan suak piztu ta albo errietakoai dei egiten eutsoen.

        Era orduko izkuntzak il ziran. Euskerea bakarrik bizirik dago. Leizetan bizi ziran areen semeak, jaun egin eta argitu dira. Eta euskereak lagundu deutsoe ibilkunde guztietan.

        Aldakuntzarik andienak ikusi dauz. Eta mundu guztiari edestu gura deutso ele maite onek, abenda batek egin dauan alatza, milagroa. Gizaldi zear bere izkuntza zaindu dauala.

        Radioz mendiak igaro gura dauz. Ibarrak eta aranak baiño urrunago joan gura dau, bera antziña etorri zan bideak jakiteko. Asiaraiño, Aprika aldera, pizka bat biotza kiskalduteko ustez joango da. Gero Amerikara be bai. An bere semeak iñortxo baiño leenago izan ziran.

        Eta egaizka zeru zear ikustean izkuntza au, itaunduko, galdetuko dabe jenteak: nondik dator izkuntza au? Nongoa da? Mirarituko dira. Eta guztiai azalduko deutsoe bere jatorria. Mendi artean bizi dan lora baten usaiña.

        Agur izkuntza maite ori! Zoaz egaizka radio orren bitartez! Liburuak, izparringiak, itzaldiak sartu ezin diran etxeetan, sartu zadiz. Euzkoen ordez agurtu guztiak!

 

aurrekoa hurrengoa