www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Intxaurrak

 

        Ezkontza egin bear zala ta, ezkontza eratu eben Kortabarriko eta Etxegoiko sendiak. Neska-mutillak ez ziran ezagututen, baiña gurasoak alantxe gura ebelako, eurek be pozik egozan.

        Igande baten Mungiako ardandegi koskorrean alkartu ta ezagututeko, alkarreri dei egin eutsoen. Arro-arro jantzita etorri ziran guztiak. Neskea puntillazko gonakaz eta guzti.

        —Egun on. Zelan bizi gara edo?

        —Ondo ta zeuek? Au dozue alabea ezta?

        —Bai, auxe dogu.

        —Ara Mikel, auxe dozu ezkongaia. Itz egizu beragaz. Alkar ezagutu dagizuen be. Neska-mutillak alkarreri arrera biurra egin eutsoen. Bildurrez antzo urreratu ziran. Gorrigorri eukon bere aurpegia neskeak. Mutillak be itzik ezin egian.

        —Poztuten naz zeu ezagutzeaz.

        —Neu be bai, zeu zaran ederra ikusteaz.

        Ez eben beste itzik egin geure ezkongaiok. Gurasoak ziran an guztiak. Areik rasta-rasta berba egiten eben. Zelako dotea eroango eban neskatilleak eta noiz ezkonduko ziran.

        Amak emoten eutsozan izara barriak, oe bi, lau oeganeko, azpillak, suteko tresnak. Ganera antziñako kutxa zarra be emongo eutson. Usuilla, bururako zapia ta pare bi oskin. Ez zan gitxi be. Txinditan bosteun erreal naiko izango ziran.

        Mutillari ostera idi bi ta beiak, gurdi bat, area, goldea ta astotxo bat. Txinditan askorik ezin emongo eutsoen, beste bost neba-arreba eukozalako. Millatxo bat erreal emongo eutsoezan, itxurarako be.

        Konforme ziran guztiak eta bakean bazkaria jaten asi ziran. Areen barriketak eta zeresanak!

        —Ta Kasilda, zelako iruditu jatzu ezkongaia edo? Ez da morrosko galanta?

        —Mikel berak be ez daroa edozelako neskea. Berakatza baiño be fiñagoa dozu au.

        —Bai, gurasoen antzekoak dira— an egoan batek ots egin eban.

        —Ola, ta gauza txarra al da gurasoen antzekoa izatea?

        —Ez ba, orrexegaitik esan dot...

        Jan eta edan ostean jagi ziran maaitik. Txor-txor izketan ebiltzan guztiak. Ezkongaiok alkarrekin berbarik be ez eben egin eta urreratu ziran.

        Mutillak misterioz esan eutson:

        —Kasilda, erdu ona. Gauzatxo bat daukot zeuretzako.

        —Zer gura deustazu edo?

        —Egia esango deustazu, egia?

        —Esan egizu ba, esateko ori.

        —Gustaten ete naiatzu? (Au esatean lotsaz geratu zan morroskoa).

        —Ara, erantzungo deutsut zortzi egun barru. Pentsau bear dot leenago, pentsau.

        Ondo dago. Orain artu egizu nekartsun erregalutxo au.

        —Ene! erregaluak ekarten ibilli zara?

        —Bai, eutsi.

        Eta bere sakela zabaldu eban Mikelek. Zer uste dozue emon eutsola? Amabi intxaur erregalutzat emon eutsozan emaztegaiari geure Mikel orrek.

        —Asko be ez da, baiña borondate onez ekarri dodaz. eta...

        Olantxe ezagutu ziran geure gazte apalak. Gaur sei umeren gurasoak dozuz eta pozik bizi dira.

1931-XII-23

 

aurrekoa hurrengoa