www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Unamunoren otsak

 

        —Unamuno nor dan ete dakizu?

        —Zer uste dozu, edozein gizonen abizenak dakiguzala baserritarrak? Nor dan jakiteko, azaldu egiskuzuz Euzkadiren alde egin dauzan gauza on guztiak.

        —Euzko erriaren alde ezer ez dauan egin arren, gizon ain altsua dozu Unamuno jauna. Espaiñatarrak beintzat goralduten dabe eta geure auzoko orreik ez dira zaletuak edonor aintzatuten.

        —Unamunok baiña, sekulan ikertu dauz geure erriak, langilleai itz egin ete deutsue, lurlangilleekin egon ete da?

        —Ez, orrelakorik ez dau egin; baiña idatzi dauz.

        —Ja, ja... idaztiak idaztea gauza erreza dozu; gizarteko arazoak aztertutea osterea, ez da ain gauza argia. Astakeri asko esatea aiña erreza da idaztea. Baiña erriak igitu nai diranean, itzakaz barik egiñakaz etorri bear zara.

        —Idazlari orrek ainbat egin dau erriaren alde bere. Beocia Euzkadiri deitu eutson, gero baserritarrak iñongo atzeratuak eta iñondiko liaduak egin euskuzan. Dana ostera, «El Sol»ek diñoan legez, geure onerako.

        —Bai, geure onerako izango da, baiña euzko erria betiko amaituta balego, pozik legoke jaun ori. Orrek ez daki zenbat balio daben geure gogoak, zelan ezagutu gurarik ez dau nabaritu ta. Idazlaria izan arren, ez dau iñork ezagututen erria udako ikertaldi bat egiñagaz batera. Urteak berton daroaguzanok bere oraindik ez dogu ikutu Euzkadiren guna.

        —Ikusten da zeuk ez dozuzala irakurten Unamunoren idaztiak. Zelako muiña euki daroen. Gaur berton irakurri dot Espaiñako izparringi baten artikulu bat eta biotza bigunduta geratu jat.

        —Zertaz jardun doa, ba?

        —Pardo deritxon esparruko «matriarcales encinas castellanas» Ikusten joan jatzu Unamuno eta arteak dirala ta, zelako itzak idatzi dabezan...

        —Gero... arteak ikertatzen, txarriak joaten dira kuzkurra jaten edo...

        —Ori bere esan deutsu, txarriak: komunistak. Quijote, Gernikako aretza eta ez dakit nik zenbat gauza ekarri dauzan idaztera.

        —Ederto jagok. Arteak ikustera joan eta kuzkurra jan. Unamuno jaunak ondo egingo dau bere bizian geure artera etorri ez egitea, ango «matriarcales encinas» artean bestela biziko dalako.

        —Geuri bere lantzean beiñean kuzkur batzuk bialduko deuskuz. Beociakoak orretarikorik jaten ez daben arren, pozik artzen dabezalako gaztelarren emonak.

        —Leengoan Euzko Araudiaren aurka egin eben eta gaur kuzkurretzaz jardun dau berriz. Zer ikusirik ete daukoe Euzko Araudiak eta kuzkurrak edo ezkurrak?

        —Bai arranotan. Unamuno joan jatzu Pardoko arteak ikustera euzkoentzat ezkur edo kuzkur pilo bat batzera. Bezuza ederra bere abendakoentzat. Baiña gu beintzat ez gara joan kuzkur billa, ori bakarrik jaun argiai otuten jake.

        —Bai ba. Euzko Lege gaiagaz bere errian arrotza bailitzan artuko ei leukee eta ezkurrak jan ezkero geure antza artuko dau. Nik esan dot gizon gurena dala ori. Similis similen querit.

        —«El Sol»ek ikusi dau Unamuno ezkurrak batzen ei Pardo-n baiña ostera ez dauz ikusi euzko gizonak Gernikan batuta. Tamala da eguzkiak ori baiño argi geiago euki ez egitea.

        —Unamunori, ostera, dei egin bageuntso bazkari bat egiteko, laster «El Sol»en lerro guztiak baltziturik etorriko ziran. Goralduko genduezan olako aurreratuak garalako. Erriaren onerako batzean, ostera, ezer ez gara.

1931-VIII-15

 

aurrekoa hurrengoa