www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Buruko miña

 

        —Zer jazoten jatzu aspaldion? Artega gaukozuz zeure buruko miñak dirala ta ez dirala. Itxuraz barriz, ez daukazu antz txarra.

        —Zagoz ixillik, Josepa, zagoz ixillik! Nireak egin dau. Jakan nabil, iztarrok joan eziñik, eskuak luzatu jataz, begiak zorroztu, matraillak zurbildu, ezpanak zuritu,

        bularrak txikitu, uleak jausi, eta soin guztia auldu, otzitu, argaldu eta ezereztu.

        —Ene bada! Ez daukozuz samintasun txikerrak be sorbaldan, esan dozuzanok badaukazuz. Baiña non dozu oiñazerik gorriena?

        —Buruan, ezin igitu daiket bururik, orratzakaz zulatu deustela dirudit eta. Zori txarrean nabil.

        —Osakai batzuk aurkitu bearko doguz ba, osatu edo sanotu zaitezan. Orrela ezin aurrera iraun geinkelako. Emakume batek zeregin andiak daukoz etxean eta gaixorik zagozan artean dana alde batera lagata daukazu.

        —Ori esan egizu ba. Neure etxeak ez dauko etxearen antza be, ezta urrik be.

        —Eta osagilleak zer esaten deutsue, ba? Ez dauke osakairik? Jaten zer agindu deutsue?

        —Arrautzak eta opiltxo beroak jaten dodaz. Esnea be bai. Natilla apur bat ez jat txarto etorten. Edari gozo batzuk be atsegin jataz. Ardao zuria edo jereza goizetan, eguerdian be klarete tragotxo batzuk. Arratsaldean txokolatetxoa gozoakaz artzen dot. On egiten deustala uste dot. Gabean be gauzatxo fiñak jaten dodaz. Oillaskoa, txoriak edo, gizonak badakarz eta okela bigunak.

        —Ez zara txarto be bizi gero! Eta orrelako gauzak erosteko txinditan be eralgiko dozu askotxo, ezta? —Ondamendia auxe jaku! Osatuko banintz ostera. Erremediorik ez ete dakizu zeuk?

        —Bai, erremedio batzuk ba dakidaz, baiña salneurri andikoak dozuz. Zeure gizonagaz leenago egon gura neuke. Karuegi diralako edo, ez dakit atsegin izango jakozan.

        —Ezta, gixajoak neuk gura dodana egiten itxiten deust eta.

        Barriketaldi au euki ostean, Josepak eta emakume gaixo-izunak Martolori agertu eutsozan zelako erremedioak bear ebazan bere emazteak. Buruko miñik kalabazarik arek ez eukon, aitzakiak ziralako guztiak.

        —Itxi egistazu bai, eta neuk laster osatuko dot ori.

        —Baiña zelan osatuko dozu zeuk ba? Antziñatik txarto badago?

        —Orren koplak laster kenduko dodaz. Neu be emakumea nazana ez dakizu ala? Olako txarpatxoak ondo dakidaz. Baiña ara, neuk eroango dodazan osakaiak karuak dirala esango deutsazu; bere onerako diran ezkero, barriz, zeuk ontzat artu dozuzala. Injeziño batzuk emongo deutsodaz uragaz bakarrik. Karuak diralako autua baiña, sarri esan bear jako.

        Esan eta egin, urrengo egunean eldu zan geure Josepa bonbiltxo batzuk eskuetan ebazala. Agur eta agua maitekorrak alkarreri egin eutsoezan.

        —Eta badakarzuz ala? —itaundu eutson gizonak—, emen dago neure emazte on au buruko miñakaz. Esan deutsot osakai karuak dirala dakarzuzan oneek, baiña pozik ordainduko dodazala onerako bajakoz.

        —Bai, ementxe dakardaz, Mari maite ori. Karuak diran arren, osatuko zabez. Ez bildurrik euki, injeziño batzuk dira. Bakoitzak ogerleko asko balio dabenak. Oneetariko bat artzen dozu ezta? ta iru egunerako ondo zagoz, buruko miñik ez koplarik ez dozu sentiduko.

        —Eta zelan emongo deustazuez ba? Bildur be ba naz... —Ara, besoak erantzi egizuz bái? eta ortixek ondoen artuko dozuz.

        Gizona, gaixoa eta Josepa alkarrekin larri ta artega ebiltzan injeziño garrantzitsuak emoteko egozan ba ta. Mari gaixoak besoak erakutsi ebazanean rik-rik sartu eutson injeziño ori. Ai ene ta ai ene! asi zan gaixoa, baiña alperrik. Sartu eutsoen osakai ederra. Andik ordu erdi barrura bestela ei egoan Mari andrea. Olan be, zelako bakean egoan. Buruko min barik.

        —Milla esker zeuri Josepa laztan orreri osakai eu ekarri dozulako.

        Olantxe zortzi egunean emon eutsoezan urezko injeziñoak eta geure gaixoak buruko miñik ez eban nabarituten. Olako baten gizonak ots egin eutson.

        —Mari, ondo zagozala orain diñozu ezta? Jan bearko dozuz ba, gaztaiñak eta indabak eta gaiñerakoak, besteok jaten doguzan legetxe. Koplak baiño ez dozuz euki.

        —Ene, olakorik esatea be. Eta artu dodazan osakaiak ezer ez badot euki, zergaitik ekarri deustazuz ba?

        —Ba dakigu zer izan diran zeure injeziñoak? Ur utsa. Uragaz osatu zara!

        Zortzi kolorek aurpegira urten eutsoen. Josepa atrapau baleu, eskuetan berton erailgo eban. Aren amorrua!

1931-X-28

 

aurrekoa hurrengoa