www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Urrutizkiña

 

        Bazkunetakoak asko giñan arren, beti adiskide batzuk alkarrekin batuten giñan Batzokiko areto baten. Ezkonduak batzuk, besteak ezkongaiak, amaikatxo barre egiten genduan. Alkarregaz gengozan bitartean baiña, bati edo bati ots egiten eutsoen urrutizkiñetik.

        Ola e? orain be emakume liraiñen batek deitu deutsu. Beti castigador!

        Arrotuten zan au entzun ostean, ezkondua zan arren, bere adi emakumeak egozala jakiteak atsegin egiten eutsolako.

        Urrengo egunean be deitu eskuen batzuei. Neuri be iru edo lau bidar ots egin eusten, baiña izparringiko arazoetaz baiño ez zan. Gengozan guztioi urrutizkiñez deitu euskuen, bati ezik. Gizon ona zan, baiña itun antzean egoten zana. 1

        Geure barriketak entzuten ebazan, berak itz gitxi egiñik. Etxekoakaz ondo be ez zala konpontzen esaten eben, baiña ez zan egia. Emazte maitagarria eukon bai? eta erranak be aurpegi ona egiten eutson. Zergaitik egoan ba bekoki baltz? Berari urrutizkiñez ez eutsoelako deituten? Amaikatxo ganorabakokeri esaten genduzan geuk urrutizkiñetik, bateko ezkongaiak, besteko emakume lirain bategaz itz genduala ta. Guzurra geienetan, baina alakoxe zoroak gara.

        —Jauna, urrutizkiñetik ots egiten deutsue —batzokiko otseiñak iñoan.

        —Emakumeren bat edo izango da— barreka esaten geuntson.

        Itun egoan geure gizona. Olako baten bere etxekoai adierazo eutson jazoten zana adiskide on batek. «Ara ba, au ta au jazoten jako batzokian eta ondo litzake biar edo deituko bazeuntsoe urrutizkiñetik». «Laster ots egingo deutsogu ba, ori baiño besterik ez bada», erantzun eutson erraiñak.

        Urrengo egunean ba alkarrekin izketan gengozan, abertzaletasuna edo politika arazoak geure agoan zirala.

        Bakean gengozala, jartu zan batzokiko otseiña.

        —Emen ete dago Z tar X?

        —Bai, ementxe dago —guztiok batera erantzun genduan.

        —Urrutizkiñetik dei egiten deutsoe.

        An ziran aztrapaladak eta barreak! «Arranotan iñoiz ez deutsuela deitu? Ola! Bestela zagoz!

        Urrengo egunean be urrutizkiñetik dei egin eutsoen. Laster joan zan eta emakume arexek itz egin eutson. Auxe siñistu eziña! Nor da baiña emakume lirain ori? Abots samurragorik ez dot entzun neure bizitzan.

        Zorioneko urrutizkiñak egunero dei egiten eutson eta geure gizon ituna aldatu zan oso. Izketan amorratua zan ta iñork baiño berba geiago egiten eban. Olerki batzuk be egin ebazan. Bere emazte eta erranak ikaratuta egozan. Tamalez eutson labankeri lar egiten emazteari. Bestearen abotsak zoratuta eukon. Itz egiten ebanean, aren goralbenak ziran. Emakume lirain ori aurkitu baneu neure bizitzan. Baiña orain belu da! Ez, jarraituko deutsot berak gura dauen tokiraiño! Zelako abotsa!

        —Baiña nor dan ez dakizu?

        —Ezin dot igarri. Laster jakingo dot...

        Aste bi edo iru igaro ebazan amets atsegingarri areikaz. Aldatu jakun gizona, ta beste bat zala esango zenduan. Pozik agur egiten euskun txaide zear. Akeita artzen leenengo etortzen zan. Egunak joanda baiña, bere emazteak igarri eban ari jazoten jakona ta dei egin eutson.

        — Erdu gelara, neure amaren gelara, gauzatxo bat daukot zeuri esateko ta.

        Ikaratu zan gizona, zer zan edo be.

        —Joseba, aldatuta ikusten zaitut aspaldion —amaren aurrean esan eutson emazte aratzak.

        —Ez ba, pozik nago zeure zoriontasuna ikusten dodalako. Ez naz izango pozez ba, zeu lako emazte bat badaukot!

        —Ez dakit ba. Orain iru aste dira ta aldatuta ikusten zaitut ta. Leen ituna ziñan, gaur ostera, barritsu zabiltz. Abesten be ikusten zaitut. Olerki bi idoro dodaz zeure kutxan. «Emakume amesgarri bati» Buruan irakurri dot. Argitaldu egiskuzu zer jazoten jatzun.

        —Ezer be ez!

        —Ezertxo be ez? —samurkiro erranak itaundu eutson— Batek edo batek ez ete deutsu urrutizkiñetik deituten?

        —Ez, ez ba... —zalantzan erantzun eutson.

        —Ez, ezta? Eta batzokian zagozanean egunero neuk ez ete deutsut deituten eta neugaz ez ete dozu itz egiten.

        «Seguru» be, batzokian iñork ez ei eban jakin gertakizun au! Erranak dei egiten eutsola egunero urrutizkiñetik!

1932-II-14

 

aurrekoa hurrengoa