www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

On egin

 

        Adiskide on bati mesede egitea baizen gauza atseginkorrik ez daukozu. Neure eskuan bada, pozik mesede ori egiten deutsot. Izan be sari ona dogu geure adiskidetasunari opalpen bat egitea.

        Baiña sarri ori egoki-egoki dadintzat, ondo betestu bear doguz zelako mesedeak egiten doguzan. Sarri ba mesedeak geure aurka edo ala biurtzen dira. Ezetz? Irakurri egizu emen idatziko dodana. Egia osoa dozu.

        Ezkongaietan nenbillan neska lirain batekin. Eta beste ezkongai ziran gazte bi etorten ziran geurekin. Neure adiskide ona zan bai? eta ondo alkar artzen genduan.

        Jonek egun baten esan eustan:

        —Neure emaztegaiaren argazki edo fotografi bat euki gura neuke etxean.

        —Ori ez dozu gauza zailla ba.

        —Bai, neuretzat gauza gatxa da benetan, etxekoak ez dabelako neskatilla orren argazkirik ikusi gura izango.

        —Eroan ez ta kitu.

        —Baiña, ara zelan polito egin geinken gura dodan au...

        —Esan egistazu ta orduan jakingo dogu.

        —Zeure emaztegaia nor dan ez dakie neure etxekoak.

        —Ez, nor dan ez dakie. Ni ezkondua banaz be ez dakielako.

        —Ederto ba. Neure emaztegaiagaz argazki bat atarako dogu ta zeure izenpeagaz edo dedikatoria bategaz neure etxera eroango dot.

        Etxekoai esango deutset zeure emaztea dala. Olantxe begi aurrean eukiko dot emaztegaiaren argazkia.

        —Ori baiño ez bada, deitu egiozu argazkiak ataraten dauzan bati eta ementxe amaituko dogu argazkia.

        Esan baiño leen, ara eldu jakun argazkiak ataraten ebillan bat eta neure adiskidearen emaztegaiakin atara eustan argazki on bat. Gero imiñi neutson izenpe on bat onelan. «Arkaritar Jon, neure adiskide onari opalduten deutsoe senar-emazteak, euren argazkian». Berebiziko iruzurra zan auxe!

        Etxekoak arin itaundu eutsoen nor zan neskatilla.

        —Ara ba ama, auxe da neure adiskide baten emaztea.

        —Neskatilla polita da.

        Jonek egun alaitsuak igaro ebazan bere etxean eukolako ba emaztegaiaren argazkia. Etxekoak ez eben uste izan tranparik egoala. Baiña munduko gauzak ez dira lurrerako. Txerrenak edo Jaungoikoak, ez dakit nork, neure emaztegaiaren aitea eroan eben bein Jonen etxera. Nere adiskidearen aitea ta neure emaztegaiaren aita ezagututen ziran. Alkarrekin itxaso zear ibilli ziran ta.

        Laster ezkonduteko nengoan. Baimena be eskatutu geunkon. Ikaratu zan neure aitagiñarreba izatekoa zana.

        —Norena dozue argazki au? —itaundu eutsoen.

        —Ori ba X... jaunarena da. Bere emazteagaz dago.

        —X... jaunaren emaztea au dala ziur dakizue?

        —Bai orixe! Or atzean dauko bere izenpea ba.

        Neure aitagiñarreba izango zanak ikusi ta irakurri eban bein ta birritan argazkiaren atzean egoan izenpea.

        —Ondo dago, ondo dago. Ezkonduta barik ezkongaia zala ta neukon mutil au.

        Jonen etxetik urten zanean zuzendu zan bere etxera ba. Eta zoritxarrez bere etxean an nengoan. Amagiñarreba be neurekin egoan. Pozik izketan gengozanean sartu zan aitagiñarreba. Umore txarra ekarren, baiña ez neutson igarri zergaitik.

        Izketan jarraitu genduan eta gaba zalako agur egin neutsen. Atera lagundu eustan. Pozik ni. Aitagiñarrebak lagunduten eustala ateraiño ta barrua alaitu jatan.

        Baiña atean beste berbarik izan barik auxe entzun neban:

        —Geiagotan sartzen bazara neure etxean, burua kenduko deutsut. Baten ezkondutea ez ete jatzu naiko izan ala? Azalpenik asko emon neutson, baiña alperrik. Alabea uritik urrun eroan eben ta betiko galdu neban. Zoritxarreko gizon ez banaz!

1932-IV-13

 

aurrekoa hurrengoa