www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Olak ikusten

 

        Olak (fábrica) ikusten izan eta itun urten naz. Ketan egozan tximiñiak. Eta orruka, txakur bailiran, langilleak ikusi dodaz. Itz onik ez dot euren agoetan entzun. Biraoak eurrez sortzen izan jakez ostera. Begi maltzurrez betestu nabe, euren lorrak nerau bidetzaz baleukean.

        Burniak saldatan laprast joiazan eta labako sugarrak gorrituten izan dauz alde guztiak. Inpernuan antzo, bakerik ez dauko langilleak. Lanari egozan, baiña barnean griña txarrak erne. Nork dongetu ete dau langille gaixoaren gogoa? Munduko arazoetan ez dauko zorionik, bestekoetan ez dauko itxaropenik. Izerdiz lurrean irabazten dauanak ez deutso zeruko aterik zabalduko, eroapen bage, Jaungoiko bage lan dagialako.

        Ketan tximiñia guztiak dagoz eta zerua estalduten deutse oneik. Leenago Euzkadiko aranetatik argi ikusten zan ortze garbia, orain keak dana illundu daroa ta langilleak ezin ikusi dabe zerurik. Oletako burni otsak ostenduten deutse kanpaiaren otsa, otoi egiteko orduan. Ez zerutik eta ez otoirik, dana galdu dau txindi apur baten ordez.

        Euzko langille gaixoa, arrotzakin batuta ibilli zara eta orain euskotarra barik kanpokoa dirudizu. Ez da errua zeurea bakarrik izan, zeugana iñork ez dau eldu gura izan bata. Lanari beti egon zara, ta zeure gogo orren ardurarik iñork ez dau euki. Jaramonik ez deutsee egin anaiak, bitartean otsoak inguruan ibilli jatzuz.

        Eta zer aurreratu dozu? Ezer ez. Bakean bizi bazintzan, gitxiak naikotuten zenduzala, orain asko zaletuten dozu, iñoiz lortuko ez dozuna nai zenduke, ta orrexek minduko zaitu. Etxe garbia zeukon leen, gaur ostera, gortea_dirudi zeure bizitokiak. Semeak azteko ez dakizu zer egin, ke artean, txaide artean, murrin eta erkin azten diralako.

        Zelaiko gentza, bizitza baketsua oba danik ez dozu uste. Ganera arrotzai lotuta zagoz, areik esaten dabena egin bear dozu. Zuk ez zenduan biraorik jaurtiten. Jaungoikoaren itzalak jagoten zinduzan eta gaur ostera, itz onik ez dakizu. Munduko gauzetan gitxi irabazi dozu, arrotzak zeuri ezer emon baiño gurago dabelako euretarrai lagundu. Burutik zagoz iñoren bazkide egiten bazara. Oletan indartsuenak irabaziko dau aal dauana ta zu bakarrik zagoz geienetan, bazkide zaran arren arrotzakin.

        Zeure anaiakana jo egizu. Lan gitxi dagoala diñoe, baiña kanpokoentzako badago, zergaitik zeuk urten bear dozu? Besteak sozialistak diralako? Bazkun batean indartu zaite, baiña bazkun ori bedi zeurea, ez iñorena. Zeu nagusi izango zarana, ez iñor.

        Olak ikusten izan eta itun urten naz. Ez dago eroapenik, ez dago bakerik. Lanik egin gabe irabazi gura leuke orok, biotzean lera txarrak sortu jakez. Ez Jaungoikorik, ez munduko itxaropenik. Ez da arritzekoa komunistak bazkide asko batzen badabez. Inork ez dagi gure artean langillean aldeko lanik. Itz onakin ez dogu ezer egingo. Arazo gurenak sortzen dira gizarteko artuemonetan, onei bideak egin eta idoro bear deutseguez. Barriro langilleak ikusi dagiala keak zear zeru urdiña, oletako burni otsak arren, entzun dagiala kanpaiaren gedarra. Gizarteko eziñak ez dira arteztuko, gizonen biotzak baretuteko ez badira, justiziz arazoak ebagiten ez badira. Orra oletan ikasi dodana. Ara sarriro goazen, gure anaiak dagoz laguntza eske ta.

Euzkadi. 1931-V-22

 

aurrekoa hurrengoa