www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Idazlea

 

        Illargi ederra ikusten zan lorategian eta zeruko izarrak zugatzean kiñu egiten eben. Bake zoragarria sentiten zan alde guztietan. Loren usain bigunak joten ebazan Karla eta bere emazte zan Pilare. Antxe egozan urruti aldera adi. Itz ez eben egiten, zerura begira egozan eta.

        —Lo zagoz, Pilare?

        —Ez, itzarrik nago, baiña amesetan egiten dot. Ez dakit jazoten jatan.

        —Zergaitik ez ete zoaz zeure gelara ba? Antxe atsenduko zara.

        —Zoaz nai badozu, ementxe nago ederto illargi beteari adi.

        —Ba noa, ba. Otzak ez deust onik egiten.

        Eta joan zan Karla. Bere emaztea geratu zan lorategian eta amets egiten eban. Begiak zeru urdiñean eukozan. Zegaitik orren itun? Berak be ezin igarri izan eban.

        Idazle ospetsu bategaz ezkondu zan, irakurgaietan irakurten ebazan gauza ederrak sentidu nairik. Karlaren idaztietan agertzen diran maitaleak eta jazoerak ikaragarriak ziran

        Gizona barik idazlea maitatu eban. Alako idaztiak ebazan gizona maitagarria izan bear. Mundurik mundu ibilliko zan, toki guztiak ikusten. Eta ez jan eta ez edan beti zoro baten antzean ibilliko zan alde danetatik. Amets onek ezkonduazo eban, baiña idazlea beste gizonak lakoa zala ikusi eban. Goizean jagiten zan oetik, gosaldu ostean idazten jarten zan. Gero bazkalduten zan, akeita artu, abaro egin eta gaberarte idazten iñarduan.

        Nekegarri egiten jakon Pilareri bizitza a. Zoratuta bizi gura eban. Irakurgai bateko andereñoa edo izan gura eban. Baiña etxean ez eban ikusten ezer be. Eta urrun joateko asmoa sortu jakon. Betiko aldendu etxetik.

        Sartu zan bere senarraren gelara ta lotan egoan. Lotan idazle ospetsu a. Nork siñistuko eban alakorik. Jazki lodi bat artu ta urten zan etxetik. Landak eta aranak zear joian. Gau gardena zan eta ugarisoen karkarkarrak entzuten ziran.

        Ibilli ta ibilli aintzira ondora etorri zan eta an lamiñak bailiran dantzan ebiltzan lorak, aizearen mosura. Gau zoriontsu aretan benetan nabaritu zan irakurgai bateko anderea.

        Eta gabeko lilluragarri aiekaz arin baiño ariñago etxera itzuli zan. Urrengo egunean bere senarrari guztia esateko asmoa eroian. Oi zelako idaztia egingo eban gauza areikaz.

        Bizitza nasai billa doian emakumearen larriak, izentzat jarriko eutson idaztiari. Gabero urten bear eban ba, urrengo egunean guztia edestuteko.

        Senarrak entzun eta entzun egiten eban.

        —Baiña noiz idatziko dozuz neure jazoerak ba?

        —Zagoz bakean, egingo dodaz eta.

        —Benetan izango da irakurgai zoragarria egingo dozun ori. Gabeko illazkara emakume bat bakarrik zelai zear abesten, abesten. Aintzira urdiña bere ondoan eta gautxoriak gaiz. Noiz olakorik ikusi edo entzun dozu gero?

        —Ez, gauza ederrak dira idazlari batentzat.

        —Ea ba laster egiten dozun.

        Eta egin be egin eban. Ots egin eutson emazteari ta ingi pillo bat eskuetan ipiñi ostean, esan eutson:

        — Tori, zeure irakurgai ori.

        —Ene bada, auxe poza.

        Zabaldu eban lenengo ingia ta ona zer irakurri eban:

        «Emakume zoro baten ibilketak» Ikerearen ikerea eskuetatik jausi jakon ingi pilloa. Irakurgai bat idazteko gai billa ibilli ta zoratzat artu bera. Senarrak igarri ebazan aren gogaiak eta esan eutson labankiro:

        —Idazteko ez da zoroaren eran ibilli bear, biotzera sarritan jo baiño. Barruan idoroko dozuz irakurgairik ederrenak, beste guztiak guzurra baiño ez diralako.

1932-I-27

 

aurrekoa hurrengoa