www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Baserritarren negarra

 

        Baserritarren negarra entzuten dogu oraindik. Erri zear joan gara eta alor guztiak zapalduta egozan. Zugatzen abarrak apurtuta, arto landarak orriak dindilizka, igali bat ez da geratu. Maatsak ostera, mordo bat ez dabe eukiko aurtan.

        Ederto urtea etorran eta orok pozik egozan. Aspaldiko urteetan ez dabe baserritarrak ezer batu. Legorteak geienean galtzen izan dau dana. Belardiak ebai barri egozan egun betan, laster ganbarara eroateko, baina euriak eta arriak galdu dabez. Bedarraren ordez pentsua emon bearko jake abereai. Igazko zorrak ordainduteko ustea eukoenak txarto dagoz.

        Igalitan ostera, ba dira iru milla laurlekoren kaltea jaso dabenak. Barazkiak ondatu dira. Piperrak, azak eta abar lauskiturik dagoz. Urte guztian lanean ekin, amaika izerdi bota ostean, dana galdu dabe. Nora begiratuko dabe orain lurlangille gaixoak? Ez daukoe eurak arpiderik, galkuntzaren alde egiteko. Lanbako batzuei laster sorostuten deutsoe, oneei inork ez.

        Andaluzian izan balitz galkuntza au, laster ziran andik gobernuaren ordezko pillo bat, galkuntzak neurtuteko asmoz. Emekoak ostera, zaratarik ez dabelako egiten, baztertuak dira. Geure baserritarretzaz gomutaten dira bakarrik kobrau bear danean, artean ez.

        Geure biotzak ostera, baserritarren begietan malkoak ikustean bigunduten dira. Eroapenik naiko daukoe, baiña orregaz ez dabez betetuko semeen sabelak. Aldundiak soroztuten ez badauz, urte gorria izango dabe. Lurlangille gaixoai agintza andiak egiten deutsoezenak auteskunde aurrean, orain ezer ez diñoe. Ez daukoez itzai jarraitu bear deutsoezan eginkizunak. Baiña onela aurrera ezin ibilli geintekez. Ikaskizun andiak ikusten dira olako lorretan. Zor zaarra, lor txarra, esan daroe antziñakoak. Gure baserritarrak barriz, zor zaarrak daukoz.

        Lanik egiten ez dabenak ezer euki ez egitea, ez da ikaragarri. Egunero barriz, egunsentiagaz batera sortuta lanean diñarduenak ogi zati bat euki ez egitea, ezin jasan geinke euzkoak.

        Atzerritar lanbakoai laguntzen deutsoegu arpide andiakin, geure anaiai bere lagundu bearko.

        Asi Amorebieta eta Bakioren artean zenbat geratu dira itxaropen barik. Igali landarak billozik dagoz, ez sagarrik eta ez madaririk. Gariak laster batzeko ordua zan arren, lurpean dagoz etzunik. Artoak ganora barik.

        Negu gorria etorriko da eta abereak ez dabe bedar legorrik eukiko. Zenbat zor egin bear lurlangilleak. Aurten ordainduko ebazala zor asko uste eban, ederra etorrelako, baiña zor andiagoak egingo.

        Aldundiak bitartean, itzik ez diño onetzaz. Atzerrian jazo balitz lorrau, laster ziran emengo izparringiak zeruari deadarka. Orain ezer ez. Tamalez ez dauko baserritarrak abertzalerik baiño laguntzaille, besteak ederto urian sartuta dagoz ardura andi barik.

        Ixillean sufriduten dabez oiñaze ta lorrak, baiña beartuta gagoz lor oneik inori erakusten bere. Jakin dagiezala orok. Baserritar gaixoak negar dagi.

1931-VII-7

 

aurrekoa hurrengoa