www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Negua

 

        Neguak agur egin deusku. Aize otza inguruetan dabil, zugatzetan diran orriai atzamar gogorrakaz eldu nairik. Olerkari itunak zerura begira jarriko ziran. Ikusiko dozu zenbat bertso etorriko diran izparringi onetara, neguaren goralbenak esaten!

        Edurrak izara barriak egiten ei dauz zelaietan. Izara barriak oba txiroen etxeetan, barriz. Bertsoak egiteko asmorik ez, oldozkun sakonak bururatuteko ustea bai ostera, sortuten jat negu au ikustean. Bideetan jausten diran orbelak eta txori abi utsak, ez deuste miñik emoten. Baiña ogi bako etxeak, bai.

        Aurtengo negu onetan amaikatxo idoroko dogu. Lan ezak ez deutso iñori asketsiko. Eta otzaren dardara zegaz kenduko dabe gizakumeak? Udan bizitza errezagoa jaku, neguan baiño. Mendiak zuri dagozanean, lurrean bedar motarik ez danean eta etxean gosea dan orduan, ituna izaten da zeruko odeiak begiratutea.

        Geure kaleetan asko dira eskean, baiña oraindik geiago izango dira. Nora joko dogu, barriz? Otzaren aurka ez daño biotz samurtasuna baiño, limosna egitea baizik. Matxiñadak egiteko asmoetan, azkuretan dirala erkalar etsaiak, diñoe, baiña gudarako ez dago iñor, jatekoa ez dagoan bitartean. Buruzagi ankerra etorri jaku. Gosea dozu buruzagi au. Onen aurka nork jokatuko ete?

        Etsipetan barriz, jatekorik ez badago, bakerik be ez. Sarri esan daroat etxeko goraberak geienetan sortze au daukela. Janari gabe, gizonak eta emakumeak ez dauke umeai asikera on emoteko bakerik. Alkarren etsai dozuz. Etxe utsa, guda otsa, esaten dabe antziñako zaarrak. Egia ez danik ez dot uste. Baiña karidade andiak egiteko aldiak dira? Egungo egunetan emon ete geinke gura aiña? Ezetz, nik uste. Txindiak gitxi balio dau, baiña saltokiak edo denda eta komertzio guztiak ankaz gora dagoz. Dirudunak be bildurrez dagoz, zer jazoko danentz.

        Bakerik izateko uste gabe. Gentza eukiko dogula luzaro uste bagendu, gauzak atonduko litzakez. Gaur barriz, ez. Gaur norberak lismonea emon eta biar eskatuko badau...

        Uri andietan jente asko batu jaku. Larregi. Aberastasunak urian dagozala ta etorri dira baserrikoak eta basetxekoak. Zenbat gara uri andietan? Beredin bai. Laneza eldu danean barriz, iñor urten nai ez. Bizitza ederra, atsegintsua eroaten ikasiak dozuz geienak. Langilleak be bai. Urdaillari larregi emon deutsoe, ta urdaillak asko eskatuten dau orain. Geikeri orreik baiña, itxi bearko dira. Egunero kafea artzen oituta dagozanak, puru ederra erre ta ganera goizean edari gozoak, arratsaldean edari garratzak eta abar, itxi bearko dira.

        Urte onak joan dira, txarrak datorz. Txiro asko ikusten dan arren, geiago ikusiko doguz. Zorioneko baserritarrak, euren txokoa itxi gabe geratu diranak! Bizitzako nekeak ba dakiez zeintzuk diran, larregirik ez dabe ezagutu, baiña gaur beste mizkatuak baiño obeto bizi dira.

        Zelako ikaskizunak arazo onetan. Aberriak ez dira gurenak eta argiak, olak edo, fabrikak euki arren. Urak ekarri, urak eroan, esaten dabe. Egia. Arin datorren aberasta suna, arin doa. Lurrekoa ez. Nekazaritza deritxegu baserritarrai ta nekez saria irabazten dabe. Baiña sari orreek aberriak irozoten dauz. Negu oneri negarrez gagoz urietan. Zer egin? Adierazoko.

1931-XI-17

 

aurrekoa hurrengoa