www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Iruzurra

 

        Bidasoa ertzetatik Espaiña barrura gauza askotxo sartzen dirala, guztiok dakigu. Kontrabandistak zuurrak dira gero. Euzkotarrak dirala badiñogu, zuurrak dirala esango dogu.

        Gaur seda pillo galanta ei dakarre kontrabandista batzuk.

        —Entzun dot zeredozer, baiña ez dakit ba.

        Onela izketan jardun eben mikelete bik. Barrabanak ei ziran ba karabineroak eta! Gizon orreek ei ziran kontrabandistarik gorrienak. Gipuzkoako jagole oneik ostera zuur egozan, besteai tunda andi bat emoteko. Bide ertzetan jarri ziran mikelete aldrak eta notin bakoitzari burutik oinetaraiño azterketak egiten eutsoezan. Alakorik! Iñondik iñora ez eben sedarik idoroten. Beste bide batzuetatik joan ete ziran ba? Mendiak igaroteko ez egoan egun argi. Errekak ostera, urez beterik joiazan eta gauza erreza ez zan kontrabandistak Albogain ondotik bage beste zidorretatik joatea.

        Egonak zeredozer onik ekarten dau bai?, eta an egozan gazteak. Ordu bat, ordu bi. Alperrik baiña.

        —I, ez dok gurdi bat ikusten an urrenean?

        —Bai, antxe jatorrek, baiña galtsua jakark, besterik ez.

        —Zer jakarken ikusiko joguk. Baserritarrok ez dozak makalak gero, gizon argiak baiño. Leengo batean ilkutxa batean ez ebezan igaro bonbil batzuk edo?

        Gurdia geldiro aurrera etorren: Astirik naiko eukolako edo. Bide ertzetan mikelete batzuk egozan. —Eta gizon, zer dakark gurdian ba?

        —Zer uste dozue, ba? Urregorria dakardala? Ez, ba. Ona neuretzako urrea ekarriko baneu orain!

        —Galtsua ekarteko ordua dozu ala?

        —Bear dan gauzea ekarteko ordurik ba dago ala? Ez ba. Gosea ez da guzurrakaz kenduten ezta?, eta geure etxeko abereak ez dauke besterik auxe baiño.

        —Ederto, zoaz aurrera. Eta itauntxo bat: ez ete dozuz ikusi or bidean kontrabandista batzuk edo?

        —Ezta, orreek gau txoriak dira. Ez dira edozein tokitan idoroten.

        Leenengo mikelete orreik itxi eutsoen bakean. Bigarrenak ostera, zuurragoak ziran. Arek ez egozan kokolo-mikolo egin eta.

        —Kaixo morrosko!

        —Gabon. Erre gura dozue edo?

        —Ez ba. Naiko erre dogu. Ganera or dakarzun galtsuak sua artuko baleu, laster autsa biurtuko litzake.

        —Bai eta —bigarren mikeleteak— azpian dakarzun sedeak...

        —Bai, azpian koplak. Karabiñeru asko dago or bide ertzetan sedak igaroteko. Oba izango litzake guztiontzat orreik ez balegoz. Barrabasaren semeak dira. Betiko loak atrapauko al dauz!

        —Tira ba, asarre andia agertuten dozu karabiñeru gaixoen aurka.

        —Bueno, arin ibilli bear dot. Aurrera joango naz edo ez? Zer gura dozue?

        —Itxo, itxo. Emen galtsua ikusten dogun arren, azpi ezer danentz begiratu bear dogu.

        Esan orduko mikelete orreik asi ziran dana ikusten. Galtsua kendu eben eta gurdi azpian zer idoro ebela us dozue?

        Alakorik! Azpiko sedak zainduten karabiñeru etorzan. Ikaratuta geratu ziran geure mikelete gaixoak. Urrengoan be bide ertzetan egon bearko eben luzaro baserritarren begira.

1931-XI-3

 

aurrekoa hurrengoa