www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Ostikolariak

 

        —Espaiñarrak galdu dabe ostikoketa. Au tamala! Nork esango olakorik! Baiña zazpi tantu sartuko eutsezanik uste izan dozue? Egun au lotsagarria geuretzako!

        Alakoxe izkerak entzuten izan dodaz txaidean. Atzo gazteak eta zaarrak beste itzik ez eben erabilli. Neure kolkorako niñoan: Baiña zer jazo da ba? Nortzuk geratu dira zazpi ta bat? Euzkaltzaleak edo ete izan dira auteskunde baten olan geratu diranak? Zazpi ta bat! Toki guztietan lelo bardiña. Zer zan ez nekian eta urbildu nintzakon adiskide bateri ta bildurrez itaundu neutson:

        —I, nortzuk geratu dozak zazpi ta bat, ba?

        —Aitaren eta semearen! Olakorik! Zoratu ete az? Baiña ez ete dakik zer jazo doan? Non bizi az edo? Ixil egon adi, ixillik, iñork jakiten bajok...

        Larritu nintzan gauza ikaragarriren bat jazo ete zanentz, neuk ostera ezer jakin ez egiteagaitik.

        —Kanpotik ibilli nok eta —adiskideari erantzun neutson, guzur biribilla zan arren.

        —England eta Espaiñako ostikoketa izan dok, mutil, eta espaiñarrai zazo sarean sartu jeutsoezak. Nork siñistu ori?

        —Eta orregaitik abil larri-larri. Ori baño ez ete dok jazo? Jente guztia zoro antzean jabiltzak, ostikoketa kontuak dirala ta?

        —Zer ba? Gauza kaskarra dok ala? I odeietan bizi az.

        —Orretaraiñokoa dokanik ez joat uste ba. Neurriz artuten joadazak nik gauzak. Ostikoketa dokala ta, larri. Eta abertzalea az i?

        —Bai orixe! Zer ba? Ez dakit zer nokan?

        —Abertzalea izan eta Espaiñako ostikolariak partidu ori galdu dabelako zeruari deadar? Zer ardura dok orregaitik? Irabazi zein galdu, bardin dok guretzako.       

        —Ez joat oldoztu be egin. Egia diñok.

        —Ez joat egia esango, ba! Abertzaleak ostikoketa arazoak baiño andiagorik bajaukaguk. Beste zeregiñik ez jaukoenak, sartu bedizak olako gauzetan.

        —Bertoko semeak balitzozak be, baiña erdiak kanpokoak dozak. Ganera «Equipo Español» izenagaz joan dozak. Euzkadiko semeai ardurarik ez jeuskuk izan bear.

        Neure laguna aldendu zan ixillik. Egia esan nebalako edo. Ez dakit siñistu be eustan ardurarik ez nebala nabarituten ostikoketa arazoagaitik, baiña itz gogorrik ez eustan jardetsi.

        Zorioneko ostikolariak! Beste arazorik ez dala munduan oldoztu geinke. Ganera abertzaletasunari gaitz andiak egiten jatorku auxe. Gazteak alde batera itxiten dabe abertzaletasuna, erriaren pizkundea. Guztia ostikoka egitean igaroten dabe. Ondo dagoz kirolak eta kirolzalea naz. Baiña neurriz artuten dodaz. Neure gorputzari on egiten badeutsoe, aizea artzeko, osasunari indar emoteko, pozik artzen dodaz. Baiña ludiko gauza garrantzitsuena balitz, ostikoketa ta kirolak ez dodaz artzen. Diktadura aldiak zazpi urte iraun baeban, kirolakaitik izan zan. Gazteak zoratuta bizi ziran kirolakaz. Aldi ederra galduten dogu zorioneko kirolakaz. Eta etxekoak balitzaz be, baiña espaiñatarrak galdu dabelako negar anpuluka! Non dago geure burua? Zoratuta gagoz. Ardura barik artuten badogu olako gauzea, zorotzat gaukoez ostera. England eta Espaiñako ostikolariak emongo deuskue aurrerakuntza, argia eta aberastasuna. Zeregin asko ez daukoe olako gauzetan dabiltzan gizonak. Ostikoketa burruka orreik laster kenduko neukez nik, aal baneu. Kirolak barriz, erri orotan jarriko neukez, osasunerako orreek baitiralako.

1931-XII-11

 

aurrekoa hurrengoa