www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Gai barik

 

        Arraintzan amorratua Joseba auzokoa. Igande goizetan zarata andiak izaten dira euren etxean.

        —Gosaria gertau deustazue edo? Sua be ixotu barik oindikarren? Lotsarik be ez daukozue, lotsarik be ! Arrain asko ekartea atsegin jatzue gero?

        —Zagoz ixillik gizona, emen daukozu gosaria prest eta.

        —Arin urten gura neuke ta...

        —Eguerdirako ostera lukainka bi, tortillatxo bat, lebatza ta igaliak ipini deutsudaz. Ardoa bonbillatxo baten daukozu.

        —Ederto dago, andratxo, ederto! Ikusiko dozu zelako arraiñak ekarriko dodazan.

        —Ez dakit ba arraiñik ekarriko dozun, baiña bai oidalako jakiak daroazuzala. Ez zara txarto bizi, zeure arraintza kontuakaz.

        —Ez ikaratu, danerako atarako dogulako. Mungiako ibaira noa bai? eta an diran arrankari ederrenak ekarriko deutsudaz. Aste guztirako janaria eukiko dogu. Okelarik ez arraiñik ez dozu zeiatik ekarri bearko.

        —Ea ba ekarten dozunentz askotxo, gero?

        —Agur. Ba noa arin be arin, bultzia artu dagidan be. Bultzi arek arin egiten dau.

        —Ba daroazuz gauza guztiak gero?

        —Bai. Ementxe daukodaz janariak, beste sakel orretan edaria. An barriz oiñetako batzuk. Ez dot ezer uts egingo

        Tripi-trapa urten zan bere etxetik. Askao txaide zear laster eldu zan Mungiako geltokira. Sartu zan bultzian eta dri-dra dri-dra an joian goizeko ozkirritan. Erandi-Goikoa, Asua ta Artebakarra inguruetan eiztarien tiroak entzuten ziran. Artatxori bat ikusi ordukoxe, milla eiztari urtetzen dira Bilbaotik. Txakur zuurrak, ausika ebiltzan. Eta bultziaren kea zeruan ikusten zan luzaro, goizeko laiño artean ez zelako ostenduten.

        Bizkargi ganetik agiri zan eguzki argia. Landa zabaletan beiak eta idiak egozan bedarra jaten. Esne saltzen dabiltzanak beean ikusten ziran euren kaikutxoakaz.

        Txori—Erriko landak baizen ederrik ez dago iñon, batez be goizalde argietan. Zoratuta joian geure arrantzale argia be. Leioko leiarrak laiñoa eukolako edo, idigi ebazan guztiz. Baiña atsotxo batek mesedez zarratu egiala eskatu eutson.

        Mungiara eldu zaneko, tripi-trapa abiatu zan ibaira. Maketo antzeko batzuk be urgarisoak atrapaten edo, an etorzan. Arraintzan etorzanak baiño geiago ziran eiztariak. opatxo bana artu eben, barrua poztuteko be...

        Eta geure Joseba arro-arro muna ertz batera joan zan. Erreka ertzean altzak dagoz, zumel eta bedarrak. Angira asko dagoela diñoe, baina ez arrankaririk. Josebari ardura ez eutsun ezerk be. Jezarri zan patxada ederrean, atara eban lukainka mustur bat eta ardaotxo gozoagaz ondo jarri zan. Rist-rast, gora ta bera, uretan loiñak ebiltzan. Arein zillarrezko ziztak ikusgarriak ziran. Barre egiten geure gizonak: Laster jausiko zaree, laster; ibilli orain, ibili, gero neure sakelean artuko zaituet eta!...

        —Eta zer dakarzu ba? Arrain asko edo?

        —Zagoz ixillik andrea, zagoz ixillik...

        —Zer jazo jatzu ba? Ezbearren bat...

        —Amuak eta kainaberea ez jataz aiztu ba! Apareju barik joan naz, etxean dana itzita!

1931-XII-20

 

aurrekoa hurrengoa