www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Endore jauna

 

        —Endore jauna bear dogu. Nor baiña jarriko ete? Arlote bakoitzik ba dago erri onetan! Endore izateko barik artajorran ibilteko obeak dozuz.

        —Gizon asko dagoz eta batek edo batek balioko dau endoretzat be.

        —Zeuk edo?

        —Neuk ez, etxean be nagusi barik, menpeko nazalako. Iñoren agindua egin bear dot nik, iñorena, neurea barik.

        —Emakume prakaduna ezta?

        —Prakarik ez dauko, baina bigotea bai. Bizarkentzale bateri lan asko emoten deutso. Astean bi bidar kenduten dau bere bizarra.

        —Tira, tira, zeure emaztearen bizarrari bakean itxi dagiogun eta endorea nor izango dan erabagi dagigun. Ziñegotziak garan ezkero, erriaren onari begiratu bear deutsogu. Anton zaarra edo ona izango litzake?

        —Anton zarra ez, zorrez beterik dagoalako. Aren sakelean zorrik ez eta udaletxean bai jazoko litzakelako.

        —Peru bere ez da gizon txarra, baiña...

        —Bai, baiña ardaotan edango leuke upela bete. Amaikatxo oturuntz edo bankete egingo geunke erriaren lepotik.

        —Errian ez dago iñor, au ezkero, endore izatekorik.

        —Batzarra egin dagigun eta antxe erabagiko dogu ondoen.

        Gure ziñegotzi argiak deitu eutsoen erriko guztiai ta batzar galanta batu zan. Baiña abade ikasten edo ibilli zar barrabasa be an egoan. Onek ixillean entzuten ebazan gaixo arein izketak. Azeri txarra ez zan, azeri txarra. Guztiak ba etxera joatea erabagi eben. Ordu erdi bat etxean egin ostean barriz bakoitzak urtengo ebala eta leenengo erriko Eleizan egoan kanpai andia joten ebana, axe izango zan endore. Txalotu eben guztiak erabaki au. Tripili-trapala etxeratu ziran. Baiña abadegai barrabasa ez zan lotan geratu. Neu ez nok izango ezta?, ta ikusiko dozue zelako endorea eukiko dozuen. Asto zentailleak, ez dozue merezi gauza onik, zuek, jan eta porrot egiteko baiño ez zareelako.

        Arinka eldu zan eleizpera ta esku bete bedar lotu ebazan kanpaiaren sokatik. Bee barik goitxo ipiñi eban soka ori.

        Iges egin laster batean eta ostondu zan eleizpe ertzean. Andik ordu laurden ingurura kanpai otsa entzuten zan. Dingilin-dongolon, dingilin-dongolon. Ortxe dago geure endore jauna. Nor ete da leenengo kanpai jotera eldu dana? Arnas estuka guztiak etorzan, bakoitzak endore izan gura ebalako.

        —Kendu deuste peste orreik endore izatea. Zuur ez naz egon ala? Bai orixe, zuur egon naz neu baiño leenago inor eldu ez daiten, eta kanpaia jo dabela. Burua be zorotuko jat.

        Ango aztrapalak eta korrikak! Guztiak eldu ziran eleizpera ta antxe egoan endore izateko zana.

        —Nor, baina?

        —Nor? Bartolo zaarraren astoa! Bedarra ikusi eban bai? eta arin joan zan jaten. Sokari tira ta tira, endore izatera eldu zan.

        Ikaratuta geratu ziran errikoak. Ordurik ona esanak:

        Endore bear dozu?

        Janaria ipiñi egiozu.

1931-XII-5

 

aurrekoa hurrengoa