www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azalpenak
Estepan Urkiaga, «Lauaxeta»
1931-1935, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azalpenak, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Jon Kortazarren edizioa). Labayru, 1982

 

 

aurrekoa hurrengoa

Antzokira

 

        Neskatilla polita zan eta bere atzean baten baiño geiagotan joan nintzan. Aren begi ederrak biotzeragiño sartu jatazan. Itz egin gura izaten neutson, baiña itz egin barik beragandik aldenduten nintzan.

        Olako baten neure lagun batek nor nintzan azaldu eutson. «Poztuten naz zeu ezagutzeaz». «Neure bizitzako egunik ederrena auxe izan dala uste dot nik...».

        Andik egun batzuk, aurkitu gintzan egurastokian. Agur bana zinkatu ta aurrera egin genduan. Neure burutik ezin kendu barriz neskatilla aren begiak. Eta zelako biotza ete eukon gero? Aren begiak biotza be ona eukola erakusten eben. Apurka-apurka asi gintzan ba itz egiten be. Egun baten rasta esan eustan:

        —Antzokira zergaitik ez naroazu? Zeu zaran gizona izan eta antzokira egun baten ez nozu eroango?

        —Zeuk gura dozunean...

        —Biar?

        —Biar ba. Arratsaldeko iruretan itxarongo zaitut txaide ertzean.

        Egun aretan itaundu neutson izparringiko buruari antzokirako sarrerarik eukonentz. Baietz ba. Ekarri egistazuz bi... Bi ez daukodaz, bat baiño. Tori. Artu neban eskuetan, baiña beste bat bear nebar ba. Neskatillagaz joateko beste bat bear...

        Adiskide bateri eskatu neutson antzokirako sarrera. Emon eustan berea. Pozik nengoan eta urrengo egunez joan nintzan antzokira. Neskatillea an egoan. Neure ikara antzoki barruan sarrera bat aulkirako ta bestea «oillotegirako» zirala igarri nebanean. Lotsaz neskatilla joan zan aulki ederrera ta neu oillotegira. Andik ez neban entzun ezertxo be.

        Bitarteko baten gozoak saltzen dira antzoki aurrean eta joan gintzan ara. Zaldun baten antzera portau gura neban ba ta...

        Laurleko bat bakarrik neukon sakelean. Besterik ezer be ez. Tira ba, neskatilleak ezer eskatu baiño leen, neuk eskatuko dodaz gozo batzuk, niñoan kolkorako. Olantxe laur leko baten gozakiak erosi ta kito. Zaldun eran geratuko naz. Eldu gintzan gozoak egozan tokira. Lau gozo edo pastel... eskatu nebazan.

        —Ez, nik ez dot gura gozorik —erantzun eban neskatillak.

        —Zer gura dozu ba?

        —Radio txol edo kopatxo bat eta Royal gozoak gura dodaz.

        Izerdi beroa urteten asi jatan. Ene bada ta zer balioko ete eben gauza areik! Sakelera sartu nebazan lau bidar be neure eskuak, baiña an ez zan besterik aurkituten laurleko bakarra.

        —Edari orrek gatx egingo deutsu.

        —Ez, neuri gatxik ez deust ezerk be egiten —barreka erantzun eustan.

        Atara ebazan geure serbitzariak edari ta gozoak. «Zenbat dira» itaundu neutsan eta bereala entzun neban: «Amar laurleko».

        Zeruak eta lurrak zelako itzulketak egin eustezan! Oraindik azkeneko ondartxoa edaten egoan neskatilla ta bertan bera itxi neban. Txaide zear txerrenak daroan gizona baino ariñago galdu nintzan. Ez nabe beingoan aurkituko!

        Neskatillaren begiak eta itzak ordutik ona ez jatazan atsegingarri. Olako ordurik ez dot neure bizian igaro!

1932-IV-3

 

aurrekoa hurrengoa